ESAITek Kopako finalera eramango du aldarria

Partidaren egunean Madrilen egon litezkeen probokazioei muzin egiteko eskatu die zaleei iritzi taldeak

Bilbo
2012ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Athleticek eta Bartzelonak hilaren 25ean jokatuko duten Espainiako Kopako finalaren atarian, Euskal Herriko, Kataluniako eta Galiziako selekzioen aldeko aldarria Madrilgo kaleetara iritsiko da. ESAIT Euskal Selekzioaren aldeko iritzi taldearen eta Kataluniako zein Galiziako selekzioen aldeko plataformek bultzatuko dute. «Gure selekzio nazionalen aldarrikapena egiteko aukera paregabea dela uste dugu, eta hori irudikatzeko deia egin nahi dugu», azaldu du Martxel Toledo ESAITeko kideak deialdiaren aurkezpenean.

Eragile eta herritarrek kalean egingo duten aldarrikapena ez da bakarra izango, erakundeetara ere iritsiko baita. «Galiziako, Kataluniako eta Nafarroako parlamentuetara zein Gasteizko Legebiltzarrera mozio edo legeak ez diren proposamenak eramango ditugu», aurreratu du Iñigo Santxo ESAITeko abokatuak. Era berean, hilaren 21ean Espainiako Diputatuen Kongresuan egingo dute agerraldia, eta hainbat alderdiren babesa jasotzea espero dute. Hainbat plataformak Espainiako Gobernuari eskatuko diote selekzioek modu ofizialean lehiatzeko duten eskubidea onartu eta errespetatuz joka dezatela, «joko zikinik» gabe, eta «kirolarien borondatea errespetatuz».

Ekitaldi ugari

Euskal Herriak eta Kataluniakaldarri bera dutela erakutsi nahi dute plataformek. Gauzak hala, maiatzaren 25erako antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzeko eskatu du Toledok. Hiru helburu dituzte. Aurrenekoa Kataluniako, Galiziako eta Euskal Herriko ikurrei dagokie: «Bete ditzagun Vicente Calderon eta inguruak gure herrialdeetako sinbologiarekin». Bigarrena, ofizialtasunari: «Ukatzaileen ikurra, hau da, Espainiako ereserkia jotzen dutenean aldarrikapen zaratatsua egiten». Eta hirugarrena, zaleen jarrerari: bi taldeetako jarraitzaileen arteko argazki erraldoia atera nahi dutelako. Era berean, zaleei egon daitezkeen «probokazioei» muzin egiteko esan diete, egun horretarako falangistek Madrilen deitu duten manifestaldiaren harira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.