Zentsura

Ertzaintzak San Mamesen jarraitzaile bati Donetskeko bandera kendu izana salatu dute

Dozenaka jarraitzailek animazio harmailetatik alde egin zuten larunbatean, Poliziaren ekintzarengatik protesta egiteko.

Ertzainzak kendutako Donetskeko bandera, Errusiako arranoarekin, eskuinean. Larunbatean, San Mamesen. BERRIA
2022ko urriaren 17a
08:48
Entzun

Atheticek Atletico Madrilen aurka larunbatean jokaturiko partidan, harmailetan egon ziren arretaguneetako bat. Animazio harmailan zeuden jarraitzaileen artean, Donetskeko errepublikako bandera bat astindu zuen batek. Ertzaintza harengana joan zen, bandera kendu zion, eta identifikatu egin zuen. Ukrainatik independente zela deklaratu zuen errepublika horrek 2014an, eta irailean Errusiako Federazioan sartzea erabaki zuten erreferendumean parte hartu zutenek.

Zerrenda beltza, urdina eta gorria ditu banderak, eta Errusiako armarriko buru biko arranoa. Ertzaintzak jarraitzaileei esan zien bandera hori kendu egingo zuela, hain zuzen, kiroleko indarkeria, arrazakeria, xenofobia eta intolerantzia legeak debekatu egiten duelako «indarkeria bultzatzen duten» ikurrak erakustea.

Jarraitzaileek plantoarekin erantzun zioten Ertzaintzaren esku hartzeari. Dozenaka atera egin ziren animazio harmailatik.

Euskal Herria-Donbass Elkartasun Komiteak Ertzaintzaren jokabidea salatu zuen atzo. Futbol zelaietan azken hilabeteotan Ukrainako banderak arazorik gabe erakusten ari dira, eta Donetskeko errepublikarena zentsuratu izana gaitzetsi dute.

Gogoratu dute Donbassko herritarrei elkartasuna adierazteko taldeak 2014. urtetik daudela antolaturik Euskal Herrian, eta besteak beste San Mamesen «arazorik gabe» adierazi dutela orain arte. Errusiak otsailean Ukraina inbaditu ostean, berriz, «diskurtso bakarra» ezarri dutela salatu dute.

«Gogoratu behar dugu Athleticen partida guztietan Ukrainako bandera bat dugula markagailuaren aldameneko pantailan. Noski, inoiz ez dira agertu Libiakoak, Yemengoak edo Palestinakoak». Edonola ere, Vladimir Putin Errusiako presidentea defendatzeko asmorik ez dutela nabarmendu dute: «Errusiako eta Donbasseko ezkerrak» uste duela Errusiaren «esku hartzea» askoz lehenago egin behar zela, adierazi dute oharrean, eskualdeotako herritarren «bizitzak salbatzeko».

2014az geroztik, gerra egon da Donbass eskualdean, Donetskeko eta Luhanskeko herri errepublikak aldarrikatu dituzten errusiazaleen eta Euromaidan mugimenduaren ondoren Ukrainan dagoen gobernuen artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.