Istiluak izan dira, beste behin, futbolaren jiran. Ertzaintzak hiru lagun atxilotu ditu goizaldean Donostian, PAOKeko zale bati eraso egitea leporatuta. Atzo jokatu zuen Realak Greziako taldearen aurka, Europa ligako ligaxkako azken partidan. Partida amaitu ondoren gertatu dira istiluak, goizeko ordu biak aldera, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Atxilotuek 28, 20 eta 19 urte dituzte.
Antza, gizon bat argazkiak ateratzen ari zen Alde Zaharrean, eta hiru lagun gerturatu dira harengana. Jatorria galdetu, eta erantzun die Greziakoa dela, eta Realaren eta PAOKen arteko neurketarengatik dagoela Donostian. Ertzaintzaren arabera, hori entzundakoan, lagunetako batek kristalezko botila batekin buruan jo du PAOKeko zalea. Ihesari eman diote jarraian, eta beste kristalezko botila bat eta piztutako bengala bat jaurti dizkiote.
Istilua gertatu den lekutik gertu gelditu eta atxilotu ditu Ertzaintzak hiru lagunak. Komisarian daude, epailearen esku uzteko zain.
Zauritutako greziarra osasun zentro batean artatu dute, eta salaketa jarri du gero. Ez du lesio larririk.