Mikel Jauregik hilabete batzuk baino ez zituen igaro Errusian entrenatzaile lanetan. 2012ko udan fitxatu zuen Spartak Moskuk Unai Emery, eta, Valentzian egin zuten bezala, elkarrekin aritu ziren lanean Errusian ere. Urtea bukatzerako bidali zituen klubak kalera, baina Jauregik nahikoa izan zuen hango futbolari argazki zehatza ateratzeko. Ondo ezagutzen du Errusiako futbola, eta hainbat datu eman ditu. Kafe bero baten bueltan, Errusiako futbolaren hoztasuna xehetu du, besteak beste.
Beti esan izan da Errusiako jokalaria ez dela lehiakorra. Hala al da?
Bai. Hango errealitatea ez dator bat handik kanpokoarekin. Beste futbol egitura bat da Errusiakoa, hainbat faktore direla tarteko, eta kanpora jokatzera ateratzen direnean, selekzioarekin esaterako, arrotza zaie beste errealitate berri hori.
Zein dira faktore horiek?
Batetik, eguraldia dago, klima. Errusian ohituta daude elurrarekin eta hotzarekin jokatzen. Egoera horretan sendoak dira, baina kanpoan ez, klima erabat ezberdina zaielako. Bestetik, ligaren antolaketa dago. Errusiako liga 1992an sortu zen, eta martxotik azarora da lehiaketa. Zati batean ondo daude, sasoian, Europakoak dena emanda ez dabiltzanean, baina Europakoak bete-betean daudenean, eurak ez. Gerora, lehiaketan egutegia aldatu egin zuten: ekainean hasi, abenduan geratu eta martxoan hasi berriz. Bi denboraldi-aurre egiten dituzte horrela, Europakoen pare ibiltzeko. Aldatu arren, Europako ligen aldean ezberdina da, eta antzeman egiten dute jokalariek gero, selekzioen txapelketetan, esaterako. Arxavinen kasua oso esanguratsua da. Sekulako jauzia egin zuen 2008ko Eurokopan, baina sasoi aldetik bete-betean harrapatu zuelako. Gero, behera egin du, eta, besteak beste, arrazoi horregatik izan da, ez duelako orduko sasoi puntu bera hartu.
Ligak behartuta, Errusiako jokalari kopuru batek beti egon behar du zelaian. Horrek lehiari ez al dio indarra kentzen?
Bai. Hori da beste faktoreetako bat. Errusiako jokalaria indartzeko da neurria edo araua, baina edozeinek jokatzeko arriskua ere hor dago, maila ona ez dutenek alegia, eta horrek ahuldu egiten du lehiaketaren maila.
Zenbat fitxa daude Errusian?
Gutxi. 140 milioi biztanle daudela kontuan izanda, fitxa gutxi dira. Espainian daudenen pare, gutxi gorabehera, eta alderatu bi herrialdeen azalera. Fitxa gutxi egotearen arrazoia klima da, neurri batean. Bi Errusia daude futbolean; Uraletatik Moskurainokoa da bat. Ekaterinburgo muga izanik, eta Uraletatik Siberiarainokoa bestea. Bigarren pusketa horretan 40 milioi biztanle daude, baina oso jokalari gutxi. Ia urte osoan zero azpiko tenperatura izaten dute, eta ezin dute futbolean jokatu kanpoan. Siberia alde horretan ez da kirol nagusia, ezin da izan, klima baldintzak ez direlako aldekoak. Beste Errusian bada kirol nagusia.
Zale asko joaten al da partidetara?
Oso jende gutxi joaten da futbolera. 20.000koa du batez bestekoa Spartakek, eta harena da kopuru handiena; atera kontuak. Eguraldiak ez du laguntzen joateko. Gainera, zaleak oso sutsuak dira, eta ez da segurua futbolera joatea; aulkiak hartu eta bota egiten dituzte zale gogorrenek, adibidez; ondorioz, umeekin ez dira joaten gurasoak... Berogailurik ez dutezelaietan, erabat irekiak dira... Hotz handia egiten du. Edanda joaten da jendea, kamisetarik gabe egoten diren zale horiek lepo beteta joaten dira, mozkortuta... Sarrerak oso merke egonagatik, jendea ez da joaten.
Gero, Errusiatik kanpo, zalez gainezka dauden zelaietan lehiatu behar dute, ordea, eta ez daude ohituta, agian?
Hori da. Ez dira lehiatzen beste herrialdeetako baldintza berdinetan. Eta, alde horretatik, bi talderen kasua aipatzekoa da. Terek Grozny eta Anzhiko jokalariek ez dira beren hirietan entrenatzen, Txetxenian eta Dagestanen, egoera politikoagatik. Moskun bizi dira Anzhikoak, eta han entrenatzen dira, eta Majatxkhalara joaten dira jokatzera. Groznyn ere gauza bera gertatzen da: jokatzera bakarrik joaten dira. Bizi ere kanpoan bizi dira Terekekoak. Ez da Europako errealitatea. Europa da, baina ez du zerikusirik hemen ezagutzen dugunarekin.
Oligarkiak sartuta daude hango futbolean. Zer eragin izan du horrek?
Dirua horrela sartu da futbolean, oligarkien bidez, edo, bestela, gobernuek finantzatu dituzte talde batzuk: Terek eta Anzhi, esaterako. Terekeko presidentea Txetxeniako errepublikako presidentea da. Kirola erakusleihoa da haientzat. Baina egitura ahula da klubena; azken batean, eraginpean daude garai bakoitzean zein dagoen, dirua zeinek jartzen duen... Dena baldintzatzen du horrek. Anzhiko presidente Suleiman Kerimovek 20 milioi euro eman zizkion urteko Samuel Etoori; munduan gehien irabazten zuen jokalaria izan zen. Orain, egoera aldatu egin da. Ez dute ezer irabazi, Kerimoven enpresa gaizki doa, eta jokalariak saldu behar izan ditu. Ondorioz, Bigarren Mailara jaitsi da taldea.
Selekzioari dagokionez, duela sei urte, Guus Hiddinken jokatzeko eredu irekiarekin, finalerdietarako sailkatu zen Eurokopan. Orain, Fabio Capellorekin, bestelakoa da eredua, itxia. Zeinekin moldatzen dira hobeto jokalariak?
Diziplina gustatzen zaie, eta, alde horretatik, Capellorekin eroso daude. Behar dute norbaitek dena esatea, diziplinara ohituta daude. Capellori errespetua diote. Hiddink irekiagoa da, eta harekin ere ondo moldatu ziren; hala da hori ere.
Diziplina aipatu duzu, baina badira jokalari batzuk lotzen zailak, ezta?
Bai. Bereziak dira Errusiako jokalariak. Xirokov dela onena esaten da, baina, nire ustez, badira hobeak [azkenean ez da ariko, min hartu baitu lagunarteko partida batean]. 27 urterekin profesional egin zen. 20rekin FC Moskuk fitxatu zuen, eta utzi egin zion Bigarren Mailako talde bati, Istrari. Bada, bi hilabetez desagertuta egon zen, inork ez zekien non zegoen. Parrandan eta zurrutean ibili zen tarte horretan. FC Moskura itzuli zen, baina alkoholarekin arazoak zeuzkan, eta ez zuen hartu nahi izan. Bigarren Mailako hainbat taldetan ibili eta gero, 27 urterekin Zenitek fitxatu zuen. Iskanbila handiak eragin ditu. Zeniten ere sekulakoak egin izan ditu. FC Krasnodarren egon da utzita sasoi honetan, Luciano Spalleti entrenatzailea jo egin zuelako.
Arxavinek ere berezi ospea du.
Andrei Arxavin ere berezia da. Uste dut emaztearengandik banandu eta dirurik gabe geratu dela. Igor Denisov ere horrelakoa da. Hulk eta Axel Witsel Zenitera heldu zirenean, Denisovek sekulakoak esan zituen, bi horiek ez zutela Messiren mailarik, eta ezin zutela kobratu dirutzarik. Gazteekin entrenatzera bidali zuten, eta, harekin, Alekasandr Kerzhakov aurrelaria ere bai, Igor Denisoven hitzekin bat egiteagatik. Denisov Anzhira saldu zuten, eta sasoi honetan Dinamo Moskun bukatu du. Horrelakoek ez dute lekurik hemengo taldeetan. Alan Dzagoevek ere badu istorio bat: aurkari bat egurtu zuen partida batean, eta zigor gogorra jaso zuen. Hego Amerikako jokalari batzuen antzeko biografia dute. Basatiak dira alde horretatik. Ez dut esango profesionalak ez direnik, baina bereziak dira. Funtzionario izaera daukate, erraz konformatzen dira dutenarekin.
Zer lan egin dezake?
Lan ona egin dezakeela uste dut. Oso hamaikako ona dauka. Jokalari onak dira Denisov, Dzagoev... Aleksandr Kokorin dago gero, fina jokalaria, baina gatz pixka bat falta zaiona. Kerzhakov aurrelaria aipatu egin behar da. Alekasndr Samedov hegalean ona da. Viktor Faizulin ere ona da. Yuri Zhirkov ere taldean dago, Chelseako ohia. Eta bi zentralak, beteranoak, Berezutzki eta Ignaxevitx onak dira, gogorrak.
Brasilgo Munduko Kopa. H multzoa. Mikel Jauregi. Entrenatzailea
«Errusiako futbolaria erraz konformatzen da duenarekin»
Ondo ezagutzen du Errusiako futbola. Unai Emery entrenatzailearen laguntzaile ibili zen Spartak Mosku taldean, 2012-2013ko denboraldiaren hasieran. Lehiakortasunik eza ikusten die hango jokalariei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu