Markel Bergara. Realeko jokalaria

«Errurik gabe Jagobari ari zaizkio egiten kritikak; gu gara emaitzen erantzule»

Sailkapenean bost puntu besterik ez eta, arduratuta daudela aitortu du Bergarak. Hala ere, gai ikusten du taldea egoerari buelta emateko, eta gakoa partidetan lehen gola sartzea dela iritzi dio. Oraindik ere helburua Europa dela nabarmendu du.

GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2014ko urriaren 12a
00:00
Entzun
Ez dago buruari bueltaka eta kezkatuta egoteko une egokirik, baina Realari ez zaio une oso aproposean egokitu bi asteko atsedenaldia. Noiz, eta sasoi hasiera oso zail baten ostean. «Hurrengo partida jokatzeko desiratzen gaude. Oso luze egiten ari zaigu etenaldia», aitortu du Markel Bergarak (Elgoibar, Gipuzkoa, 1986). Ez da harritzekoa. Minutu on batzuk jokatu arren Realak ez baitu talde sendo baten itxurarik eman. Ezta inondik ere. Dena den, «baikor» dago erdilaria aurrera begira. «Egingo dugun guztia hobera egingo dugu».

Asteon Zubietan izan denak ongi jakingo du ez zaudetela aldarte oso onean.

Alderantzizko egoeran gaude: triste eta burumakur. Oraindik ere min egiten digu Espanyolen zelaian galdu genuela oroitzeak. Etxerako bidaia oso gogorra izan zen. Aste gogorra izan dugu; bideo saioak eta hausnarketak besterik ez dugu egin, eta jada Getaferi irabazteko gogoz gaude. Hori da orain dugun erronka nagusia.

Halere, hobe presarik ez izatea, ezta?

Partida bat galtzen denean ahalik eta lasterren jokatu nahi izaten da hurrengoa, gauzak konpontzeko. Onartu beharra dago, hala ere, une zailean gaudela, eta, hotzean pentsatuta, uste dut ongi etorri zaigula bi asteko atsedena. Autokritika egin dugu, makina bat hitzaldi ere izan ditugu, eta akatsak zuzentzen ahalegindu gara.

Zer hausnartu duzue gehienbat?

Unean uneko akatsetan zentratu gara. Lehen minutuetan jasotako gol horiek erabat baldintzatu dizkigute partidak, eta zuhurragoak izan behar dugu arlo horretan. Gola sartzeko ere arazoak izan ditugu. Guztia kate bat da, azken finean. Golik sartzen ez baduzu eta jaso bai, atzetik jartzen zara, eta gero gerokoak. Talde sendo baten traza hartu beharra daukagu lehenbailehen.

Atzetik hasteak zer ekartzen dizue?

Konfiantza galtzen dugu, eta berriro ere zera pentsatzen dugu geure artean: «Lehengo lepotik daukagu burua oraindik. Hainbeste hausnarketa eta lan saio, honetarako!». Beldurrak jokatzea gauzarik txarrenetakoa da futbolari batentzat. Dinamika hori aldatzen badugu, berehala iritsiko zaizkigu aldeko emaitzak.

Zazpi partida jokatu, eta zazpietan jaso duzue lehen gola. Kasualitatea ala kausalitatea da?

Kausalitatea, zalantzarik gabe. Bizpahiru aldiz soilik gertatu izan balitzaigu, tira, baina zazpi bider egin dugu estropezu harri berarekin. Horren motiboak asko izan daitezke. Nire iritziz, faktore askok eragiten dute. Batean zortea falta izan zaigula, bestean defentsako akats batek kondenatu gaituela porrotera... Aitzakia asko jar genitzake. Arrazoi bategatik edo besteagatik, ez dugu lortu aurrea hartzerik, eta hori da aldatu beharreko lehen gauza.

Taldeak kasta eta odol falta omen du.

Bakoitza libre da nahi duena esateko. Era batera edo bestera, mota guztietako iritziak sortzen dira, eta gure parte da horiek onartzea. Halere, nire iritzia emateko eskubidean nago, eta uste dut arazoa odol falta izango balitz aspalditik zuzenduta egongo zela egungo egoera. Gu beti zelairatzen gara daukagun guztia ematera.

Jokatzen ari zareten sistema berriari ere kritika bat baino gehiago egin dizkiote. Zer diozu gai horretaz?

Ditxosozko sistemari behar baino garrantzi handiagoa ari garela ematen. Emaitzek lagundu izan balute, sistema ez genukeen kontuan hartu ere egingo. Baina, tira, hori ere futbolaren parte da. Nire ustez, sistemaren gainetik jokalariok gaude, eta gu gara gertatzen ari den guztiaren erantzule. Sistemen kontu hori ongi etor dakiguke aurkariaren arabera, baina jokalariok bihurtu behar dugu sistema positibo.

Beraz, zilegi da esatea jokalariok ez zaretela ari behar zenuketen maila ematen?

Hain justu, uste dut horixe dela arazoa. Emaitzek ez digute mesederik egiten, eta, konfiantza falta zaigunez, eman dezakegun mailatik urrun gaude jokalari guztiok. Denboraldi hasieran sistema aldaketa nabariagoa izan zen, eta egia da orain jokatzen ari garen era gehiago gerturatzen dela iragan sasoikora. Baina arazoa ez da sistema. Izenik ez dut aipatu nahi, kolektiboki ari baikara huts egiten. Eta, inolako errurik gabe, Jagobari [Jagoba Arrasate] ari zaizkio kritikak egiten, baina gu gara emaitzen erantzule.

Ia denen begitan, dena den, entrenatzailea dago. Zer moduz ikusten duzu? Arduratuta ikusten duzu?

Jokalariok bezala, arduratuta eta bere buruari gehiago eskatu nahian dabil. Realaren gidaritza hartu zuenetik unerik zailenean dago, eta normala da kezkati egotea. Oso normala ere. Bai berak eta bai jokalariok gehiago eman nahi dugu, eta bat eginda soilik lortuko dugu hori. Talde osoak erabateko konfiantza du entrenatzailearengan, eta ziur nago aurrera aterako garela. Egoera zailagoak gainditu izan ditugu.

Sare sozialetan gero eta oihartzun handiagoa hartzen ari da Arrasateren dimisio eskaera.

Tontakeriak dira horiek. Besterik ez. Nik ez daukat ez Twitter ez Facebook konturik, eta hobe. Saiatzen naiz burbuila horretatik kanpo egoten. Pertsona publikoak izaki, normala da jendeak bere iritziak plazaratzea, baina gu ezin gara horretan zentratu. Egunero lan egiten dugu elkarrekin, eta badakigu zertarako gai garen. Konfiantza daukagu geure buruarengan.

Gustura al zaude egiten ari zaren lanarekin?

Nahiko gustura, bai. Arraro sentitu izan naiz sarri, ongi jokatu eta galtzea egokitu baitzaigu. Aldageletara joan eta pentsatu izan dut: «Merezimenduak egin ditugu, bada, irabazteko!». Baina taldea dinamika txarrean sarturik dago, eta hobetu beharra daukagu. Horretarako gaitasuna sobera daukagu.

Arrasatek konfiantza osoa du zugan, baina zelai erdiko gainerako jokalariak kili-kolo dabiltza. Esteban Granero, esaterako, zer moduz ikusten duzu?

Bere onena eman ezinda dabil. Halere, fitxaketa oso ona da. Lan saioetan ikusten zaio ezberdina dela. Pintzelkada harrigarriak erakusten ditu, eta maila onenera itzuliko da. Gainera, etxeko baten jarrera du, eta oso umila da.

Ruben Pardo eta David Zurutuza ere erregulartasunik gabe ari dira.

Pardok presio handia izan du gaztetatik, eta denbora eman behar zaio. Aparteko dohainak ditu. Zurutuza, berriz, ondo dagoenean Realeko onena da. Real Madrilen aurka erakustaldia egin zuen. Gai fisiko eta tekniko izugarriak ditu. Erregulartasuna behar du.

Jon Gaztañaga ere ate-joka dabil. Lehiakortasun horrek beldurrik ematen dizu?

Ez, sekulako poza ematen du gazteak atzetik datozela jakiteak. Gainera, identifikatuta sentitzen naiz harekin. Lan asko egin behar izan du lehen taldera iristeko, eta ni ere hortik pasatakoa naiz. Bere lekua topatuko du.

Gaztañagak eta zuk elkarrekin jokatu behar omen duzue, taldean kasta gehien duzuenetako bi zaretelako. Hala uste duzu?

Egia esango dut. Pentsatzen dut partida dezente jokatuko ditugula elkarrekin. Aurkariaren arabera gure taktika ere aldatu egiten da, eta defentsarako bikote bat behar dugunean, guk biok lan ona egin dezakegu.

Sailkapenean bost puntu dituzue. Oraindik ereEuropa da hitz magikoa?

Noski. Zoritxarrez, une honetan ez gaude horri begira, eta gure helburu bakarra Getaferi irabaztea da. Dena den, ezin uka genezake helburua Europara sailkatzea dela. Datorren urteko maiatza urrun dago. Lauzpabost partida jarraian irabaztea eta konfiantza berreskuratzea da gakoa.

Realak jokalari garrantzitsu dezente galdu ditu: Asier Illarramendi, Antoine Griezmann, Claudio Bravo... Galdu duzuena adina irabazi duzue fitxaketekin?

Izan gaitezen objektiboak. Jokalari horiek gure taldean zuten pisua sekulakoa zen. Ezinbestekoak ziren. Eta haiek berreskuratzerik ez daukagu. Halere, zuzendaritzak asmatu du fitxaketekin. Jokalari berriak oso egokituta ikusten ditut, eta arrakastarako gosez. Finbogassonek itxura ona dauka. Ea zelaian lehenbailehen erakusteko aukerarik daukan.

Europa hitza erraz esaten da, baina garesti dago, ezta?

Inoiz baino garestiago, esango nuke. Gu Txapeldunen Ligarako sailkatu gineneko liga hura eta oraingoa ezberdinak dira. Orain maila handiagoa dago. Valentzia, Sevilla, Vila-real eta beste hainbat talde ongi indartu dira, eta horien parean ibiltzea ez da erraza izango. Ingalaterrakoaren gainetik dago egun Espainiako Liga.

Eta horretan dabil Eibar, bikain ibili ere.

Eibar taldea bizilaguna dut, eta gustatzen zait bere partidak ikustea. Guztiok harrituta geratzen ari gara. Lehen Mailari eutsiko dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.