Bi partidako astea da hau ere Angeluko (Lapurdi) Hormadi izotz hockey taldearentzat. Asteartean 5-2 galdu zuen Angers liderraren zelaian, eta gaur Briançonen aurka jokatuko du (20:30), La Barreko patinaje pistan. Frantziako Lehen Mailan dabil Lapurdiko taldea 2018az geroztik, eta azken sasoietan mailari eusteko borroka estuan aritu da gehienbat.
Dylan St. Cyr atezainarentzat (Las Vegas, AEB, 1999) bigarren denboraldia da taldean. «Unibertsitateko ikasketak amaituta, ikusi nuen AEBetako liga nagusietako taldeetan ez nuela tokirik, eta, hori horrela, Europan jokatzea zen nire lehentasuna. Ezagun baten bitartez, Xavier Daramy kirol arduradunarekin harremanetan jarri, eta hona etortzeko eskaintza egin zidaten. Esperientzia aberasgarria gertatzen ari da niretzat eta nire bikotekidearentzat».
Hormadi kluba 1970ean sortu zuten, La Barreko patinaje pista eraiki eta urtebetera, eta klubaren garairik onenak 1997 eta 2007 artekoak izan ziren, 2001ean ligako txapeldunorde izateaz gain hurrengo denboraldian Europako lehiaketak jokatu zituelako. Baina, bulegoetako arazoak zirela medio, Frantziako Laugarren Mailara jaitsarazi zuten taldea 2007ko udan, eta 2018ra arte ez zuen lortu berriro ere itzultzea lehengo tokira.
Uda honetan, Olivier Bouney enpresari eta klubaren sail amateurreko buruak erosi zuen kluba, Benjamin Guffleten laguntzarekin, eta Bouney bera da orain klubeko presidente eta arduradun nagusia. Gutxi gorabehera, 1,6 milioi euroko aurrekontua du klubak, ligako txikienetakoa. «Magnus liga maila oneko liga bat da. Egia da arlo ekonomikoan eta kirol mailan alde handia dagoela talde handien eta txikien artean, Estatu Batuetako ligetan ez bezala. Hala ere, dena ez da dirua. Multzo ona dugu, eta hori ezinbestekoa da bestelako baliabiderik ez duzunean».
Lehen Mailara itzuli zenetik, ligako azken lau sailkatuen artean amaitu izan du gehienetan Hormadik, eta, horrenbestez, jaitsiera saihesteko liga jokatzera behartuta egon da maiz. Sasoi honetan, baina, mailari eutsi baino gehiago egin nahi dutela dio St. Cyrek. «Kanporaketak jokatzeko sailkatzea da dugun helburu nagusia. Taldeak eta talde teknikoak sinesten dute hori lor dezakegula. Azken urteetako joera hori apurtu eta beste urrats bat egin nahi dugu».
«Oro har, izotz hockeya kirol garestia da, eta hori muga handi bat da beste kirol batzuekin alderatuta» DYLAN ST. CYRHormadiko jokalaria
Denboraldia oso ondo hasi bazen ere, lehenengo bost jardunaldietan lau garaipen lortu baitzituen, taldeak azken asteetan behera egin du, eta azken bost partidak elkarren jarraian galdu ditu. «Atzera ere neurketak irabazteko, erasoan eta defentsan hobetzen jarraitzea da gakoa. Izan ere, irabazi genituen partida batzuetan asko sufritu genuen garaipena lortzeko, eta, agian, gol asko sartu zizkiguten. Ezinbestekoa izango da pistaren alde batean zein bestean maila igotzea. Bestalde, aurreneko sailkatuen artean egon nahi badugu, erabat sinetsi behar dugu hori lortzeko gaitasuna dugula».
Taldera eta bizitza berrira ondo egokitu bada ere, St. Cyrek uste du kirol arloan oraindik «beste pauso bat» eman dezakeela. «Iruditzen zait ez naizela oraindik gai izan nire mailari onena emateko, eta hori lortzeko gogor ari naiz lanean. Baina, hala ere, oso pozik nago gauzak doazen moduarekin». Izotz hockeya bere betiko «pasioa» du, eta maitasun hori etxetik datorkio. Izan ere, haren ama, Manon Rheaume, jokalari profesionala izan zen, atezaina hura ere, eta Kanadarekin zilarrezko domina lortu zituen 1998ko neguko Olinpiar Jokoetan, eta aita ere, Gerry St. Cyr, maila oneko jokalari profesionala izan zen. «Zoragarria da nire pasioa eta lana uztartu ahal izatea. Zorioneko sentitzen naiz. Gurasoak bisitan etorri zitzaizkigun, eta, geuri bezala, hemengo kultura eta ingurua asko gustatu zitzaien».
Gazteak «erakarri»
Taldean Euskal Herriko jokalari batzuk badauden arren, gehienak Frantziakoak dira 29 jokalariko aldagelan. St. Cyren ustez, zuzendaritza berriaren «erronka nagusietako bat» inguruko jokalari gazte gehiago erakartzea da. «Oro har, izotz hockeya kirol garestia da, eta hori muga handi bat da beste kirol batzuekin alderatuta. Gure inguruan errugbiak eta futbolak indar handia dute, eta gure pista hondartza handi baten aurrean dagoela ere ezin da ahaztu. Klubarentzat garrantzitsua da jokalari berriak erakartzea, eta, horrekin batera, bigarren taldeko jokalariak ondo landu eta garatzea, etorkizunean lehen taldeko jokalariak izan daitezen. Gazte horiek ekartzeko guk emaitza onak lortu eta talde erakargarria izatea ere funtsezkoa da».