Asteburu honetan amaituko da gizonezkoen V. Munduko Koparen sailkapen fasea, eta amaiera benetan erakargarria aurreikusten dugu. Besteak beste, final-laurdenetara sartzeko bi txartel izango dituzte jokoan Eskoziak eta Fijik, eta Hegoafrikak eta Samoak. Bestetik, Australia eta Irlanda multzoko lehen postuaren jabe egiteko borrokatuko dira, eta baita Zeelanda Berria eta Gales ere. Atzo, Errumaniak Mundialeko lehen garaipena lortu zuen Namibiari 37-7 irabazita. Biek amaitu dute txapelketa, eta Errumanian, Bernard Charreyre entrenatzaile frantziarrak kargua utzi du.
-hegoafrika-samoa: Bihar goizean 08:30ean jokatuko dute C multzoko azkenaurreko partida, eta benetan, neurketa ikusgarria gerta daiteke. Sailkapenean ikus daitekeen bezala, oso estatistika antzekoak dituzte, baina samoarrek Ingalaterraren aurka eginiko joko ikusgarriak zer pentsatua emango zien hegoafrikarrei. Hegoafrika ahalmentsua da aitzin multzoan eta Samoak joko sortzailea darabil. Hegoafrika txapelduna izan zen 1995ean eta hirugarren izan zen 1999an. Samoak, berriz, final-laurdenetako kanporaketa jokatu zuen 1991n eta 1999an.
Samoak erritmo bizia ezarriko du eta Hegoafrikak erasoari ohi baino tinkoago ekingo dio. 2002an Hegoafrikak 60-18 irabazi zion Samoari, Test-partidan. Samoan ez du jokatzerik ukanen Fanoluak eta Hegoafrikan Krige izango da kapitaina.
-eskozia-fiji: B multzoko azken partida jokatuko dute, eta ezohiko ordutegian: Goizeko 06:00etan (gure ordutegian). Bi taldeen jarduna aztertzeko, Frantziaren kontrako partidak ditugu. Fijik 43 puntugatik galdu zuen eta Eskoziak 42 puntugatik. Beraz, antzekotasun handi samarra dute biek ala biek.
Fijin, Rupeni Caucaunibuca itzuliko da, bi partidako zigorra bete ondoan. Eskozian, Martin leslie hutsune izango da zortzi partidako zigorra ezarri diotelako. Egia esateko, bi taldeak ari dira espero baino apalago. Fijik, esate baterako, bereak eta bi ikusi zituen AEB menderatzeko (19-18) eta Eskoziari kosta egin zitzaion Japonia menderatzea (32-11). Berdinketa gertatuko balitz Eskozia sailkatuko litzateke. Eskoziarrek 3 aldaketa egingo dituzte, eta, Beattie, Hines eta Douglas hasiko dira jokatzen. Fijin, Caucau ariko da, Frantziari izugarrizko entsegua egin zion hegala.
-Australia-Irlanda: A multzoko azken jardunaldia jokatuko dute, eta final-laurdnetarako txartela patrikan badute ere, lehen postua ukanen dute jokoan, bihar. Horren arabera, Frantzia, edo, Eskozia edo Fiji ukanen du aurkari.Beraz badago alde pitin bat kontrarioa ukaiteko. «Behin final-laurdenatara sailkatuta, gai gara Australia menderatzeko», aipatu du Eddie O'Sullivan Irlandako entrenatzaileak. Horrez gain, irabaziz gero moralki «izugarri» irabaziko luketela dio. Bestetik, bistan da Australiak gorantz egin duela pixkanaka eta entseguak egiteko gaitasuna berreskuratu duela. Bi taldeetako entrenatzaileek eman diote garrantzia lehiari, hamabostekorik indartsuenak zelairatuko baitituzte.
-Frantzia-AEB: B multzoko azkenaurreko partida jokatuko dute, eta sailkapenari begira garrantziarik ez duena. Frantziarekin, Elhorgak eta Miarritzeko Yachvilik jokatuko dute.
ERRUGBIA V. MUNDUKO KOPA . Azken bi txartelak jokoan
Eskoziak eta Fijik, eta Hegoafrikak eta Samoak, final-laurdenetara sartzeko lehia ukanen dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu