Tokio 2020. ESKUBALOIA

ERRONKATIK DOMINETARA

Hamasei hilabetez jokatu gabe egon eta gero, Eduardo Gurbindok zail ikusten zuen Olinpiar Jokoetan aritzea. Baina gaur domina ziurta dezake, finalerdietan Danimarkari irabaziz gero. Julen Aginagaldek ere jokatuko du.

Eduardo Gurbindo, Suediaren aurkako final-laurdenetako partidan. FRANCK ROBICHON / EFE.
ainara arratibel gascon
Tokio
2021eko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Olinpiar Jokoak iaz jokatu izan balira, Eduardo Gurbindo (Iruñea, 1994) ez zen Tokion izango. Eskuin albokoak hamasei hilabete eman zituen jokatu ezinik: 2019ko maiatzetik 2020ko urrira arte. Bi aldiz egin behar izan zioten ebakuntza eskuin belaunean: «Amaiera zela pentsatu nuen. Lehen ebakuntzatik bigarrenera bitarteko hilabeteak oso gogorrak izan ziren: belauna handitu egiten zitzaidan, mina nuen... Asko sufritu nuen».

Baina amaitu zen gurutze bidea, eta, ibilian-ibilian, konfiantza hartuz joan zen, bere joko maila berreskuratzen. Eta gaur domina olinpiko bat ziurtatzeko lehian ariko da, Espainiak finalerdia jokatuko baitu Danimarkaren aurka (14:00ak Euskal Herrian): «Pasatutakoak eta gero, niretzat erronka handia zen hemen egotea. Urtebete baino gehiago lehiatu gabe egotea asko da. Ametsa da dominengatik lehian egotea».

Lasai da Gurbindo. Esperientziak ematen dio hori, baina baita iaz bizitakoak ere. Izan ere, lesioaz gain, apirilean lehen semea izan zuen. Hitz egiteko orduan nabari zaio «gozatzen»ari dela: «Gustura nago egiten ari naizen lanarekin. Jokatzen ari naizen minutu bakoitzari ahalik eta etekin handiena ateratzen saiatzen ari naiz». Argi du zer rol duen taldean: «Banekien hona etortzea zaila izango zela. Alex [Duixebaev] eta Juanjo [Maqueda] nire aurretik zeuden. Hautatzaileak, hala ere, ni ekartzea erabaki zuen. Defentsako lana eta txandakatzeak dira nik eskaini dezakedana; eta, noski, lana». Erasoan ere ari da ekarpena egiten. Zortzi gol egin ditu orain arte: «Taldekideen eta hautatzailearen konfiantza dudala sentitzen dut, eta horrekin geratzen naiz». Horrekin batera, pertsonalki ere «disfrutatzen» ari da: «Londresko Jokoetan egon nintzen, eta ederra da bederatzi urte eta gero berriro Olinpiar Joko batzuetan egotea. Orduan ez ginen final-laurdenetatik pasatu, eta, orain, arantza hori kendu nahi dut». Baina presiorik gabe egin nahi du: «Gozatu egin nahi dut biharko [gaurko] partidaz. Lasaia naiz, eta halako partiden bezperan ondo lo egiten dut. Ilusioak eragindako gogoa dut».

Talde oso batua

Gaur ez dute nolanahiko aurkaria izango finalerako sailkatzeko borrokan. Egungo munduko eta olinpiar txapelduna da Danimarka: «Urrea irabazteko hautagai nagusia da. Oso lehen lerro indartsua du, fisikoki sendoa, teknikoki oso ona, eta behar duenean langilea». Argi du non egongo den gakoa: «Defentsan egongo da partidaren gakoa. Suediaren aurka baino askoz hobeto defendatu beharko dugu. Zati batean hogei gol jasotzen baditugu, aurrekoan bezala, ez dugu aukerarik izango, nahiz eta erasoan ondo aritu». Orain arte erakutsi duten «kemena» ere erakutsi beharko dutela azpimarratu du. Izan ere, bi partida gol bakar batengatik irabazi dituzte, eta Suediaren aurka buelta eman zioten partidari. «Horrek guztiak indartsuago egin gaitu. Taldea gai izan da une zailetan patxada mantentzeko, eta Suediaren aurka hori erabakigarria izan zen, oso zail jarri zitzaizkigulako gauzak. Sinetsi egin genuen, eta ez genituen inoiz besoak jaitsi».

Lasaitasun hori konfiantzaren seinale al da? «Bai, dudarik gabe. Jende askok uste du konfiantza partidak alde handiz irabaziz lortzen dela. Baina askotan ez da horrela. Gol baten aldeaz irabazi genituen bi partidek asko eman digute. Ligaxka gogorra gainditu genuen bezala gainditzea oso garrantzitsua izan zen». Dioenez, taldeko giroak lagundu du horretan: «Multzoan dago gure indarra. Oso batuta gaude, eta olinpiadetako esperientzia honek areagotu egin du batasun hori. Ordu asko ematen ditugu elkarrekin, eta disfrutatzen ari gara horretaz: elkarrizketak kafe baten bueltan, karta jokoak... Nahiago dugu elkarrekin egon, eta ez logelan, musika entzuten edo filmen bat ikusten. Joko hauetan talde hau zerbaitetan indartu bada, horretan da. Oinarri teknikoak oso argi genituen». Eta bakarrik dagoenean zer egiten du berak? «Etxekoekin hitz egin, eta atseden hartu».

Beste finalerdia «estu» ikusten du: «Frantziak dirudi faborito, baina kontuz Egiptorekin; bikain ari da. Fisikoki oso talde indartsua du, eta konfiantzaz dago. Nik ez nuke hain pronostiko argia egingo». Haren ustez, «berri ona» da estreinakoz Afrikako talde bat egotea dominetarako borrokan: «Ikusgaitasun handiagoa ematen dio kirolari, eta izaten ari den hedapenaren seinale da. Egiptok urteak daramatza oso lan ona egiten, eta fruituak jasotzen ari da orain».Txapelketan izaten ari den maila nabarmendu du: «Oso partida parekatuak eta onak ikusten ari dira. Batez ere, intentsitatea nabarmenduko nuke. Jokalari guztiek denboraldi luzeak izan ditugu, eta, hala ere, partidak erritmo handikoak izaten ari dira». Hori, baloia ohi baino pisutsuagoa izan arren: «Apur bat handiagoa da, eta ez du hainbesteko botea egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.