Arrauna

Erronkari neurria hartuz

Santurtzik helburu bakarra du, mailari eustea, eta hainbestean abiatu du liga. Andoni Gartzia arraunlariak uste du estropada «osoak» egitea falta zaiela.

Santurtziko trainerua ahalegin betean, herenegun, Zierbenako estropadan. ANDONO CANELLADA / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2022ko uztailaren 19a
00:00
Entzun
Azken bi Euskolabel ligak irabazi eta gero, oso bestelako lanetan murgilduta dago Santurtziko Sotera. Zuzendaritza, entrenatzailea eta talde ia osoa aldatu zuten, eta Andoni Gartzia arraunlariak (Barakaldo, Bizkaia, 1985) dio helburua urtea «libratzea» dela. Oraingoz, aurreikuspen horiek «betetzen» ari da Itsasoko Ama, nahiz eta, Gartziaren hitzetan, denboraldi hasiera «arraroa» izaten ari den: «Sentsazioak kontrajarriak dira: estropadaren lehen erdiak onak egiten ditugu; bigarren erdiak, ordea, txarrak».

Hain justu, Gartzia da iazko taldetik jarraitzen duen bakarretariko bat. «Gogorra egiten zitzaidan kluba egoera horretan uztea. Beste talde batera joateko eskaintza on bat egin zidaten, baina, kolore hauei diedan maitasunagatik, geratzea erabaki nuen. Azken bi denboraldiekin alderatuta oso ezberdina izaten ari da, tarteka gogorra ere bai, baina hartu nuen erabakiarekin aurrera».

Denboraldia hasi aurreko azken estropadetan emaitza «kaxkarrak» lortu zituen Santurtzik, eta maila zuzenean galtzeko hautagai nagusi gisa jarri zuten askok eta askok. «Aurreikuspen hori egin zuen jendeak, baina niretzat ez da sorpresa izan hobeto ibili izana. Taldean ez genuen uste azkenak izango ginenik, ezta gutxiago ere». Euskolabel ligako sailkapenean bederatzigarren postuan daude moreak, eta bigarren txandan egoteko borroka horretan sartu nahi lukete: «Gauzak zertxobait hobeto eginda, hor egon gaitezke».

Hori lortzeko, estropada «osoak» egitea falta zaio Mikel Portularrumek entrenatzen duen taldeari. «Hobetzeko asko dugu oraindik. 12. edo 13. minututik aurrera, indarra galtzen hasten garenean, gure arraunketa zertxobait galtzen dugu, eta trainerua ez dabil hain fin uretan. Ea hurrengo estropadetan hobetzen dugun».

Zernahi ere, taldea «ondo» eta «gogotsu» dagoela nabarmendu du: «Arraunlari beteranoen eta gazteen arteko nahasketa bat dugu. Aldagelan giro ona dago, eta hala behar du, emaitzak ailegatzen ez badira urtea gogorra egiten delako. Denak bultza egiten ari gara, eta hori da gure indargunea; borrokalariak gara».

Ligari ondo ekin zioten, Bilboko erlojuaren aurkako estropadan seigarren postuan sailkatuta. Ondoren, beherago ibili dira, 9. eta 11. postuen artean beti. Azken asteburuan, Orioko banderan, denborarik txarrena egin zuten, baina, epaileek Ares eta Cabo kanporatu ostean, estropadari etekina atera zion Itsasoko Ama-k. «Ez genuen estropada ona egin, nahiz eta bagenekien Galiziako bi traineruak kanporatuta zeudela. Ez da modurik politena, baina puntu guztiak ongietorriak dira».

Ondarroa, Ares eta Cabo ditu atzetik sailkapenean. «Ez nuen uste Cabo hain atzean ibiliko zenik, ezta Ondarroa ere. Baina behin zuloan sartzen zarenean, buruak eragin handia izaten du, eta kosta egiten da egoerari buelta ematea. Puntu gutxi daude gure artean, eta borroka estua izango da». Lekeitio borroka horretan ere sar daitekeela uste du. «Ez daude hain urrun». Aldiz, Getaria eta Kaiku ekuazio horretatik kendu ditu. «Inbidia ematen didate. Estropadatik estropadara aldaketak egin arren, ia ez dute nabaritzen». Sotera-k zazpi puntu ateratzen dizkio Ares azken-aurreko sailkatuari, eta hamar azkenari, Cabori. «Oraingoz lasai gaudela esan genezake. Beste batzuk gu baino urduriago egongo dira». Igandean, etxeko banderan egin nahi dute estropada oso hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.