Adinean aurrera noa. 35 urte beteko ditut, eta jakitun nago luze gabe izango dudan aurkaririk handiena hori dela. Bizpahiru partida txar jokatzen baditut, zaharra naizela esango dute. Baina oraintxe bertan buruan dudan gauza bakarra disfrutatzen segitzea da, eta nire kirol ibilbidea ahalik eta gehien luzatzea. Kontratua berritu dut, neure burua ondo ikusten dudalako. Horretarako egiten dut lan egunero»: Raul Garcia Athleticeko jokalaria hala mintzatu zen atzo, San Mameseko prentsa aretoan, talde zuri-gorriarekin kontratua beste urtebetez berritu ostean helburu batzuen arabera, bi urtez luza dezake-. «Ilusiorik» ez zaio falta: «Garbi nuen hemen segitu nahi nuela. Oraindik asko dut egiteko eta emateko. Erronkak gustuko ditut, eta zenbat eta handiagoak izan hobeto. Athleticek horretarako aukera ematen dit. Gainera, lasai nago, harrobian gaia badagoelako».
Azken egunetan bolo-bolo zebilen kontua. Aitor Elizegi presidenteak berak astelehenean esan zuen klubak nahi zuela nafarrak taldean segitzea, eta atzo egin zen ofizial. Zaleek aspalditik espero zuten albiste hori, funtsezko jokalaria baita zelaian eta zelaitik kanpo. Sei denboraldi hauetan asko eman dio klub zuri-gorriari, taldeko zutarri eta kapitainetako bat bihurtzeraino.
2015-2016ko denboraldian iritsi zen Athleticera, Atletico Madriletik. Urte hauetan 238 neurketa jokatu ditu; 70 gol sartu, eta bi titulu irabazi: 2015eko eta aurtengo Espainiako Superkopak. Iritsi zenean Ernesto Valverde zen zuri-gorrien teknikaria, eta Josu Urrutia presidentea.
Osasunan punta erdi postuan aritu zen, baita Atletico Madrilen ere; nahiz eta euskarrian ere jokatzera iritsi zen Espainiako taldean. Valverderen aginduetara, batez ere punta erdian eta zelai erdiko hegalean jokatu zuen, aurrean Adurizek eta Williamsek jokatzen baitzuten, eta teknikaria jokalari bakarrarekin aritzen baitzen puntan. Baina Adurizen lesio luzeak eta Williamsek ate aurrean ez asmatzeak aurrelari gisa jokatzera eraman zuten Raul Garcia. Gaizka Garitanok egin zuen horren aldeko apusturik garbiena: «Gure jokatzeko erarengatik errematatzaile bat behar genuen, eta Raulek hori ematen digu». Denborak arrazoi eman zion Deriokoari. Aurreko sasoian hamabost gol egin zituen Ligan, bere inoizko markarik onena. Artean hamar zituen eginda gehienez. Alde nabarmena dago talde zuri-gorrian egin zuen lehen denboraldiarekin alderatuz gero, zazpi egin baitzituen.
Sasoi honetan hiru daramatza Ligan, eta bina Espainiako Kopan eta Superkopan. Gol horietako batzuk balio handikoak izan dira. Adibidez, Superkopako finalerdietan Real Madrili egin zizkion biak, eta Betisi Kopako final-laurdenetan azken orduan sartutakoa. Gol horrekin luzapena behartu zuen, eta azkenean Athleticek penaltietan egin zuen aurrera.
Halere, Marcelino Garcia iritsi arte, nafarraren sasoia ez zen erraza izaten ari. Garitanok aulkian eseri zuen. Baina Marcelinok hain gustuko duen 4-4-2koaren alde egin zuen, eta Williamsekin batera ari da jokatzen orain aurrean.
Golak alde batera utzita, haren ekarpena funtsezkoa da beste hiru alor hauetan: kontraerasora ateratzeko, bizkarrez baloia ukitu eta taldeari irteera emanez; jokoa gehiago landu behar denean euskarriekin oreka bat izateko, taldea hautsi ez dadin atzeko jokalarien eta aurrekoen artean; eta geldikako jokaldietarako, erabat zitala baita halakoetan.
Kopari begira, baikor
Horrekin batera, nortasuna eta eskarmentua ematen dizkio taldeari. Odol berokoa eta aurkariak bere onetik ateratzen abila izatea egotzi diote askok, eta epaileari etengabe protestan aritzea. Athleticera iritsi zenean ere jaso zituen kritikak, Osasunan zegoenean ustez talde zuri-gorria gustuko ez zuelako. «Futbolean hasten zarenean garrantzia ematen diezu halakoei, baina denborarekin honek nola funtzionatzen duen ikasiz zoaz, eta, batez ere, gero eta garbiago duzu zu nolakoa zaren. Nire izateko modua eta balioak ditut. Gurasoek eta jokatu dudan taldeek lagundu didate horretan, eta uste dut denek ikusi dutela dena ematen duen profesional bat naizela». Kontratua berritzea horren guztiaren emaitza dela uste du. «Klubak nigan konfiantza duela erakutsi du, eta ulertzen duela nire izaera eta lan egiteko modua. Ez dago laudorio handiagorik».
Etorkizunari begira bi erronka handi ditu. Horietako bat Realaren aurkako Espainiako Kopako finala da; apirilaren 3an jokatuko da. «Urruti dago oraindik, baina bide onetik goaz, eta uste dut baldintza onetan iritsiko garela partida horretara. Bigarren final bat jokatzeko aukera ere hor dugu, eta zaleei merezi duten poza eman nahi diegu». Beste erronka, Lehen Mailan partida gehien jokatu dituztenen zerrendan gora egiten segitzea: lehen hamarren artean dago, 506 partida jokatuta.
Erronkak, adinaren gainetik
Baieztatu da bolo-bolo zebilena: Raul Garciak beste urtebetez luzatu du kontratua Athleticekin. 35 urterekin, taldeari nortasuna eta eskarmentua ematen segitu nahi du, eta, nola ez, golak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu