Arrauna. San Miguel ligako taldeak: Kaiku. Asier Zurinaga. Kaikuko patroia

«Erronka da iazko hiru talde onenetatik gertuago ibiltzea»

Kaikuren agintea eramango du aurten ere patroi beteranoak, eta ilusioz gainezka dago iazko denboraldi txarra hobetzeko. Gustura hartu ditu bueltan taldera itzuli diren arraunlariak.

Aitor Manterola Garate.
2016ko ekainaren 11
00:00
Entzun
Arrauna behar du Asier Zurinagak (Sestao, Bizkaia, 1971), eta hor jarraitzen du uretan. Kaikuk talde beteranoa osatu du berriz, eta bera da esperientzia jarriko dutenetako bat. Iazko lana hobetuko dutelakoan dago.

Nolako traza hartzen diozu zure taldeari, Kaikuri?

Iaz urte zaila izan genuen guk, eta hortik abiatu behar dugu. Denboraldi guztietan izaten dira ezusteak, onak eta txarrak, eta guk garbi daukagu ezin garela izan urteko ezuste txarra. Erronka da iaz gure aurretik egon ziren hiru taldeetatik gertuago ibiltzea. Hiru traineru horiek Hondarribia, Urdaibai eta Orio dira, eta talde ia berberak dituzte iazko egiturekin alderatuz gero. Guk hobera egin dugu aurten, eta ikusiko dugu zer gertatzen den.

Aurreko denboraldia hobetzeak ez du zaila ematen zuen kasuan.

Eginagoa dugu taldea iazkoaren aldean, baina, beti esaten dudan bezala, izenek ez dute arraun egiten, pertsonek baizik. Uretan erakutsi behar dugu zer garen. Talde handia gara, baina uretan azaltzekoa da hori.

Kaikuren urterik onenak ez daude urruti, eta aurtengo taldea ikusita, garai horretako arraunlari batzuk bueltan dira berriz.

Horregatik ari naiz esaten talde handia dugula; Kaikurentzat garaipen onenak lortu dituen multzoa elkartu gara berriz. Baina urteak ere pasatu egiten dira, eta ea esperientziak laguntzen digun.

Adinez zaharregia da taldea?

Zaharra baino gehiago, esperientzia hitza erabiliko nuke nik; jakinduria, azken batean. Lan handia egin beharko dugu, gero eta aurkari on gehiago daudelako.

Taldekide horiek itzuli izanak segurtasuna eman dizu?

Ardurak banatzeko aukera ematen du. Patroiak ahalik eta gutxien agintzea litzateke onena.

Hondarribia eta Urdaibai koska bat gorago daude?

Ikusi egin beharko da zer gertatzen den. Iaz, gainetik ibili ziren, eta hori hor dago. Espero dezagun denboraldi honetan beste talde batzuk ere euren pare jartzea, ona izango delako arraunarentzat eta ikuskizunarentzat.

Kaiku izango da talde horietako bat?

Kaiku, agian. San Juanek ere nahi du zerbait egin, eta beste batzuk ere hor daude. Festaren parte izan nahi dugu guk; gonbidatuta gaude, eta ea ez dugun hutsik egiten. Pozen bat eman nahi diegu gure zaleei.

Sevillan (Espainia) hasiko da San Miguel liga bihar zortzi. Zer iruditzen zaizu?

Ez diot buelta asko ematen horri. Estropada eremuan ez badago alderik, eta ez bada erabakigarria izaten estropadan, beste esperientzia baten moduan hartu behar da. Batzuei ez zaie gustatzen bidaiatzea, baina niri bai, eta gustura joango naiz.

Hemengoak beti ari gara kanpoko eremuak zalantzan jartzen, baina, gero, hemen ere egiten dira okerrak.

Hala da, bai.

Zuk arraunean jarraitzen duzu oraindik.

Gogotsu eta ilusioz gainezka nago. Egia da lagatzea gero eta gertuago dagoela, baina, jarraitzen dudan bitartean, dena ematen segituko dut.

Bigarren ontzia aterako duzue aurten, KAE2 ligan. Zer esan nahi du horrek?

Zuzendaritza berriaren apustua da, ausarta. Beharrezkoa da, etxeko hogei arraunlari izatea baita arraunaren etorkizuna.

Eta B ontziko patroi emakumezko bat izango da.

Aldatzen ari dira pentsamendu bakarreko garaiak, eta ona da hori.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.