Osasun azterketekin abiatu du denboraldi berria Eibarrek. 2021-2022ko denboraldian porrot egin eta Espainiako Federazioaren Lehen Mailara jaitsi ostean, entrenatzailea aldatu, eta Yerai Martin ekarri zuten. Goi mailako esperientzia falta zitzaion, baina ez zen arazo bat izan; urtebeteren ostean bueltan zen Eibar lehen mailara. Iragan denboraldian 10. postuan geratu ziren, sailkapenaren erdi-erdian, eroso. Aurten aurrera jarraitzeko asmoa dute, eta horren arabera ari dira jokalarien zerrenda osatzen.
Azken urte honetan entrenatzaileak berak eta zortzi jokalarik berritu dituzte kontratuak. Aipagarria da Eider Arana atzelariaren kasua: Athleticek utzita egon da Eibarren, eta Bilbora itzultzekoa zen, baina Gipuzkoan geratzea erabaki du, beste urtebetez. Ligako denboraldia amaitu zenetik hiru jokalarik luzatu dituzte kontratuak, oraingoz: Eva van Deursen erdilariak, Noelia Garcia atezainak eta Andrea Sierra atzelariak. Horiekin batera, Maria Miralles atezainak eta Laura Camino, Ane Campos eta Esperanza Pizarro aurrelariek Eibarren jarraitzea erabaki zuten iragan sasoian. Zalantzarik gabe, egonkortasuna da nagusi. Jokalari berri bakarrak Mireia Masegur atzelaria eta Leire Peña erdilaria dira.
Iazko taldearekin alderatuta, sei jokalariren hutsa izango du klubak. Zaira Floresek erretiroa hartu du, 30 urterekin, eta Amaia Peña atezaina Athleticera itzuli da –utzita aritu zen Eibarren–. Atzean ikusiko da aldaketa gehien: Jujuba Cardozo, Ane Perez eta Noko Matlou joan egin dira. Azkenik, Honoka Yonei erdilariak ere agur esan dio taldeari.
Bide orria, zehaztuta
Eibarrek badu bere bide orria aurtengo denboraldiaurrean. Sei norgehiagoka jokatuko ditu taldeak liga hasi aurretik. Lehenengoa Athleticen aurka izango da, abuztuaren 3an, eta, ondoren, Euskal Herria Kopako lehen partida jokatuko dute Realaren aurka, abuztuaren 10ean. Gainerako aurkariak ondorengoak dira: Logroño, Deportivo eta Naoned. Denboraldiaurrea Euskal Herria Koparekin amaituko dute: Realaren aurkako partidaren emaitzaren arabera, finala edo hirugarren posturako sailkapena izango dute jokoan armaginek.