Arrauna. Eusko Label ligako fitxaketak

«Erronka bat behar nuen»

2023an taldez aldatu diren arraunlarietako bat da Beñat Eizagirre. Bere betiko taldea izan da Zarautz, baina hura utzi, eta Ondarroan «ilusioa» berreskuratu du.

Beñat Eizagirre Ondarroan arituko da aurten. MARISOL RAMIREZ / FOKU.
Iñaki Berastegi.
2023ko otsailaren 24a
00:00
Entzun
Hamazazpi urtez Zarautz arraun elkarteko arraunlaria izan eta gero, Beñat Eizagirre (Zarautz, Gipuzkoa, 1991) Ondarroako tostetan ariko da 2023an. «Arraunean aritzeko nuen ilusioa eta grina itzaltzen ari zitzaizkidala ikusi nuen. Anbizio handiagoa zuen egitasmo bat nahi nuen, eta horregatik erabaki nuen nire familia izan den kluba utzi eta beste norabait joatea. Erronka bat behar nuen».

Ikusi gehiago:Eusko Label ligako fitxaketak

Hainbeste urte talde berean egin eta gero, erabaki hartzea «ez da erraza izan» zarauztarrarentzat. «Ez da izan bat-bateko kontua. Urte asko ziren toki berean, eta azken urteak ez dira onenak izan. Iazko udaberrian ikusi nuen emaitzak ez zirela espero nituenak, eta, pixkanaka, aukera hori aztertzen hasi nintzen. Urte osoa entrenatzen ematen dugu, eta, horri aurre egiteko, motibazio bat behar da. Ikusten nuen nire betiko taldean jarraitzeak ez ninduela behar beste motibatzen, eta batzuetan arriskatu ere egin behar da bizitzan». Arrauna uztea ez zitzaion «sekula» burutik pasatu ere egin. «Maite dudan eta asko eman didan kirol bat da. Fisikoki ondo nagoen bitartean arraun egiten jarraitzea da asmoa».

Zarautz uzteko erabakia hartuta, izan zitzakeen aukerak aztertu zituen Eizagirrek. «KAE1eko beste talde batzuen aukera nuen arren, Eusko Label ligako traineru batean aritzeko nahia nuen. Zarautzekin bi urte egin nituen gorengo mailan, eta berriz ere hori bizitzeko gogoa neukan. Urte luzez Usurbilen bizi izan naiz, eta, Iñaki Errasti [Ondarroako entrenatzailea] ingurukoa denez, arratsalde batez harekin eseri nintzen. Ondarroa egitasmo irekia zela azaldu zidan, eta, nire ustez, nirekin ondo bat egiten duen talde bat izan daiteke».

Errastik zuzentzen du taldea orain ere, baina Ondarroa asko aldatu da 2023ko denboraldira begira. «Iaztik zortzi arraunlarik jarraitzen dute taldean. Egitasmoari jarraipena eman diotela esan genezake, baina aurpegi berriekin. Hori ere izan da bertara joateko arrazoietako bat: talde itxi batera baldin bazoaz, zailagoa da zure lekua egin eta zure ekarpena egitea. Ondarroak hori eskaintzen zidan, eta horrek ere erakarri ninduen». Zarauztarrak ez zuen bere burua TKEn dauden beste lau ontzi gipuzkoarretako batean ikusten. «Arrazoi bat edo bestea dela, ez ziren nire neurrira egindako egitasmoak edo erabat nire gustukoak».

Talde «ezaguna»

Ondarroara joateko arrazoien artean, han «jende ezaguna» izatea ere badago. «Zarauzko taldekide bat eta Zumaiako lagun bat ere Ondarroara doaz, eta taldean daudenetako batzuk jada ezagutzen ditut. Talde giro bikaina dago, eta hori asko eskertzen da».

Neguko lanean murgilduta dago orain Antiguako Ama trainerua. Iaz, Eusko Label ligako bederatzigarren postuan amaitu zuen Ondarroak denboraldia, eta etxeko bandera irabazi zuen. «Helburua ahalik eta estuasun gutxienekin mailari eustea da. Bi talde azpitik uztea ondo baino hobeto legoke. Niri dagokidanez, arraunaz disfrutatu nahi dut. Egitasmo honekin ilusioa berreskuratu dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.