Iragan sasoian Athleticeko golegile nagusia izan zen Gorka Guruzeta (Donostia, 1996). Hamasei gol sartu zituen guztira, eta taldearen jokoan ezinbesteko bihurtu zen. Kontuak ez doazkio nahi bezala denboraldi honetan. Soilik zazpi gol sartu ditu, eta pixkanaka desagertuz joan da Ernesto Valverderen hamaikakotik. Beste jokalari batzuen alde egin du entrenatzaileak azken partidetan, baina lasai dagoela adierazi du donostiarrak. «Guruzetarik onena laster itzuliko da». Halere, garrantzitsuena taldea dela uste du, eta baikor da Erromaren aurkako partidarako. «Guk ez genuen Erroma egokitzea nahi, baina haiek Athletic egokitzea ere ez, ziur».
Martxoan, denboraldiko une erabakigarrira iritsi da Athletic. Jokalariok nabaritzen al duzue tentsio gehiago dagoela?
Batez ere, gogoa sentitzen dugu, partida garrantzitsuak iristeko gogoa. Denboraldi erdia jokoan daukagu Erromaren aurkako kanporaketan, eta normala da urduritasun gehiago izatea, baina ilusioz eta gogotsu gaude. Europa liga bikain joan zaigu orain arte, baina hutsetik hasiko gara berriz, eta iritsi da egiazko momentua. Kale edo bale, ez dago besterik.
Hamasei partida galdu gabe egin dituzue ligan, eta bolada hori amaituta iritsiko zarete Erromaren zelaira. Nolako Athletic espero dezakegu?
Atletico Madrilen zelaian bezain ondo jokatzen badugu, ziur irabaztea gertuago izango dugula galtzea baino. Egia da joan den larunbatean bolada oso ona amaitu genuela, baina taldearen jokoa ona izan zela uste dugu. Interpretazio hori egin digu Valverdek ere. Eraginkortasuna falta izan zitzaigun ate aurrean. Valladolidi zazpi gol sartzetik gentozen, baina hiru aldiz zutoinarekin egin genuen topo. Zorte txarrak kondenatu gintuen. Futbolean golek balio dute, baina, joko maila horri eusten badiogu, Europa ligan ere ongi ibiliko gara.
Ligari helduta, Atletico Madrilen aurka galdu ondoren, zein da orain erronka: laugarren postuari eustea?
Dudarik gabe. Iragan sasoian Girona sartu zitzaigun tartean, eta aurten Villa-real daukagu gertuan. Haiek lehiaketa bakarra daukate, eta hori nabaritu egiten da. Soilik ligan daude zentratuta. Gu ez gaude horrela, zorionez, eta saiatuko gara buru-belarri laugarren postuari eusten. Etxeko partidetan hutsik ez egitea garrantzitsua izango da. Halere, badakigu Erromari irabazten badiogu ligan bosgarren sailkatzen denak aukera handia izango duela datorren denboraldian Txapeldunen Liga jokatzeko. Hori beste pizgarri bat da guretzat.
Erroma ez da lehengoa Claudio Ranieri entrenatzaile denetik. Nolako kanporaketa espero duzu?
Ranierirekin hobera egin dute nabarmen, eta uste dut azken hamar partidetatik bederatzi irabazi dituztela, eta bat berdindu. Jokalari trebeak dituzte erasoan, eta gogorrak dira defentsan. Kanporaketa fisikoa izango da. Erroma aurkari zaila da, ez genuen hura egokitzerik nahi, baina ziur haiek ere ez zutela Athleticen aurka jokatu nahi. Horixe bera hitz egin dugu jokalarion artean. Gu Athletic gara, bigarren sailkatu gara lehen fase luzean, eta hori zerbaitegatik da.
Berdinketa ona al litzateke Erroman?
Tira, ona litzateke, baina oraingoz ez da gure helburua. San Mamesera bizirik iritsi nahi dugu, badakigu eta etxean zer-nolako sua piztuko den itzulerakoan. Hori kontuan izanda, berdintzea ona litzateke, baina gu irabaztera goaz. Irabaztera jokatzen soilik dakigu. Athleticek erakutsi du inork ez diola erraz irabazten. Besiktasen zelaian 4-1 galdu genuen, baina hura salbuetsita, talde fidagarria gara.
«Erroman berdintzea ona litzateke, baina oraingoz ez da gure helburua. San Mamesera bizirik iritsi nahi dugu»
Athletic talde fidagarria da, eta hobetzeko tartea badu oraindik. Ados al zaude?
Bai, guztiz. Nahiz eta sasoi ona egiten ari garen, 2025ean ez gabiltza iazko urte amaieran bezain indartsu. Gabonetatik bueltan txakalaldi moduko bat izan genuen, eta ez dugu harrapatu orduko joko hura. Apalago jokatzen ari gara, baina uste dut oraintxe dela momentua berriro ere gorakada jotzeko.
San Mamesen jokatuko da Europa ligako finala. Hori buruan duzue, edo ez?
Gutxi hitz egiten da horri buruz jokalarion artean. Iazko denboraldian ere denok genuen buruan Espainiako Kopako finalera iristea, baina pausoz pauso joan ginen: lehenbizi Bartzelona kanporatu genuen; gero, Atletico Madril, eta abar. Horixe egin behar dugu orain ere. Erroma besterik ez dugu buruan, eta, irabazten badugu, orduan pentsatuko dugu hurrengo aurkarian.
«Ni aulkian nago aspaldi honetan, baina ziur nago Guruzetarik onena laster itzuliko dela. Klubak konfiantza du nigan»
Pertsonalki, protagonismoa galduta zabiltza aspaldian. Zer moduz daramazu egoera berria?
Lasai nago, eta pozik nabil lan saioetan. Valladolidi gol bat sartu nion, aspaldiko partez, eta mesede egin zidan konfiantzari dagokionez. Sekula jokatu gabea nintzen hiruzpalau egunean behin, eta aitortzen dut oso gogorra dela. Pentsatzen dut Valverde bikain ari dela antolatzen jokalariak, eta aurpegi txar bat bera ere ez dut ikusi inoiz. Bakoitzak bere onena eman behar du, eta taldean daukan pisua onartu. Ni aulkian nago aspaldi honetan, baina ziur nago Guruzetarik onena laster itzuliko dela. Klubak konfiantza du nigan, 2028ra arteko kontratua daukat, eta lasai nago.
Maroan Sannadi iritsi berri da taldera. Lehiakiderik ere ez zaizu falta.
Sannadik ez ezik, Alex Berenguerrek, Iñaki Williamsek eta beste batzuek ere jokatu dute aurrelari postuan. Athleticen gaude, denok nahi dugu onena taldearentzat, eta norabide berean arraun egin behar dugu. Uste dut Alvaro Djalok ere asko emango digula oraindik. Denon artean taldeari laguntzea da gakoa.