Mikel Urrutikoetxeak eta Jokin Altunak gaur aukeratuko dituzten bina pilotak Martin Alustizak gordeko ditu igandera arte. Bere etxeko gela batean gordeko ditu. «Han ez dago berogailurik, 16-17 gradu beti. Xehetasunak zaindu behar dira: beroak edo hezetasunak pilota alda dezake, larrua horrelakoa da. Aspeko pilotak han gorde ditut zortzi urtez». Pilota horiek ezagutzen dute gela hori, han egon dira duela hiru aste lehen galbahea igaro zutenetik. Izan ere, egun pilotak aukeratzeko sistema berria dago indarrean, eta, Alustizaren ustez, hobea da.
Pilota aukeratzeko modua aurtengo buruz buruko txapelketan aldatu zen. Lehen, Aspek eta Asegarcek partida zein pilotarik jokatuko zuten jakinda ematen zituzten pilotak hautaketara. Sortak aurkeztu, eta hautatzaileak orduan egiten zuen hamar piloten galbahea. Orain, partida zeintzuk jokatuko duten jakin aurretik aurkezten dituzte sortak. Pilotalekua ezagutzen dute bakarrik, eta horrek zaildu egiten du etxekoen alde egitea. Alustizak, esaterako, urriaren 25ean aukeratu zituen gaur Bilboko pilotalekura eramango dituen hamar pilotak.
Egun hartan, Aspeko eta Asegarceko intendenteen artean 40 bat pilota eman zizkioten. Alustizak lehen galbahe bat egin zuen, eta hozten utzi zituen pilotak. Ordurako bazekien hamar on egongo zirela gutxienez. Hala ez balitz gehiago eskatuko zizkien intendenteei. Hamar minutuak pasatuta, berriz hasi zen. «Biziegi eta motelegiak kenduz zoaz. Goitik eta behetik. Tira, arazoa goitik dago, egun ez dago pilota motelik». Ordubetetik gorako prozesua da, eta Alustiza gustura gelditu zen. Lau eta erdian izan du estreinaldia, eta badaki modalitate errazena dela, jokatzeko eremua mugatua delako eta ezin delako pilota biziegirik jarri. Behin betiko entresaka eginda, gantz pixka bat eman zien hamar pilotei, poltsari zigilua jarri, eta gaur arte.
Baina pilotak aukeratzea hain al da garrantzitsua? «Oso», esan du hautatzaileak. «Pilota ezagutzen ez duena harrituta gelditzen da, baina pilota munduan beharrezkoa da. Jende askok dio, 'tenisean zoruak ezberdina dira, eta pilotak berdinak'. Pilotan ezin da, pilota guztiak eta pilotaleku guztiak ezberdinak direlako». Pilotak egitearen prozesuaren zati bat eskulana da, eta hor datza gakoetako bat. «Pilota estandarra ezinezkoa da. Saiatu ginen Frontis enpresan, eta ezin da egin. Estandarra, gainera, pilotaleku batzuetan pilotari batzuentzat litzateke ona, eta beste batzuetan beste batzuentzat. Gure pilotagileak [Punpa etxea] pilotak makinarekin egiten ditu, baina kanpoko jostura eskuz egin behar da, eta, zu artisaua bazara, ez duzu indar bera izango lehen pilota jostean edo hamargarrena jostean».
Alustizak, dena den, pilotalekuetan ikusten du hautaketaren arrazoi nagusia. «Alde handia dago pilota frontisetik irteteko moduan. Garrantzi handia ematen diogu horri. Frontisean pixka bat geldi dadila nahi izaten dugu. Gelditu eta lurrean badabil ez gaitu hainbeste arduratzen, baina, asko irten eta lurretik badabil, kontuz. Hori harriaren araberakoa du, frontisean, lurrean... Gehien heltzen diona Adarraga da, eta bizienetakoa Eibarkoa». Hautatzaileak eredu grafikoa jarri du. «Labriteko pilotak ezin dira Astelenan erabili. Zergatik? Labriteko frontisean eta lurrean pilota gehiago ibiltzen da, beraz, Astelenarako egokiak diren pilotak han jarriz gero, biziegiak lirateke. Binakako partida batean Labriten errebote bat edo bi ikusten badituzu, Astelenarako egokiak diren pilotekin bost aldiz gehiago leudeke». Eta Bilboko pilotalekua, nolakoa da? «Ederra», dio Alustizak. «Ezkerparetak pixka bat heltzen dio pilotari, baina ona da, aitzakiarik gabea».
Erritualaren barrunbeak
Pilotaren bereizgarri nagusietako bat da pilota aukeraketa. Eskuz eginiko pilotekin jokatzeak eta pilotalekuetako ezaugarri ezberdinek ezinbesteko bilakatzen dute. Dirudiena baino jardun zehatzagoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu