Brasilgo Munduko Kopa. Frantzia 2. Nigeria 0

Erritmoa aldatuta

Nigeriak estu hartu du Frantzia lehen ordubetean, baina, Griezmannen freskotasunari eta Pogbaren golari helduta, frantziarrak sartu dira Munduko Kopako final-laurdenetan

unai zubeldia
2014ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Golak. 1-0: Pogbak (79. min.). 2-0: Yobok, bere atean (91. min.). Epailea. Mark W. Geiger (AEB). Txartel horia: Frantziako Matuidiri. Bestelakoak. 60.000 ikusle Brasiliako estadioan.

Frantziak badauka lotuta dagoena askatzeko artista txiki bat Brasilen jokoan den Munduko Kopan. Mundua jan behar zuela zirudienean, aulkitik ari da ikusten espero eta nahi baino partida gehiago. Baina Benzema, Giroud, Valbuena, Pogba... Nigeriaren joko serioarekin zelaiko artista gehienak arnasestuka zebiltzanean, Antoine Griezmannek aldatu zuen atzoko partida. 62. minutuan zelairatzea eta Frantzia indarberritzea, biak bat izan ziren. Erdilariak mugikortasuna eman zion Frantziaren erasoari, eta Nigeria itota geratu zen erritmo aldaketa horrekin. Freskotasunak sortu zituen azken 25 minutuetako lau aukera argi-argiak eta Frantziaren bi golak.

Hori bai: aurretik, lehen hamar minutuak betetzerako, nabarmen geratu zen Nigeriak ez zeukala asmorik itsu-itsuan emaitzari eusteko. Frantziari baloia kenduta, eta Odemwingie eta Musaren jokoari esker, Nigeriak dezente estutu zuen Varane-Koscielny bikoa. Erasoan lotsagabe jokatuta, gola ere sartu zuen Emenikek 19. minutuan, musak ezker hegaletik bidalitako baloia oinaren puntarekin ukituta. Baina jokoz kanpokoa adierazi zuen marrazainak. Asmatu egin zuen.

Nigeriaren lehen hogei minutuetako indarra baretuta, pixkanaka hasi zen agertzen lehen ligaxkako Frantzia zuzen hura. Ordura arte, kontraerasoren batekin sortu zuten arriskua Benzemak, Valbuenak eta Pogbak, baina 22. minutuko aukera izan zen argiena. Pogbak gerri mugimendu batekin Nigeriaren erdialdea hautsi, jokoa eskuin hegalera ireki, Valbuenak pasea atzeraka eman, eta frantziarrak gola ospatzen hasteko zorian zeudela, Enyeamak geldiketa harrigarria egin zuen. Frantzia jokoan nagusitzen ari zela, huts larria egiteko zorian egon zen Giroud, epailea inguruan zuela ukondoko argia eman ziolako Obi Mikeli. Azkenean, abisua besterik ez zen izan gutxienez txartel horia behar zuena.

39. minutuan, berriz, ia oharkabean pasatu zen jokaldian, penalti argia egin zuen Evrak, partida bakoitzean, estrategia jokaldietan, izaten diren borroka horietako batean. Baina hor ere ez zuen ezer adierazi epaileak. Pogbaren beste jokaldi on batean, Debuchyk eskuinez kanpora bidalitako errematearekin eta Emenikeren erantzunaren amaitu zen lehen zatia. Eta, atseden pixka bat hartuta, Didier Deschampsen selekzioak agindu nahian ekin zion bigarren zatiari.

Baina futbola irainduz hasi zen, Matuidik 55. minutuan Onaziri egin zion sarrera gogor-gogorrarekin. Txartel gorria ateratzeko modukoa zen jokaldia, baina horia besterik ez zion atera epaileak. Matuidi zelaian eta Onazi ospitalean. Aukera argirik sortu gabe ere, Nigeria nagusi izan zen bigarren zatiko lehen hogei minutuetan. Odemwingek ezustean urrutitik egindako jaurtiketa izan zen argiena, 64. minutuan.

Enyeamaren hutsa eta gola

Baina Griezmann zelairatu berritan biziberritu zen Frantzia. 70. minutuan bat-biko ona egin zuen Benzemarekin, eta, Enyeamak ukitu ondoren, Mosesek urrundu zuen aurrelariaren errematea, goleko marran bertan; 77. minutuan Cabayek langara bidali zuen korner baten ondorengo aldaratzea; bi minutu geroago, Valbuenak falta atera, Benzemak buruz eman, eta atezainak geldiketa bikaina egin zuen. Eta, hurrengo kornerrean, Enyeamaren hutsa baliatuta, Pogbak bidali zuen baloia sareetara, buruz.

Erreakziorako indarrik gabe, Griezmannek eduki zuen bigarren gola gertu, 84. minutuan, pase luzea jaso eta ezkerrez jaurtiketa indartsua eginda. Ia partida guztian bezala, jokaldi horretan ere ondo erantzun zuen Enyeamak. Baina 92.ean, korner batean, Griezmann bizi sartu zen atezainaren eta Yoboren artean, eta atzelariak bidali zuen baloia sareetara. 2-0. Denbora askoan larri ibili zen Frantzia, baina, freskotasunari esker, final-laurdenetan dago jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.