Erretxin mediatikoa eta lider hieratikoa

Sare sozialetako kritikoekin liskartu berri da, beste behin, Kevin Durant. Silababakarrekin gidatu ohi ditu kideak Kawhi Leonardek. Bien taldeek, Golden State eta Toronto, NBAko finalari ekingo diote bihar goizaldean.

Danel Agirre.
2019ko maiatzaren 30a
00:00
Entzun
NBAko finalaren bi lehiakideetako batek ez daki noiz ahal izango duen kantxaratu azken bi sasoietako txanpa erabakigarriko jokalari baliotsuena. Ez da erraza jakiten Kevin Durant itzul dadin irrika handiagoa nork duen: bere taldeak, Golden State Warriorsek, edo hegalekoaren beldur behar lukeen Toronto Raptorsek.

Houston Rocketsen aurkako kanporaketako bosgarren lehian Durantek min hartu zuenetik, ibilera alderrai samarra zuzendu eta bost bider segidan irabazi du Warriorsek. Mozketetan eta baloi zirkulazioan oinarritutako duela hiruzpalau urteko jokoa berreskuratu du bidean. Eta horixe da kezkagarriena Raptorsentzat: ustez, lanabes hobeak ditu Durant partaide duen erasoa trabatzen saiatzeko —banakako saiakeren pisu handiagoarekin—. Milwaukee Bucks indarrik gabe utzita dator Toronto. Esparruan zentimetro eta kilo askorekin kolapsoa eragin, eta Giannis Antetokounmpori bidea guztiak itxita lortu zuen. Hiruko saiakera eroso samarrak baimendu behar izan zituen ordainetan, baina Buckseko espezialisten batezbestekoak ez ziren onak izan, presioagatik. Stephen Curry eta Klay Thompson borrero dituzten Warriors klasikoentzat beste zerbait pentsatu beharko du Nick Nurse kanadarraren entrenatzaileak.

Duela hiru uda iritsi zenetik, Durant gabe 25 lehia irabazi eta lau baino ez ditu galdu Golden Statek. Konferentzia finalean taldeak azaldu maila apartekoa dela medio, haren faltan hobeto konpontzen ote ez diren espekulatzeari ekin diote hainbat analistak. Durant zeharo erretxindu du iradokizunak, bere sare sozialetako purrustada bitxiek frogatzen duten lez. Kazetarien eta zaleen solasaldi txepelenetan nahastu da, eta esku hartzeekin errespetu bila zebilenak iseka baino ez du jaso ordainetan.

Ez da Duranten gisa horretako lehenengo irristada. Warriorsera egin zuenean izan zen kritika oldeari aurre egiten saiatzeko, Twitterren eta Instagramen erabiltzaile faltsuak ere sortu zituen, The Washington Post egunkariak argitara eman zuenez. Eraztunak pilatu eta historiako jokalaririk geldiezinenetakoa dela inork ukatu gabe, bere ondarearen benetako itzalari buruzko eztabaidak ohikoak dira sare sozialetan. Ziurtzat jotzen da udan Golden State utziko duela.

Badaki Warriorsi min egiten

Litekeena da bihar goizaldean (03:00) etxean ariko den Torontoren izar Kawhi Leonardek ere kontraturik ez berritzea. Urte bakarrerako iritsi zen San Antoniorekin trukean, eta haren egoera fisikoari buruzko ziurgabetasuna erabatekoa zen. Frankiziarekin erabat konprometitu gabe ere, modu eredugarrian gidatu du Raptors lehenbiziko aldiz finalera. Zaintzan agortu ditu indarrak, saskiaren bila bezainbeste. Eta Spursekin txapeldun izan zenean bezala, presioa areagotu ahala bere ekarpena eskuzabalagoa suertatu da. Taldekideek fede itsua dute harengan: «Hemen izandakoa da; eroso sentitzen da egoera hauetan. Zenbat eta foku gehiago izan, orduan eta hobeto jokatzen du», aitortu du Danny Green eskoltak.

Hutsarteetan silababakarrekin komunikatzen den liderra da Leonard. Sare sozialik eta irririk gabeko antiheroia. Hori gutxi ez, eta Warriors hauek ernegatzen asmatu izan duen bakarrenetakoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.