Kazetariaren telefono deiari ilusioz erantzun dio Joseba Ezkurdiak (Arbizu, Nafarroa, 1991), eta aitortu du aspalditxoan inor gutxik deitzen diola. Besteak beste, azken boladan emaitza kaskar samarrak bildu ditu, eta Binakako Mastersean ere jokatutako bi partidak galdu dituzte Jon Ander Albisuk eta biek. Hori bai, jokoz ongi dagoela uste du, eta emaitza onak lortuko dituela berriz.
Zorabiaturik amaitu zenuen igandean Larraintzarren (Nafarroa) jokaturiko partida. Pasatu al zaizu gorputzaldi txarra?
Hobeto nago. Beroa zela eta, goizean bertan gaizki nengoen, eta partidan zer esanik ez. Tripetako minez nengoen, mugitu ezinda eta zuri-zuri. Partida amaieran gaizki egon nintzen aldagela barruan, etxera dutxatu gabe itzuli nintzen, eta ohera sartzean sukarra neukan. Osatu naiz jada.
Beste kirol batzuetan neurriak hartu ohi dituzte beroa denean, baina pilotan ez. Zerbait egin behar al litzateke?
Bai, berandu baino lehen. Berozalea naiz berez, eta ongi moldatu ohi naiz egoera horietan, baina ez da batere ona halako tenperaturarekin uralita azpian pilotan aritzea. Logroñon (Espainia) izan nuen inoizko berorik handiena, Juan Martinez de Irujoren kontra aritu nintzenean, sanferminetako lau eta erdikoko partida batean. Epaileek ere aitortu ziguten izugarrizkoa zela beroa, eta askatasuna eman ziguten nahi genuenean atseden hartzeko eta haizea hartzera ateratzeko. Neurri bat horixe izan daiteke, edo jaialdiak iluntzera atzeratzea.
Kontuak kontu, Binakako Mastersean jokatutako bi partidak galdu dituzue. Etzi ezin duzue huts egin, Berueten (Nafarroa), Zabala eta Imazen kontra.
Beste bost jardunaldi falta zaizkigu, eta ez daukagu huts egiteko tarterik. Egia esan, lehen jardunaldian oso ongi jokatu genuen Albisuk eta biok, baina ezin izan genuen irabazi. Lehengoan, berriz, ez nengoen jokatzeko baldintza onenetan. Emaitza txarrak izanagatik, ez gaude kezkatuta. Albisu sasoi oso onean ikusten dut, eta ni neu ere ilusioz gainezka nago. Sentipen onak ditut, lehengo jokoa berreskuratzen ari naiz, eta bikote gisa bat egitea falta zaigu.
Mastersean ez ezik, beste txapelketetan ere ez dituzu emaitza onak izan aspaldi honetan. Kezkatuta al zaude?
Ez, baina egia da protagonismorik gabe nabilela. 2022an lau eta erdiko txapela jantzi nuenetik, ez dut berriz lortu onenen artean egoterik. Aurtengo buruz burukorako oso ongi prestatuta nengoen, eta ilusio izugarria neukan; beraz, kolpe galanta izan zen final-laurdenetako ligaxkan kanporatzea. Presio handiegia ezarri nion neure buruari, eta garesti atera zitzaidan. Presiorik gabe jokatu nuen partida bakarrean sekulako jokoa erakutsi nuen. Geroztik argi-ilunak izan ditut bidean, baina orain buelta eman diot guztiari, eta konfiantza dut zuriz janzteko.
Zer moduz doa uda? Azkenaldiko emaitza txarren ondoriorik sumatu duzu?
Partida kopuruaren aldetik, aspaldiko urteetan bezalatsu nabil. Ekainean bederatzi jokatu nituen, uztailean ere bai, eta abuzturako beste hainbeste dauzkat hitzartuta. Partida horien konpromisoetan sumatu dut aldaketa. Sanfermin torneoa ez nuen jokatu, eta Gasteizen eta Donostian ere kanpoan utzi nau enpresak. Ulertzen dut. Gutxienez Binakako Mastersa jokatzen ari naiz, eta hor ondo aritzea da nire zeregina.
Ezohiko sanferminak igaro dituzu, jaialdietako lehen partidak jokatzen ibili baitzara. Arraroa egin al zaizu?
Nafarra izanda, mingarria egiten da binakako torneoa ez jokatzea, azken urteetan jokatzera ohituta nengoen eta. Dena den, lau eta erdiko finalerako ez sailkatuta, banekien horretarako arriskua banuela. Jaialdietako lehen partidak jokatu ditut, eta guztiak irabazi. Pilotari onen aurka aritu naiz: Mikel Urrutikoetxea, Iker Larrazabal… Burua makurtu beharrean, horixe da egin dezakedan gauzarik onena.
Izan ere, jokoz egon zara orain baino makurrago.
Sanferminetako lau eta erdian partida distiratsuak egin nituen, bai Peio Etxeberriaren kontra eta baita Zabalaren aurka ere. Pena izan zen gero Jokin Altunaren kontra hain erraz galdu izana. Baina partida hori kenduta, oso ongi egon naiz gainerako guztietan. Gakoa da presiorik ez ezartzea norberaren buruari, eta horretan asko ikasi dut. Orain fresko nabari dut neure burua eskuinez, eta tantoa bukatzeko garaian ere nahiko ongi ari naiz.
33 urte dituzu, eta ematen zuen pilotazale askok Ezkurdia erretiratu nahi zutela. Sentitu al duzu halakorik?
Bai, eta jende hori guztia isilaraztea da nire lana. Urteak denontzat pasatzen dira, eta ez alferrik, baina zintzo esaten dut inoizko sasoirik onenean nagoela. Entrenamenduetan izugarri ongi nabari dut neure buruan eta uste dut urte on batzuk geratzen zaizkidala oraindik ere.
Aspe enpresan handitzen ari da lehia. Altunaz gain, hor zaudete zu zeu, Etxeberria, Elordi, Zabala eta gehiago. Beti dago binakako txapelketa ofizialetik kanpo geratzeko arriskua.
Altuna kenduta, uste dut gainerako guztiok borrokatu beharra daukagula postuari eusteko. Lehia ona da, hobeak bihurtzen baikara denok, eta konfiantza handia daukat nigan. Badakit nire lana ongi egiten badut ziurtatua izango dudala posturen bat lau aurrelarien artean. Inori ez diot ezer erakutsi beharrik, eta beldurrik ere ez daukat.
Lehengoan atzelari gisa jokatu eta irabazi egin zenuen, Altuna III.arekin, Ordizian (Gipuzkoa). Eta atzelari gisa jokatzeko eskatuko balizute?
Ez dut uste enpresa ausartuko denik. Hirutan jokatu dut atzelari, eta oso gustura ibili naiz beti. Baina hortik txapelketa ofizial batera salto handia dago. Eskatuko balidate, pentsatuko nuke, baina ez dut uste halakorik gertatuko denik.
Zuk hain bolea garbia izanda, ze iritzi duzu atxikiaz?
Adierazten ari diren atxikiak ikusita, partida oro zortzi bat adierazi beharko lituzketela. Baina hori ez da irtenbidea. Atxikiaren neurria non dagoen aztertu eta erabaki beharra dago.