Gernika-Lumoko (Bizkaia) Ipar tabernan da hitzordua, Busturialdeko motozaleen eta autozaleen tenpluan. Irribarretsu iritsi da Txomin Arana (Ereño, Bizkaia, 1985), eta sartu orduko denek ezagutu dute. Urte askoan poz handiak emandakoa da hango zaleei.
Mototik jaitsi al zara?
Bai. Uzteko ordua da. Amaitu da.
Aspalditik al zenuen uzteko ideia buruan, edo denbora gutxian hartutako erabakia izan da?
Urte pare bat baneramatzan uzteko ideia buruan nuela. 2015ean bigarrenez Dakar rallyan parte hartu eta gero hasi nintzen pentsatzen: «Zertarako jarraitu? Zer esperantza dut aurrerako? Berdin jarraitu behar al dut?». Lortutako emaitzekin ez nuen hobekuntzarik ikusten, ez babesleengandik, eta ezta erakundeetatik ere. Denak berdin jarraitzen zuen. Eta horrek asko nekatzen du.
Beraz, nork utzi du nor: zuk moto-krosa edo moto-krosak zu?
Nik utzi dut moto-krosa. Urte asko izan dira lehian, eta ez da batere erraza izan. Ia ezinezkoa baita uztartzea lanean ibiltzea eta goi mailan ibiltzea. Ez duzu denborarik ezertarako, oporrik ere ez, edo, hobeto esanda, opor guztiak lehiatzen ematen dituzu... Denborarekin, erreta eta oso nekatuta bukatu dut. Ez zuen merezi segitzea. Beti pentsatzen nuen: «Eta horrela noiz arte?». Azkenean iritsi da eguna.
32 urte besterik ez duzu oraindik. Ez al zara gazteegia uzteko?
Egia esan, orain dut garairik onena Dakar rallyan lehiatzeko, baina ez egoera honetan. Lan egiteari uzten diot, dirua irabazteari uzten diot, eta nire soldata ere ez da saltoka hasteko modukoa. Ez dut denbora gehiagoan horrela bizi nahi.
Gogoan al duzu moto batera igo zinen lehen aldia?
Bai. 2 urterekin hasi nintzen quad batean. Hemen inguruan bazen zirkuitu bat horretarako prestatuta zegoena, eta anaiarekin batera hasi nintzen. Gero, 5 urte nituela, aitak motoa erosi zigun, eta han hasi ginen anaia eta biok.
Noiz jokatu zenuen lehen txapelketa?
6 urterekin. Espainiako Txapelketan ere parte hartu nuen moto-krosean. 12 urte bete nituen arte ibili nintzen. Gero, etenaldia egin nuen 17 urte egin nituen arte. Lanean hasi, eta motoa erosi nuen.
Lasterketetara norekin joaten zinen?
Gurasoekin. Horretan, beti izan dut etxekoen babesa.
Zergatik utzi zenuen 12 urterekin?
Lehiatzen ibiltzeko diru asko behar da, eta nik jolas moduan egiten nuen. Konturatu nintzen ezin nintzela oso lehiakorra izan, jendeak dirutza gastatzen zuelako.
Zer egin zenuen bost urte haietan?
Goitibeherekin ibili, rallyetan ere bai anaiarekin... Beti abiadura bila ibiltzen ginen.
Berriz ere 17 urterekin lehiatzen hasi zinenean, imajinatzen al zenuen egunen batean Dakar rallyan parte hartuko zenuenik?
Ez nuen pentsatu ere egiten, eta gehiago esango dizut: askotan esaten nuen ez nintzela inoiz han izango. Telebistan ikusten nuenean, zera pentsatzen nuen: «Hauek erotuta daude! Ni ez naiz horra joango!» Eta begira, gero bertan izan naiz urte batzuetan.
2014an joan zinen lehen aldiz. Nola sortu zen hara joateko aukera hori?
Gernikako Off Road taldekoen ideia izan zen. Nire taldea izan da betidanik, eta, haien babesagatik ez balitz, ez nintzen hainbeste urte honetan arituko. Afari batean atera zen ideia. Urtarrila zen, eta orduan baten batek bota zidan galdera: «Joango al zinateke Dakarrera?». Nik baietz erantzun nion, aukera edukiz gero joango nintzatekeela. Bada, ekainean jada izena eman nuen.
Denbora gutxian buru-belarri jarri behar izan al zenuen?
Orduan, Munduko Txapelketan aritzen nintzen, eta abuztura arte ez nuen inolako probarik egin, ez nekien road-book bat zer zen [nabigaziorako erabiltzen den gailua]... Gogoan dut Gerard Freixesekin Monegrosko [Espainia] basamortuan gelditu ginela hiru egun entrenatzeko. Gero, Marokora joan nintzen, lehiatzera. Handik Dakarrera joan ginen.
Nola gogoratzen duzu lehen Dakar hura?
Itzela izan zen. Rosarion [Argentinan] hasten zen, eta, lasterketa hasi aurretik, Euskal Etxean izan ginen. Bertako euskaldunekin ikaragarri ondo pasatu genuen, eta izugarrizko babesa sentitu nuen euskalduna izateagatik bakarrik; ezin nuen sinetsi ere egin. Irteerako unea latza izan zen. Hasierako egunak oso gogorrak izan ziren: arazo asko izan genituen, erori egin nintzen... Ikaragarria izan zen amaitze hutsa bakarrik. Oso pozik itzuli ginen etxera.
Ametsa zena gauzatu zenuen.
Bai, amaitzea ere ez genuen espero, ez nik, ezta taldeko inork ere. Amaitzea zen helburu nagusia. Hara joan aurretik, Marokoko rallyan egunero izan genituen arazoak, ez genuen etapa bat ere amaitu, eta moto berarekin gindoazen Dakarrera... Azkenean, 56. postuan amaitu genuen. Handik itzulita, laguntza gehiago izango genuela pentsatzen genuen, gehienbat Dakar amaitutako euskaldun askorik ez zelako historian; ez bizkaitarrik, ez euskaldunik ez nuen ezagutzen. Zale askok jarraitu zuten hura, baina gauzek berdin jarraitu zuten.
Hala ere, 2015ean berriro itzuli zinen, moto hobeagoarekin eta aurrekontu handiagoarekin.
Bai, eta hamaseigarren izan nintzen. Ondo ibiltzea espero nuen, ez agian hamaseigarren, baina bai lehen 25en artean. Moto hobea nuen, eta arazorik ez nuen izan.
Handik bueltan, aldaketarik nabaritu al zenuen?
Ez. Diru laguntzei dagokienez, ez nuen ezer ezberdinik nabaritu, nahiz eta askoz ere postu hobeagoa lortu nuen.
Aurkariekin alderatuta, koska bat beherago zenbiltzala sentitzen zenuen?
Bai, eta kontziente nintzen hala zela. Edonork eros zezakeen KTM moto batekin joan nintzen, eta lehen hamarren artean ibili nintzen denbora askoan. Moto ofizial asko atzetik nituen. Han konturatu nintzen hara ez dela inor dohainik joaten. Managerrak ezagutzen hasi nintzen, gidariek izugarrizko soldatak zituzten, eta nik pentsatzen nuen: «Zer ari naiz gaizki egiten?». Orduan hasi nintzen pentsatzen ea honek merezi zuen.
Hala ere, berriz itzuli zinen hirugarrengoz.
Bai, beste munduko ezer egin gabe, aurrean ikusten nuelako neure burua. Erraz nenbilen, eta berriro ere ilusioa pizten hasi zitzaidan. Baina erori egin nintzen.
11. postuan zindoazen erori zinenean. Zer sentitu zenuen?
Pena handia izan zen, baina jendeak ikusi zuen zertarako gai nintzen. Nahiz eta erori, jendea etorri zitzaidan gauzak proposatzera. Honda motogilekoak etorri zitzaizkidan, baita beste manager serio bat ere, baina azkenean ez ziren asmoak gauzatu. Gero etorri zen Abu Dhabiko erorialdia.
2016ko apirilaren 7an izan zenuen erorialdia aipatu duzu. Bertan, hiru ornotan lesio larriak izan zenituen. Dena amaitu zela pentsatu al zenuen?
Unean bertan bai. Ebakuntzatik irten nintzenean, zera pentsatu nuen lehenbizi: «Hemen bukatu dira nire lanak; ez naiz berriro motoaren gainean jarriko». Baina gero, aurrera joan ahala, gauzak aldatuz joan ziren.
Nola gogoratzen dituzu ebakuntza ondorengo egunak?
Oso luze egiten zitzaizkidan egunak, baina oso azkar osatzen hasi nintzen. Bizikletan ibiltzen nintzen, baina motoan ezin nuen ibili;debekatua nuen. Burdina asko jarri zizkidaten, eta, badaezpada, ez nintzen motoan ibili urte guztian. Handik urtebetera, burdinak kendu zizkidatenean, berriro ere uste baino azkarrago hasi nintzen. Argi nuen 2018rako helburua zein zen: berriro Dakar rallyan parte hartzea.
Joan zinen, baina ez zenuen bukatu.
Berriz ere zertarako gai nintzen ikusi nahi nuen. Babesleek berriz ere babesa eman zidaten, eta 2019an ere berriz prest egongo lirateke ni laguntzeko, baina berriro ere baldintza beretan joan eta 30. postuan amaitzeak ez nau batere motibatzen. Lan asko egin behar da, eta ez du merezi.
Nola izaten dira erori eta denbora luzez lesionatuta egon ondoren berriro motora igotzeko lehen uneak?
Beldur apur bat sentitzen da, baina gustura hartzen da. Izugarrizko gogoa izaten da berriro, eta azkenengoan, esaterako, oso ondo sentitu nintzen. Lehen egunetik jauziak egiten ibili nintzen, ez agian oso indartsu, baina solte sentitu nintzen.
Beldurraz hitz egiten hasita, zure ibilbidean beldur asko pasatutakoa al zara?
Agian ez [barrez]. Ez nuke esango; bestela, ez ginateke horrela ibiliko.
2017an geldirik egoteak eta azken Dakarren erretiratu izanak zerikusi handia izan al dute motoa uzteko erabakian?
Ez dut uste. Badakit azken urtean hobeto ibili beharko nukeela, gehienbat gripearekin oso ahul ibili nintzelako. Azken urteetan moto berberarekin ibili naiz, eta atzera joan naizela esango nuke, eta horrek ere motibazio handia galtzea eragin dit.
Lasterketa asko irabazi dituzu, baina badirudi Dakarren emaitza on bat lortzen ez bada ez duela ezertarako balio beste guztiak. Horixe pentsatzen al duzu?
Bai. Telebistan irteten ez bazara, ez du ezertarako balio. Gustura egiten den gauza bat da, baina, lehen postuetan ez bazara ibiltzen, ez du ezertarako balio. Horrela dago moto-krosa.
Aurrekontua aurrera ateratzeko ere arazoak izaten omen zenituzten. Zenbat diru behar zenuen Dakarren aritzeko?
Urtero antzera ibili garela uste dut, baina ez naiz kexatzen. Dakarren egotearekin bakarrik nahikoa zen. 200.000 euroko aurrekontua izaten zen urte guztikoa, eta benetan eskertu beharra dut urte hauetan guztietan Gernika Off Road taldeko lagunek egindako lana. Ez da batere erraza diru hori guztia biltzea. Asko aurreratu behar izaten zuten, eta, gero, zain egon eadiru laguntzarik zegoen.
Asko aldatu al da moto-krosa?
Teknologia beti doa aurretik, baita moto gidarien entrenamendua eta prestakuntza ere. Baina, bestelakoan, ez dut uste horrenbeste aldatu denik. Agian, diru sarietan dago aldea; lehen, izugarrizko sariak izaten zituzten irabazleek, eta, orain, munduko txapeldunak ez du saririk. Hala ere, onenek, esaterako, Jeffrey Herlingsek eta Antonio Cairolik, milioi eta erdi euro irabazten dutela diote askok.
Hala ere, berriz jaiotzeko aukera izango bazenu, berriro ere ibilbide berbera egitea gustatuko al litzaizuke?
Bai, baina hobetzen saiatuko nintzateke. Agian ez nuke egingo 12 urtetik 17 urtera egin nuen geldialdia. Orain hotz pentsatuta, uste dut urterik garrantzitsuenak galdu nituela; gehien ikasten den urteak dira.
Hamabi urteko ibilbidean, zein izan da unerik onena?
2015 eta 2016ko urteak oso onak izan ziren. Motoaren gainean ondoen sentitu naizen urteak izan ziren, bai moto-krosean eta baita Dakarren ere. Oso indartsu eta konfiantza handiarekin sentitzen nintzen. Ondoen prestatuta egon naizen urteak izan zirela uste dut. Bereziki gogoratzen dut 2015eko Dakarren helmugara iritsi nintzenekoa. Lehengusuekin, anaiarekin eta lagunekin ateratako argazki hura ez dut sekula ahaztuko.
Eta ahaztuko zenukeen une bat?
Asko, baina agian Abu Dhabiko erorikoa. Une hura latza izan zen.
Zer eman dizu motoziklismoak?
Uste dut bizi oso bat eman didala. Bizi izan ditudan esperientziak, kanpora furgonetan joandako egunak, hainbeste leku, herrialde, kultura ezberdin ezagutu... Nik uste dut bizia eman didala.
Zer hartuko duzu beti gogoan?
Ezagutu dudan jende guztia, eta nire gustuko gauza egiteko izan dudan aukera.
Eta orain zer? Zer egingo duzu?
Lasai bizi nahi dut. Baserrian bizi naiz, eta han beti dago zeregina; nahiko denbora joaten zait bertan. Kirolean, berriz, mendiko bizikletarekin hasia naiz, eta oso gustura ari naiz sentitzen. Moto-krosaren antzekoa da, gehienbat jaitsieratan sentsazioak antzerakoak dira, eta askoz ere merkeagoa da [barrez]. Hala ere, ez nuke motorretatik aldendu nahi. Ahal dudanean, motoaren gainera igoko naiz berriro ere.
Txomin Arana. Moto pilotu ohia
«Erreta eta oso nekatuta amaitu dut. Ez zuen merezi segitzea»
Erretiroa hartu berri du Txomin Aranak. Urte askoan, Euskal Herriko erreferentzia izan da moto-krosean, eta munduko espezialistarik onenekin lehiatu da mundu osoan zehar; besteak beste, Dakar rally mitikoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu