Azu Muguruza. IDK Euskotreneko entrenatzailea

«Errespetua eta enpatia dira talde bat ondo kudeatzeko gakoa»

Muguruzak astelehenean jasoko du Carmen Adarraga saria, emakumezko saskibaloiaren ikusgarritasunaren alde egin duen lanagatik. 25 urtean aritu da horretan. Beheko mailetan hasi, eta Ohorezko Mailara eraman du urteotan taldea.

ANDONI CANELLADA / FOKU.
ainara arratibel gascon
2022ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Donostiako Gaska kiroldegiaren harreran zain dago Azu Muguruza IDK-ko entrenatzailea (Donostia, 1968). Arratsaldea han ematen du, pistaren eta klubak bertan duen bulegoaren artean. Ohikomoduan egun betea du, baina patxadaz erantzun ditu galderak, adeitsu, taldea zuzentzen dagoenean erakusten duen intentsitaterik gabe.

Carmen Adarraga saria jasoko duzu datorren astelehenean. Zein sentipen duzu?

Oso pozgarria eta polita izan da niretzat halako sari bat jasotzea, urte asko daramadalako saskibaloiaren bidez emakumeen kirola bultzatzen, ikusgarritasuna ematen.

Urte asko daramatzazula aipatu duzu: 25 urte, hain zuzen. Ez da kopuru makala?

Hala da. Oso gazte hasi nintzen, saskibaloia asko gustatzen zitzaidalako betidanik. Baina ez nuen espero, kluba iritsi den lekura iristea zen. Izan ere, hasieran behe mailetan aritzen zen taldea. Baina denboraldiz denboraldi hobetzen joan, eta Ohorezko Mailara iritsi zen.

Higadura handia izan dira urte hauek?

Goi mailan entrenatzeak asko higatzen du, bai fisikoki baimentalki. Kantxa barruan zein kanpoan gauza asko kudeatu eta prestatu behar dira, eta horri irabazi beharraren presioa gehitu behar zaio.

Lana eta familia uztartzeari begira zaila izan da?

Alde horretatik, zorte handia izan dut; batetik, klubak erraztasun handiak eman dizkit horretarako; eta, bestetik, beti izan dut senarraren laguntza eta babesa nire entrenatzaile ibilbidean aurrera egiteko. Dena den, beti daude momentu zailak, eta seme-alabekin ezin egotea gogorra da.

25 urte hauetan pentsatu duzu noizbait uztea edo atseden hartzea?

Askotan ez, baina noiz edo noizpasatu izan zait burutik. Urteak aurrera egin ahala, argi dago agurra gertuago dagoela. Normala da. Kontuan izan, gainera, nik goizetan ikastetxe batean egiten dudala lan Gorputz Heziketako irakasle. Denboraldia ez da horren luzea, baina batzuetan gogorra egiten da. Baina amaitzean, dena balantza batean jarri, eta beti erabaki dut jarraitzea. Izan ere, bai saskibaloia eta bai hezkuntza nire bi pasioak dira.

Noizbait ikusi duzu arriskuan zure postua?

Nik askotan esaten diet taldea zuzentzeko beste pertsona aproposago bat dagoela uste badute, lasai esateko. Nik ez dudala arazorik izango kargua uzteko. Gainera, ziur nago haiek ere esan egingo didatela. Alde horretatik ez dago arazorik.

Presidentea zure ahizpa da. Nolako harremana duzue elkarren artean?

Oso ona. Ederki moldatzen gara, eta ez dugu arazorik. Argi daukagu nondik gatozen, zer daukagun eta nortzuk garen. Horrek asko errazten dizkigu gauzak. Nik badakit kluba kudeatzen egotea zer den, eta noraino irits gaitezkeen. Beraz, eskariak egitean oso kontuan hartzen dut. Elkarrekin hitz egin, eta gero bera jartzen da harremanetan bitartekariekin, niri lan hori kentze aldera, eta nik arreta osoa entrenamenduetan, partidetan eta merkatua aztertzen jartzeko. Egun ezinbestekoa da zerrenda luze bat izatea, merkatua oso bizkor mugitzen baita. Lehen, denboraldia amaituarte, gauzak apenas mugitzen ziren. Orain, berriz, urtarrilean jada bitartekariak deika dituzu. Ez dizute arnasa hartzen uzten.

Intentsitate handiko entrenatzailea zara. Erraza da denboraldiz denboraldi horri eustea?

Duzun jokalari multzoaren arabera izaten da hori. Badira denboraldiak jokalariak beraiek direla intentsitate eta exijentzia handikoak, edo berehala ulertzen dutela zer nahi duzun. Holakoetan ez da horren zaila. Beste batzuetan zuk bili behar duzu gehiago arlo horretan tiraka, eta nekagarria egiten da. Baina bai egoera batean bai bestean asko ikasi dut multzoaren kudeaketari dagokionez.

Fitxatzeko orduan hori kontuan hartzen duzu?

Bai, dudarik gabe. Ez gara soilik mugatzen ezaugarri tekniko-taktikoetara. Egia da, era berean, batzuetan ezusteak hartzen dituzula eta, askotariko egoerak tarteko, jokalari bat ez dela zuk espero bezalakoa.

Hasi zinenetik asko aldatu da taldeak kudeatzeko modua?

Egia esan, nire lanbidetik gehien gustatzen zaidan alorretako bat da. Izan ere, entrenatzaile bat, gauza askoren gainetik, pertsona multzo baten kudeatzailea da. Gustuko dut jokalariekin interakzio hori, jokalari zein pertsona moduan ezagutu, eta ahal dudan neurrian haiei lagundu. Haiek ere asko erakutsi didate, nik ere ez dudalako beti asmatu gatazka bat konpontzeko orduan, jokalari bati errieta egiteko orduan, zuzenketa tekniko-taktikoren bat egiteko orduan... Asko ikasi dut urteotan.

Horretan ere oraindik ikasten segitzen duzu?

Bai, egunero, denboraldi guztietan sortzen baitira egoera berriak eta desberdinak. Ez du gauza berak balio jokalari multzo guztientzat, ezta jokalari bakoitzarentzat ere. Gainera, denboraldian zehar ere multzoa aldatzen doa: emaitzengatik, elkarren artean edo nirekin duten harremanagatik... Baldintza asko daude.

Hala ere, kudeaketa horretan zein da gakoa?

Errespetua eta enpatia. Batetik, zuk beraien lekuan jarri behar duzu, eta haiek zurean. Nik jokalariei beti esaten diet esateko egun txarra badute edo zerbait pasatzen bazaie. Izan ere, hala hobeto ulertzen ditut haien jokabideak, hutsegiteak... Azken batean, pertsonak gara. Konfiantza hori izatea funtsezkoa da. Bestalde, ni entrenatzailea izan arren, haien berdina naiz. Ez nahiz haiek baino gehiago horregatik, eta errespetutik abiatuta hitz egiten diet.

Zure lana hasi zinenean baino errazagoa edo zailagoa da? Zertan aldatu da?

Aldaketarik handiena Internetek eta teknologia berriek ekarri dute. Hasieran aurkarien inguruan jartzen nizkien bideoak ikusi, eta oraingoak ikusi, ez du zerikusirik. Lan gehiago eskatzen dute, baina aldi berean askoz hobeak eta landuagoak dira. Bestalde, mailaz igoz joan ahala, lana handitu egin da, noski, exijentzia ere handiagoa delako.

Zertan aldatu da emakumeen saskibaloia?

Denean. Batetik, kluben egituran. Askoz handiagoak eta profesionalagoak dira. Ni hasi nintzenean, txapelketetara bakarrik joaten nintzen: ni nintzen entrenatzailea, beroketan aginduak ematen nituena, masajista, edatekoa jartzen niena... Orain, jende asko dut inguruan, arreta handiena entrenatzaile lanean jartzeko modua ematen didana. Bestalde, orain, jokoa fisikoagoa da. Alor horretan ere jokalariak hobetu egin dira. Atletikoagoak dira, eta, horri esker, teknikoki ere salto bat eman dute.

Aldaketa horiek kontuan hartuta, baduzu denbora formatzeko?

Egia esan, gutxi. Baina txapelketak berak ematen dizu formakuntza hori. Izan ere, aurkarien inguruan egiten duzun azterketa horretatik asko ikasten duzu. Gainera, orain, Internetez behar duzun guztia topatzen duzu.

Nola motibatzen zara?

Kluba pixkanaka joan denez hazten eta mugarriak ezartzen, beti izan ditut helburu berriak. Falta zaidan bakarra taldeak Europan jokatzea da. Hor dut arantza, ez nik bakarrik, baita klubak ere. Urteren batean uko egin behar izan diogu diruagatik. Hori da gogorrena. Baina uste dut orain lortuko bagenu aurrerapausoa eman beharko genukeela, bestela kluba erdibidean geratuko da.

Dirua aipatu duzu. Zer eskatu behar zaie erakundeei eta babesle pribatuei?

Uste dut, batez ere Aldundiaren aldetik, ekarpena ona izan dela emakumeen saskibaloiari begira. Hori gabe, ziurrenik orain kluba ez litzateke dagoen moduan egongo. Baina diru publikoa iristen den kopurura iristen da.Orain, erakundeei zera eskatu behar zaie: bultza ditzatela enpresa pribatuak emakumeen kirolaren alde egitera. Hori egin dezaketela uste dut.

Pena ematen dizu taldean harrobiko jokalari bakarra egoteko?

Aldaketa handia izan da, batez ere niretzat. Izan ere, apustu hau egin banuen, proiektua harrobikoaizateko zen, emakumeen saskibaloia bultzatzeko. Orain bost urte, bost jokalari genituen etxekoak, eta belaunaldi desberdinetakoak. Onintzak [Aduriz] eta Iulenek [Olabarria] erretiroa hartzea erabaki zutenean, jada ikusten genuen hori gerta zitekeela, ligaren maila handituz doan heinean, saltoa handiagoa baita harrobitik lehen taldera. Aldundiarekin hitz egin genuen, errealitate hori kontuan hartuta, harrobiarekin lan egiteko proiektu bat martxan jartzeko. Abian dugu, ez da erraza, baina ari gara.

Zuretzat ere garrantzitsua izango zen etxeko jokalariak izatea, ezta?

Noski. Txikitatik ezagutzen dituzu normalean, ordu asko egiten duzu lan haiekin, eta zerbaitondo ateratzen zaienean, gehiago pozten zara. Gustatuko litzaidake etxeko jokalari gehiago izatea lehen taldean jokatzeko moduan.

Asko falta da berriro hori gertatzeko?

Lara [Gonzalez], Maria [Erauntzetamurgil] edo Sara [Iparragirre] itzuli ezean, denbora pixka bat beharko dugu horretarako. Baina, esan bezala, horretarako ari gara lanean. Gorenean dauden beste bi euskal taldeei ere berdinpasatzen zaie. Etxeko jokalariek ere nahi izaten dute kanpoan jokatzearen esperientzia bizi. Normalak dira halako gauzak.

Eta emakume entrenatzaileen harrobia nola ikusten duzu? Hor zaudete zu eta Madde Urieta Araskikoa.

Ez da erraza iristea. Harrobian badira batzuk, eta pixkanaka gero eta gehiago. Baina askotariko arrazoiengatik, urrats erabakigarria egin aurretik utzi egiten dute: beste lan eskaintza bat jasotzen dutelako, lana eta familia uztartzeko zailtasunengatik... Ligan bertan, denboraldi honetan izan dira kaleratzeak, eta aukera bazegoen emakume entrenatzaile baten alde egiteko. Baina klubek ez dute horren alde egin. Hemen beti egon da emakume entrenatzaileen aldeko hautua. Guk eskolan bi ditugu, eta bat gure entrenamenduetara etortzen da ahal duenean, nola lan egiten dugun ikustera. Hori da bidea.

Zein izan da gehien markatu zaituen jokalaria?

Bat esatea bidegabea litzateke. Askok utzi dute arrastoa nigan, eta askotariko arrazoiengatik.

Zein izan da urte hauetan bizi izan duzun momenturik onena? Eta txarrena?

Nik uste Ohorezko Mailara igo ginen urtea, talde oso umila genuelako eta lan asko egin genuelako horretarako. Txarrena, berriz, jokalariak larri zauritu direnean.

Gorputz hezkuntzako irakasle ere bazara. Zer ematen dizu horrek ?

Nik ez nuen uste saskibaloian iritsi naizen lekura iritsiko nintzenik. Harrobiko entrenatzaile baten moduan ikusten nuen neure burua. Baina taldea gorenera iritsi zen. Egoera horretan, errazena baten alde egitea izango zen. Baina biak gustuko izanda, eta kontuan izanda entrenatzaile lana ez dela betirako, segitzea erabaki nuen. Nahiz eta batzuetan gogorra izan.

Zer da zailagoa gela bat edo talde bat kudeatzea?

Egunak eta egoerak daude. Baina esango nuke irakasle lanak entrenatzaile lanean laguntzen didala, eta alderantziz.

Noiz hartzen duzu atseden?

Udan, batez ere. Ikasturtean zehar apenas dudan horretarako denborarik. 08:00etan eskolara joaten naiz. 13:00etan bukatzen ditut hango lanak, eta eguerdian, bazkaldu, eta gimnasiora joaten naiz. Ondoren, klubera etortzen naiz, eta entrenamendua izaten dugu. Bukatzean, beti izaten dut lanen bat. Igandeetan, partida ez badugu, behintzat, ez naiz etxetik ateratzen. Irakurri, senarrarekin filmaren bat ikusi...

.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.