Errepikatzea xede

Athleticek gaur hasiko du liga; Realak eta Oiartzunek, bihar. Iragan sasoian egindakoa berrestea izango da hiruren nahia, titulua irabaztea, goian sendotzea eta mailari eustea, alegia.

2016ko irailaren 3a
00:00
Entzun
Euskal futbola inoiz baino osasuntsuago dago. 84 urte geroago, bost euskal talde ari dira gizonezkoen Espainiako Lehen Mailan. Emakumezkoetan, berriz, bigarren denboraldiz jarraian hiru euskal talde ariko dira: Athletic, Reala eta Oiartzun. Iragan sasoian helburuak ondo beteta, denboraldi honetan hori berretsi nahiko dute.

Athleticek liga irabazi zuen iragan denboraldian, bederatzi urteren ondoren. Sasoi honetan, gainera, Txapeldunen Ligan ariko da. Reala bosgarren izan zen, inoizko postu onenean, eta azken jardunaldira arte laugarren postuaren borrokan aritu ziren. Aldaketa gutxi eginda, beste pauso bat emateko prest da. Azkenik, Oiartzun aise salbatu zen maila nagusira igo berritan, eta xedea mailari eustea izango da berriz.

Athleticek gaur 15:00etan Albacete jasoko du, Sondikan —Lezamako lanak amaitu arte bertan ariko da—; Reala eta Oiartzun bihar 12:00etan hasiko dira: Oiartzun etxean, Espanyolen aurka; Reala, Levanteri bisita eginez.

JOSEBA AGIRRE Athleticeko entrenatzailea

«Txapeldunen Liga polita da, baina benetan ondo ligan egon behar dugu»



Joseba Agirrek (Ortuella, Bizkaia, 1964) bigarren denboraldia izango du Athletic entrenatzen; lehenengoan liga irabazi zuen, bederatzi urteren ondoren. Horri esker, Txapeldunen Ligan ariko da Athletic: «Txapeldunen Liga polita da, baina benetan ondo ligan egon behar dugu». Bada, gaur ekingo diote liga txapelketari Albaceteren aurka, Sondikako Basozabal futbol zelaian, 15:00etan.

«Sasoi-aurre zaila izan dugu, giharretako lesio ugarirekin». Halere, lehen helburua bai gaur eta bai datorren astean irabaztea da Joseba Agirrerentzat, ondoren dagoen atsedenaldiaren aurretik. Helburu nagusia ere oso garbi du entrenatzaileak: «Partida guztiak lehiatu nahi ditut, denboraldi amaieran guztia borrokatzeko aukerak izateko». Taldeak hutsune handiak izan ditu, Irene Paredes atzelariarena batez ere—PSGra joan da—, baina «taldean daudenengan» pentsatzea nahiago du Joseba Agirrek.

Berritasuna, dudarik gabe, Txapeldunen Liga izango da: «Iragan sasoian egindakoaren saria da, baina gure helburua liga izango da, horrek ematen baitizu berriz Europan jokatzeko aukera. Lehiatu nahi dugu, baina liga ezin da alde batera utzi».

IGOR SAN MIGUEL Realeko entrenatzailea

«Aurrerapausoak eman eta iragan denboraldikoa hobetzea da helburua»



Realak Levanteri egingo dio bisita lehenengo jardunaldian (bihar, 12:00etan), iragan sasoian laugarren postua kendu zion taldeari, hain zuzen. Horregatik, «errebantxa puntu bat» daukatela dio Igor San Miguelek (Astigarraga, Gipuzkoa, 1974). Bigarren denboraldia du Reala zuzentzen: «Taldea indartsu dago, sasoi-aurrea oso ondo joan da, eta lehen partidarako gogoz gaude». Iragan sasoian egindakoa kasualitatea ez dela erakutsi nahi du denboraldi honetan: «Aurrerapausoak eman eta iragan denboraldikoa hobetzea da gure helburua». Horretarako, taldea ez du asko berritu Realak, baina hobetu, bai: Nerea Eizagirre, Naiara Beristain eta Nuria Sanchez Mulan fitxatu ditu. «Nerea kenduta, beste biek esperientzia handia dute. Oinarria mantendu dugu, eta hori oso garrantzitsua da, ez baitugu hutsetik lanean hasi behar».

Taldea berriz ere gaztea izango da, baina beste urtebeteko esperientzia horrekin «iragan sasoian egindako akatsak ez errepikatzea» espero du San Miguelek. Hasiera zaila izango du Realak, eta denen aurka jokatu behar den arren, «hasiera on batek goian edo behean jar dakiguke, eta gerra emango dugu», dio San Miguelek. «Nik uste dut hobekuntza lor daitekeela, eta hori da helburua. Jakitun gara ez dela erraza izango, baina gure partetik lanik eta gogorik ez da faltako».

GARI ARGOTE Oiartzuneko entrenatzailea

«Bigarren sasoia zailagoa da, horretan pentsatzen hobetu dugu taldea»



Oiartzunek bigarrenez jokatuko du Lehen Mailan jarraian, baina Gari Argoteren (Oiartzun, Gipuzkoa, 1977) lehen sasoia izango da taldea entrenatzen. «Iragan sasoian sei hilabetez egon nintzen bigarren entrenatzaile postuan, laguntzen, eta bildu nuen esperientzia apur bat». Oiartzun etxean hasiko da, Espanyolen aurka, bihar, 12:00etan.

Argotek garbi dauka zein den Oiartzunen helburua: «Lehen Mailan egotearen ametsa bizitzen jarraitzea, minutu bakoitza bete-betean jokatuz». Gainera, sasoia «zailagoa» izango dela iragarri du: «Bigarrena zailagoa baita, baina taldea horretan pentsatzen hobetu dugu». Bestalde, joan den denboraldian bi talde oso goiz geratu ziren atzean, eta «sei bat jardunaldiren faltan ia salbatuta» zeuden. Haren ustez, ordea, ez da hori bera pasatuko, eta mailari eustea «gogorragoa» izango da.

Fitxaketa asko egin ditu Oiartzunek, esperientzia bila, eta horrek luzera emaitza onak emango dizkio taldeari, Argoteren ustez; lehen jardunaldietan, ordea, elkar-ulertze falta suma dezake Oiartzunek: «Horretarako erabili dugu sasoi-aurrea, bata bestea ezagutzeko, baina oraindik ez gaude gure %100ean». Halere, talde «sendoa» izango direla uste du: «Talde gogorra izan nahi dugu, partida guztiei intentsitate handia sartzen dien horietakoa». Teknikoki agian ez dira besteen mailara helduko, baina Argotek badaki zer izan nahi duten: «Irabazi nahi digunak sufri dezala».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.