Erremontearen etxea mende erdiz

Larunbat honetan beteko dira 50 urte Hernaniko Galarreta pilotalekua inauguratu zutenetik. Ordutik, erremontearen gotorlekua izan da. Bat datoz erremontista ohi, bertako langile eta ikusleak: «Frontoi bat baino askoz gehiago da».

Galarreta frontoiaren barrualdea. JON URBE / FOKU.
Julen Etxeberria.
2020ko ekainaren 9a
00:00
Entzun
Erremontearentzat oso egun berezia izango da hurrengo larunbata: 50 urte beteko dira Hernaniko (Gipuzkoa) Galarreta pilotalekua, erremontearen katedrala, inauguratu zutenetik.

Orduko kronikek diote argia joan zela inaugurazioan. Seinalea izan zen, argi-ilunak izan baititu bai Galarretak eta bai erremonteak. Garai ederrak bizitakoak dira biak, baina behera egin dute. Egun, etenda dago lehia, koronabirusagatik, baina, ondo bidean, hilaren 20an edo 27an jarriko da berriro martxan. Galarretan sartzeko irrikan dira erremontezale asko. Bat datoz guztiak: «Frontoi bat baino askoz gehiago da».

KIKE ELIZALDE Erremontista ohia eta Oriamendi 2010 enpresako intendentea

«Lehen, udan, 43 egunez jarraian zeuden lehiak, eta bete egiten zen Galarreta»

Galarretan makina bat urte egindakoa da Kike Elizalde (Altsasu, Nafarroa, 1961) erremontista ohia eta Oriamendi 2010ko intendentea. «Aita erremontista izandakoa zen, eta harekin joan nintzen lehen aldiz Galarretara, 13 urte nituela. Lau urte geroago debutatu nuen, eta oraindik hemen jarraitzen dut. Nire bigarren etxea da. Hemengoak dira nire oroitzapen politenak».

«Galarretako uda ederrak» ditu gogoan. «43 egunez jarraian izaten ziren partidak; batzuetan, arratsaldez eta gauez, eta frontoia ia beti zegoen betea. Sekulakoa zen. Harmailak lepo, giro beroa, apustuen hotsa, tanto ederren burrunba... Inoiz ez da egongo orduko Galarretaren parekorik».

Elizaldek «faltan» sumatzen du garai hura. «Gauzak asko aldatu dira. Jende askoz gutxiago ibiltzen da orain frontoian. Gazteak falta dira bereziki. Telebistari eta Interneti esker, munduko edozein kirol ikus dezakete, eta horrek erakartzen die. Finalen egunetan giro polita egon ohi da, baina ez da lehengoa. Hala ere, nik edozeini gomendatuko nioke halako egunetan Galarretara etortzeko. Frontoi ederra da, eta oso erosoa ikuslearentzat. Denetarik du arratsalde polit bat pasatzeko. Nik oso argi dut: frontoirik onena da. Pilotarientzako ere oso aproposa da, are gehiago bertan obrak egin eta txukundu zutenetik».

«Irrikan» da Galarretara itzultzeko. «Tristea da itxita ikustea, baina, ondo bidean, aurki egongo da berriro irekia. Sekulako meritua du astean bitan frontoi batean partidak izateak. Nik argi dut: Galarretarik gabe, erremontearenak egingo zuen».

KOTETO EZKURRA Erremontista ohia

«Nik dena eman diot Galarretari, eta Galarretak dena eman dit niri»

Zortzi urte zituenekoa du Galarretako lehen oroitzapena Koteto Ezkurra erremontista ohiak (Doneztebe, Nafarroa, 1973). «Inoiz ez dut ahaztuko Galarretara aitarekin joan nintzen lehen aldia. Zur eta lur geratu nintzen: aparkalekua, auto ederrez lepo; jendea, oso dotore; emakume bat, sarreran loreak banatzen; harmailak, gainezka; erremontistak, zuri-zuri; puru usaina... Zoragarria zen. Ordutik, ametsa izan nuen bertan jokatzea».

16 urterekin betea zuen ametsa. «Gozamena zen Galarretan jokatzea, batez ere udan. Egunero zeuden partidak, eta frontoia beteta egoten zen ia beti. Diru asko jokatzen zen, eta horregatik, pasio handiz bizi ziren partidak: zalaparta handia egoten zen. Eta horrek guztiak goia jotzen zuen buruz burukoetan. Zirraragaria zen. Pilotari batentzat, ez dago horren parekorik. Gozamen hutsa da. Horregatik, txapelekin baino gehiago, udako arratsalde eder horiekin geratzen naiz».

Ezkurrak aitortu duenez, Galarretak arrasto handia utzi dio. «Galarretan jaio nintzen pilotari gisa, eta bertan hazi naiz. Bertan egin naiz pertsona. Nik dena eman diot Galarretari, baina Galarretak ere dena eman dit. Oso maitatua sentitu naiz bertan. Horrek balio dit niri, ez txapelek. Zoragarria da sentitzea toki batean oso maitatua zarela».

Horregatik, Galarretara joateko «irrikan» da. «Astero joaten nintzen, hangoa baitut lagun kuadrilla. Haiekin afaltzen nuen ostegunero, eta horren falta dut. Galarreta frontoia baino askoz gehiago baita. Lagun artean egoteko toki ederra ere bada».

JUANTXO MUJIKA Artekaria

«Egungo gazteek ez dute frontoian apustuakegiteko ohiturarik»

Frontoietan artekari lanetan urte gehien daraman laguna da Juantxo Mujika puntista ohia (Anoeta, Gipuzkoa, 1942): 48 urte. Horietatik 47 urte egin ditu Galarretan. «Ameriketatik iritsi berri hasi nintzen artekari lanetan. Lehenbizi, Euskal zaharrean aritu nintzen, baina segituan hasi nintzen Galarretan. Oso ondo joan zait. Ezin naiz kexatu».

Galarretaren garairik onenak ezagutu ditu. «Jendetza ibiltzen zen, batez ere udan. Eskailerak ere lepo egoten ziren. Kanpotar asko etortzen zen, Madrilgoak, hipodromoan ibiltzen zirenak, eta dirutza mugitzen zen». «Diru asko» galdutakoekin gogoratzen da, baina ez du kopuru zehatzik eman nahi izan. «Hori sekretua da». Salbuespenak salbuespen, ez du arazo handirik izan kobratzeko. «Denetarik dago, eta inoiz norbaiten atzetik ibili behar izan dut, baina orokorrean, frontoiko jendeak konplitu egiten du».

Azaldu duenez, «sekulako beherakada» egon da apustuetan azken urteetan. 2008an jarri du mugarria. «Apustu etxeak azaldu ziren, eta haiekin, makinak. Hor hasi zen apustuen gainbehera frontoietan. Gazteek jada ez dute ohiturarik frontoian apustu egiteko. Lehen, lan asko egiten zen aste barruan, makina bat ordu sartuz, eta, gero, diru hori frontoian jokatzen zen. Kuadrilla osoak egiten zuen apustua, eta diru dezente egoten zen jokoan. Orain, ez dago halakorik. Gazteek ez dute dirurik horrela ibiltzeko. Kostata etortzen dira. Joxe Mari [Barrenetxea, Oriamendiko arduraduna] eta haren gertukoak lan handia ari dira egiten jendea erakartzeko. Ea orain, ETBren laguntzarekin, lortzen duten».

«Bigarren etxetzat» du Galarreta, eta, horregatik, asko sumatu du haren falta azkenaldian. «Desiratzen nago hara bueltatzeko. Aspaldi hartu nuen erretiroa, baina gustura joaten naiz hara, lagun handiak ditut bertan. Ez noa dirua irabaztera, ondo pasatzera baizik».

BARTOLO ITURBE ETA MARIA ROSA ANSA Erremontezaleak

«Asko gustatzen zaigu Galarretako giroa.Itzultzeko irrikan gaude»

Galarretako ikusle finak dira Bartolo Iturbe (Bedaio, Gipuzkoa, 1952) eta Maria Rosa Ansa (Arano, Nafarroa, 1955) senar-emazteak. Urnietan (Gipuzkoa) bizi dira, eta urteak daramatzate ostegunero eta larunbatero Galarretara joaten. «Bi osabek afizio handia zuten hara joateko. Frontoi kutuna dut», dio Ansak. Are kutunagoa du Imanol Ansa ilobak bertan jokatzen duenetik. «Duela bost urte egin zuen debuta, baina aurretik senarrak eta biok bagenuen ohitura ostegunero Galarretara joateko. Gero, ilobak debuta egin zuenean, larunbatetan ere joaten hasi ginen. Hala ere, Imanolek jokatu edo ez, ez dugu huts egiten. Asko gustatzen zaigu bertako giroa. Nik zalaparta handia sortzen dut. Jendea begira geratzen zait, baina niri bost. Mutilak animatu beharra dago. Sekulako gogoa dugu itzultzeko. Faltan sumatu dugu».

Ansak azaldu duenez, lehen baino emakume gehiago joaten da orain, erremonisten familikoak gehienak. «Ez gara ikusle asko izaten; beraz, elkar ezagutzen dugu». Ikusle gehiago ez egoteak ematen dio pena Iturberi. «Finaletan bai, orduan joaten da jendea, baina, bestela, ez asko, eta gazteak, gutxi. Pena da, kirol ikusgarria baita, eta erremontistak, sekulako kirolariak. Meritu handia dute. Baina badakizu, telebistan ez dena ikusten ez omen da existitzen. Gustatuko litzaidake jende gehiago gerturatzea. Merezi du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.