Endika Barrenetxea. Oriamendi 2010eko erremontista

«Erremonteak osasuna bermatuta dauka urte batzuetarako»

Urteak daramatza atzelari onena izaten, baina kantxatik kanpo ere lanean dihardu, erremontea indarberritzeko lanean, Oriamendi 2010 enpresaren eskutik.

JON URBE / FOKU.
jon eskudero
2023ko maiatzaren 16a
00:00
Entzun
Odolean darama erremontea Endika Barrenetxeak (Hernani, Gipuzkoa, 1990). Harekin hizketan hasi, eta berehala igartzen zaio pasioz bizi duela.

Balorazioak beti helmugara iristean egin ohi dira, baina Erremontariko bost jardunaldi igarota, zer-nolakoa egiten duzue?

Oso ona, arlo guztietan. Edalontzia erdi betea ikustea gustatzen zait, eta ondorioak positiboak dira oraingoz. Lehenengo aldi hartan esan zigutenean astelehenetan izango zirela Erremontariko jardunaldiak izua sentitu genuen. Frontoira nor hurbilduko zen galdetzen genion geure buruari, bestelako egunetan ere kosta egiten baita harmailetan jendea biltzea. Baina lehen urte hartatik gaur egunera harrigarria izan da bilakaera. Jardunaldi oro 300 lagunetik gora biltzen da Galarretan, eta bada zerbait. Iaztik ere gora egin du kopuruak, eta oso pozik gaude. Halere, oraindik badugu hobetzeko tartea.

Ikusle kopuruaz gain, kantxan ere aldaketak suma daitezke urtez urte Erremontarin. Zer berrikuntza dituzue aurten?

Pilotariontzat interesgarrien bihurtzen ari den txapelketa bilakatu da Erremontari. Bai telebistaren jarraipenagatik, baita formatu berrien ekarpenengatik ere. Egia da buruz burukoak bere xarma baduela, batez ere, banaka jokatzea gustatzen zaiolako pilotariari. Baina, dudarik gabe, txapelketa hau erakargarriena bihurtzen ari da. Besteak beste, set bidez jokatzen ari gara aurten, eta horrekin bete-betean asmatu dugu. Partidak emozio handikoak izaten ari dira, eta hurrengo urteari begira jada ideia berriak baditugu.

Telebista aipatu duzu. Audientzien berririk ba al duzue?

Urtero oso emaitza onak eman ditu. Iaz, esaterako, batez besteko jarraipena %3tik gorakoa izan zen. Oso txapelketa dinamikoa da, eta jendeak gustura ikusten du. Egia da ordutegi horretan beste kateetan ere lehia handia dagoela. Urrutira joan gabe, ETB2n El Conquistador programa dago, baina saio hori gustuko ez duen jende asko ere badago, eta kirolak beti izaten du jarraipen ona. Gure lehiaketak badauka tentsioa, intriga, teknologia berrien ekarpena... Hain zuzen, teknologia da gure ardatzetako bat, eta saiatuko gara finalerdi eta finaletan gauza berri gehiago eskaintzen gure ikusleei. Beraz, esango nuke Erremontari saio erakargarria dela.

Kirol arloari erreparatuta, bost bikote on osatzeko moduan izan zarete. Kontuan hartuta, gainera, hutsune bat edo beste izan dela: Iban Larrañagarena, kasurako. Ez da kopuru murritza.

Hori gutxi ez, eta nabarmendu beharko litzateke pilotarien adina. Ni neu, 32 urterekin, beteranoetako bat naiz. Soilik Urriza eta Zubiri dira ni baino zaharragoak. Beste pilotari guztiak 30 urtetik beherakoak dira, eta gaztetasun hori ere albiste pozgarria da. Gainera, oso ondo jokatzen ari dira denak. Orain arte oso partida gutxi izan dira bi setetan erabaki direnak, eta txapelketak distira baduela esan nahi du horrek. Urte batzuetarako osasuna bermatua dauka erremonteak, eta hori soilik lan eginda lortzen da.

Egoera kritikoagoak bizi izan ditu erremonteak, beraz.

Duela hamar urte, ni neu jaialdiko partida nagusiak jokatzen hasi nintzenean, ilunago ikusten nuen egoera, pilotari asko eta asko beteranoak baitziren: Ezkurra, Zeberio, Etxeberria III.a, Ion... Gaztetxo batzuk bageunden, baina beldur gehiago sentitu nuen orduan, izar horiek erretiroa hartzen hasi baitziren. Orain, beste izar batzuk agertzen hasi dira: Ansa, Ezkurra II.a, Azpiroz, Larrañaga, Segurola... Egoera zailetatik indarberrituta atera izan gara. Jakina denez, beste erremonte enpresa bat ere sortu zuten Nafarroan, eta hara joan ziren batzuk. Ematen zuen egoera kritikoa zela guretzat, baina aldaketa batzuk egiten hasi ginen, pilotari batzuek ere aurrerapausoa eman zuten, eta indartsu gaude orain.

Halere, gorakada hori ez da kasualitatez gertatu. Lana dago horren guztiaren atzean.

Noski. Bi urte eta erdian zortzi pilotarik egin dute profesionaletarako jauzia, eta beste bi baditugu puri-purian dauzkagunak. Oriamendi enpresa saiatu da azken urteetan ahalik eta lanketa txukunena egiten, eta bide horretan Galarretako ateak zabaldu ditu entrenamenduetarako, materiala eta irakaslea doan eskaini ditu, eta lan hori ari da fruituak ematen. Oraindik ere lan izugarri geratzen zaigu egiteko, eta adibide bat jarriko dut. Azken hilabetean Hernaniko DBH 4. mailako sei ikasgela pasatu dira Galarretatik, eta gazte guztiek oraintxe ikusi eta ezagutu dute erremontea lehen aldiz. Kezkagarri samarra da hori aitortu beharra, baina errealitatea ezin dugu ezkutatu.

Erremontearen bekatu handietako bat izan da Galarretako ateetatik kanpo atera ez izana. Ados al zaude?

Egia da garai batean Azpeitian [Gipuzkoa] erremonte eskola moduko bat izan zutela, baina gainerakoan ez da halakorik ezagutu. Oriamendi 2010ean hasi zen Galarretan lanean, baina eskuak libre izan arte 2014a ere iritsi zen. Nire iritziz, ordura arteko enpresaren jokabidea ez zen oso egokia izan. Pentsa, 2000n 107 jaialdi jokatu ziren Galarretan, eta sarrerak hogei euro balio zituen. Imajinatu erremontezale izatea ze garestia izan zitekeen. Gure modalitatea soilik jende jakin batentzat bideratuta zegoen. Konparazio batera, Erremontariko jaialdi bat ikusteak soilik bost euro balio du. Guk ikusleei erraztasun guztiak eman nahi dizkiegu. Molde haiek hautsi nahi ditugu. Horregatik, Erremontari Herriz Herri egitasmoa ere martxan daukagu, eta astero Gipuzkoako herriren batean ari gara jokatzen.

Egitasmo horretaz gain, Villabonako Behar Zana pilota eskolarekin elkarlanean erremonte saila jarri duzue martxan. Zertan datza proiektu hau?

Lehengo kontuak esaten hasi naiz, eta garai batean erremontista onek soilik izaten zuten Galarretan entrenatzeko aukera. Erdipurdiko pilotariak bazterrera uzten zituzten, eta ez zuten inon ibiltzeko aukerarik izaten. Horregatik, Oriamendik nahi du neska-mutilek erremontea ezagutu eta probatu dezaten, eta Villabonako pilota eskolarekin elkarlanean hasi gara. Haiek entrenamenduak antolatuko dituzte, eta materiala erraztuko diegu guk. Pilotari profesionalak ere bidaliko ditugu irakasle gisa. Egitasmo hau herri gehiagotara zabaltzea interesgarria litzateke.

Etorkizuneko pilotariengan ez ezik, ikusleengan ere jartzen duzue arreta, eta zu zeu aritzen zara gida turistiko lanak egiten Galarretan. Zer lan duzu, zehazki?

Marketin eta publizitate ikasketak dauzkat eginda, eta jada lau urte badira Jai Alive active experience delako proiektua martxan jarri genuela. Ia bi orduko bisita gidatuak izaten dira. Erremontea ezagutzen dute gertutik jaialdia hasi aurretik, eta gero partidak zuzenean ikusten dituzte. Frontoira jende asko hurbiltzen zen gorriak urdinen aurka jokatzen zutela ere ez zekiena, eta horrek bultzarazi gintuen egitasmoa martxan jartzera. Alferrikakoa zen jendea ekartzea ez bazekiten zer ikusten ari ziren ere. Harrituta geratu ginen harrera ona ikusita, kanpokoei bezain ondo etortzen baitzaie bertako askori erremonteari buruzko azalpenak ematea. Erremontea probatzeko aukera ere izaten dute. Niretzat euskal kulturaren parte bat erakustea da, eta gustura egiten dut lana.

Zer egiten zaie erakargarrien?

Pilotaren soinua eta abiadura. Zirrara edo atentzioa sortzen die pilotak gorputzean. Kosta egiten zaie barneratzea nola joka daitekeen pilotan abiadura horretan, eta kuriositatez egiten dituzte galderak. Erremonteak badauzka kontsumitu ahal izateko arrazoiak. Bertatik ez ezik, telebistatik ere emisio azkarrak eta dinamikoak ikusten ditut.

Erremontari txapelketara etorrita, gainerako bikoteen ustez, Ander Goikoetxea eta zu zarete hautagai nagusiak. Faboritotzat al duzue zeuen burua?

Oso indartsu hasi gara, eta sasoi bete-betean gaude. Partida asko jokatzen ditugu elkarrekin, konfiantzaz gaude. Baina betiko da, bi hilabete eta erdi irauten du lehiaketak, eta zaila izango da olatu honi eustea bukaerara arte. Entrenamenduak horretara bideratuko ditugu, eta ea lortzen dugun.

Egia al da egunero entrenatzen zarela? Oso profesionala zarela esaten dute.

Igandetan ez beste, egun guztietan entrenatzen naiz. Pertsona mugitua naiz, eta profesionala ez banintz ere kirol asko egingo nuke. Oriamendik entrenatzaile fisiko pertsonala jartzen du pilotari guztientzat. Unai Legarreta da bera, eta oso gustura aritzen gara. Ez du inolako errukirik izaten, harrigarria baita ematen digun egurra, baina gero kantxan igarri egiten dugu. Gerritik beherako lanketa oso gutxi neukan egina, eta harekin asko ari naiz hobetzen. Sasoi onean nago.

Garai zailagoak bizi behar izan dituzu, gaixotasun kroniko bat atzeman zizuten eta.

2016an buruz buruko finalera iritsi nintzen lehen aldiz, eta aktibatu zitzaidan gaixotasuna bi aste lehenago, Chronen gaixotasuna deritzona. Kazetari batekin izandako elkarrizketa argitaratu zen, eta orduan ohartu nintzen lehen aldiz nire hitzek nolako oihartzuna sor zezaketen. Tripak mugitu zitzaizkidan guztiz, eta presio hori kudeatzen ez jakiteagatik aktibatu zitzaidan gaixotasuna. Finalaren ondoren gaizki sentitzen nintzen, hamalau kilo galdu nituen, eta partida baten ondoren ondoezik sentitu nintzen. Ospitalera joan, eta orduan hasi zen istorio guztia. Gerora, hiru aldiz egon behar izan dut ospitaleratuta, baina alderdi positiboa ikusten saiatu izan naiz beti. Gaixotasunak beste zenbait gauzari balioa ematen erakutsi dit. Nire gorputza hobeto ezagutzen dut, zaindu ere gehiago egiten naiz, eta sei urteotan hiru final jokatu eta bi irabazi baditut; oso seinale txarra ere ez da. Ez daukat erlazio txarrik nire gaixotasunarekin. Bi hilabetean behin ospitalera joan, eta medikazio biologiko bat ematen didate zainetik. Kirolari profesional gehiago badaude arazo berarekin, eta animatzen ditut medikuengana joatera.

Egun, atzelaririk onena zara. Zer helburu dituzu aurrera begira?

Lanerako gogoa daukat. Indartsu nago fisikoki zein psikologikoki, eta uste dut hobetu dezakedala. 92 kilo dauzkat, eta kantxan izugarri ondo sentitzen nai: arin eta indartsu. Halere, beste koskatxo bat falta zait sasoi onenera iristeko. Hobetzen jarraitzea da nire helburua, eta txapel bat edo beste irabazten badut, askoz hobeto.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.