Maddi Barrocalek eta Olatz Ruiz de Larramendik irabazi dute AdosPilotaren Binakako Txapelketa. Igandean jokatu ziren finalak, Zumarragako Beloki pilotalekuan (Gipuzkoa), eta bikain jokatuta gailendu ziren Goiuri Zabaletaren eta Naroa Agirreren aurka (22-12).
Bi bikoteak izan dira onenak txapelketan, baina bereziki nabarmendu dira Barrocal eta Ruiz de Larramendi. Hasi eta buka, ez dute partida bat bera ere galdu. Ligaxkan zazpitik zazpi irabazi zituzten, eta finalaurrekoetan 22-11 hartu zituzten mendean Naroa Elizalde Etxekolonea eta Maite Ruiz de Larramendi Mujika.
Herenegun, lehen tantoetatik, atzean sendo aritu zen Ruiz de Larramendi, eta aurrean asmatu egin zuen Barrocalek. Barrocalek jaso du pilotaririk onenaren saria ere.
Bestalde, asteburuan hasiko da Binakako Txapelketako finalerdietako ligaxka. Larunbatean, Labriten, Elordi-Zabaletak Peña II.a-Mariezkurrena II.aren kontra neurtuko dituzte indarrak. Beste partida igandean jokatuko dute, Ogetan. Bertan, Laso-Imaz nor baino nor gehiago arituko dira Altuna III.a-Tolosaren kontra.
Mugarria trinketean
Trinketean mugarria ezarri duteLuis Sanchezek eta Inhar Ugartek. Nafarrak 40-29 irabazi zion Battitta Ducassouri Berezko Txapelketaren Lehen Mailako finalean, eta bizkaitarrak 40-34 Jon Saint Pauli Bigarren Mailakoa. Lehen aldia da hegoaldeko trinketelariek txapela janzten dutela.
Bestalde, zehaztuda Winter Seriseko finala. Maite Ortiz de Mendibilik eta Maialen Aldazabalek Erika Mugartegiren eta Arai Lejardiren aurka jokatuko dute.
Errematerik onena
Maddi Barrocal eta Olatz Ruiz de Larramendi nagusitu dira Ados Pilotako Binakako Txapelketan. Barrocal izan da pilotari onena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu