Leire Etxaniz eta Miriam Arrillaga

Erremate ederra txapelketa ederrari

Leire Etxanizek eta Miriam Arrillagak irabazi dituzte Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelak: Etxanizek pilota gozoarekin, eta Arrillagak mistoarekin. Etxanizek bosgarrena du, eta Arrillagak, estreinakoa. Biak ala biak «oso pozik» daude, txapelketari esker «gero eta emakume gehiago» ari direlako pilotan.

Patri Espinar, Miren Larrarte, Miriam Arrillaga eta Leire Etxaniz, finalak jokatu berritan, herenegun, Barakaldon. JUANAN RUIZ / FOKU.
Julen Etxeberria.
2019ko abenduaren 17a
00:00
Entzun
Emakume Master Cupeko lau eta erdiko txapelak Leire Etxaniz (Etxebarria, Bizkaia, 1990) eta Miriam Arrillagaren (Aginaga, Gipuzkoa, 2000) buruetan daude. Herenegun jantzi zituzten, Barakaldon (Bizkaia), udal pilotalekua bete zuten 800 ikusleren aurrean. Nagusitasun osoz irabazi zuten biek ala biek: Etxanizek Patri Espinar iazko txapelduna hartu zuen mendean, pilota gozoko hirugarren finalean: 22-14. Arrillaga, berriz, Miren Larrarteri gailendu zitzaion pilota mistokoko estreinako finalean: 22-11.

Etxanizek eta Arrillagak ondo ospatu zuten txapela. Biak elkartu ziren etxekoekin eta lagunekin mahai baten bueltan. Ospakizunek, ordea, ez zuten luze jo. Emakumezko pilotari guztiak bezala, ez bata ez bestea ez da profesionala. Beste zeregin batzuk dituzte, eta ezin dute hutsik egin. Etxanizek lan egiten du, Trapagaranen (Bizkaia), Amazon enpresa multinazionalak bertan duen logistika gunean. «06:30ean jada lanean egon behar nuen. Beraz, goiz oheratu nintzen. Garai hauetan, Eguberrien bezperan, gainera, lan pila dugu». Arrillaga, berriz, Administrazioa ikasten ari da, Zubietan (Gipuzkoa), bertako lanbide eskolan. Azterketa zuen atzo, goizeko zortzietan. Ez zegoen gustura egindako lanarekin. «Astean zehar gutxi ikasi nuen, finala prestatzeko entrenatzen aritu nintzelako. Eta asteburuan, batere ez. Ez zait ondo atera».

Azterketa ez, baina finala bai irten zitzaion ondo, primeran; baita Etxanizi ere. Biek aitortu dute irabazita «arantza» atera dutela. Izan ere, Etxaniz, iaz, final-laurdenetan, Espinarrek kanporatu egin zuen: «Guztiok nahi dugu gutxienez finala jokatu; iaz ez nuen jokatu, eta min egin zidan». Arrillagak ere arantza zuen sartua, aurten, Espinarrekin, 22-5 galdu baitzuen finala Leire Garairen eta Etxanizen aurka: «Finalera iritsi eta gero, ez nuen batere gozatu. Aitzitik, izugarri sufritu nuen. Ezinean aritu nintzen».

«Bikain» atera zitzaien plana

Oso bestelako sentipenarekin amaitu zituzten igandeko finalak. «Oso argi» zuten zer egin irabazteko, eta «oso pozik» ziren egitekoa «ezin hobeto» bete zutelako. «Atzean eduki nahi nuen Patri, aurrean arriskutsua baita. Eta helburua lortu nuen». Etxanizen arabera, «funtsezkoa» izan zen partida «indartsu» hasi izana. «5-0 eta 8-1 jarri nintzen, eta horrek konfiantza handia eman zidan. Burua hotz izan nuen, eta ondo eutsi nion aldeari». Arrillagak, berriz, «sakearekin» egin nahi zuen aldea, eta, «hasieran urduri egon arren», lortu zuen helburua. «Min egin nuen sakearekin [zazpi tanto egin zituen lehen pilotakadarekin], eta piloteoan ere ondo moldatu nintzen».

Bosgarren txapela irabazi du Etxanizek. Marka ikusgarria da, Emakume Master Cupen jokatutako sei txapelketetatik bakarrak egin baitio ihes: hirutan izan da binakako txapeldun, eta bitan lau eta erdikokoa. «Ez nuen inola ere espero halako emaitzak lortuko nituenik. Gogoan dut zalantza egin nuela lehen aldiz izena emateko orduan, eta Iker Amarikak [Emakume Master Cupeko zuzendari teknikoak] animatu ninduela. Bestela, agian ez nuen jokatuko. Oso pozik nago irabazitako txapelengatik, eta, sasoiari eusten diodan bitartean, jokatzen jarraituko dut».

Arrillagak, berriz, hirugarren parte hartzean irabazi du lehen aldiz txapela, banaka aritu den aurrenekoan. Horregatik, aitortu du «kostatzen ari» zaiola lortutakoa «barneratzea». «Igandean, ez nuen sinesten txapeldun nintzela. Baina jada hasi naiz barneratzen. Izugarri pozik nago».

Emakume Master Cupen izenarekin jokatutako seigarren txapelketa izan da hau, eta inoiz baino pilotari gehiago aritu dira, 92 guztira. Bi txapeldunak «oso pozik» daude txapelketak «segida» duelako, eta urtez urte «gero eta emakume gehiagok» ematen dutelako izena. «Berri bikaina» dela diote, baita uztailean EPE Emakume Pilotarien Elkartea sortu izana ere. «Bide luzea dago egiteko, baina ari gara egiten».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.