Jornet eta Nordskar garaile Zegama-Aizkorrin

Eguraldi txarraren ondorioz, kataluniarrak ez du modurik izan 2022. urtean ezarritako marka hausteko, baina 11. aldiz irabazi du. Emakumezkoetan, Malen Osa oñatiarra izan da bigarren.

Kilian Jornet, gaur, Zegama-Aizkorrin. GOTZON ARANBURU / FOKU
Kilian Jornet, gaur, Zegama-Aizkorrin. GOTZON ARANBURU / FOKU
Paulo Ostolaza.
2024ko maiatzaren 26a
16:00
Entzun

Hamabi aldiz aurkeztu, eta 11 aldiz irabazi. Kilian Jornet mito bat da Zegama-Aizkorri mendi lasterketan, geroz eta handiagoa. Bera nagusitu da 23. aldian ere. Sekulako erritmoa ezarri du hasiera-hasieratik, eta aurkari bakarra izan du: eguraldi eskasa. Bazirudien egun aproposa izan zitekeela 2022. urtean Jornetek berak ezarritako errekorra (3.36.40) hausteko, baina ez da hala izan. Hala ere, inoizko markarik onenetan bigarrena egin du: 3.38.08.

Lehen kilometroetan Elhousine Elazzaouik eutsi dio Sabadellekoari, baina marokoarrak erritmoa zertxobait apaldu duenean, tartea zabaldu du kataluniarrak. Gero, ezinezkoa izan da tartea txikitzea; amaieran zortzi minutu atera dizkio bigarren sailkatuari. Jornet bere buruaren aurka lehiatu da, beraz. Lehen erreferentzia puntuetan, errekorraren egunean baino azkarrago igaro da: Ultzaman 1.13 azkarrago, eta Sancti Spiritun 1.11 azkarrago. 

Korrikalari bat Aizkorrin gora, gaur. JUAN HERRERO /EFE
Korrikalari bat Aizkorrin gora, gaur. JUAN HERRERO / EFE

Ibilbidearen bigarren zatian, ordea, euriak Jorneten ametsa zapuztu du. Errekorrik lortuko ez zuela jakinda, Zegaman elkartutako ikusleak agurtzeko eta haiei eskerrak emateko baliatu ditu azken metroak. Izugarria izan da amaierara heldu denekoa, helmuga zeharkatu duen izarraren parekoa.

Pozez zoratzen zegoen: «Amets bat da Zegaman irabaztea, ametsik onena». Lasterketa «izugarria» izan dela esan, eta zaleen bultzada eskertu du: «Hegan eraman naute». Duela hamazazpi urte lortu zuen lehen txapela, 20 urterekin. «Zegama Zegama da. Baina ni ere Zegama naiz. Atleta gisa trebatu nau, eta nire ibilbidea ezin da ulertu Zegama gabe», adierazi du, berriz ere parte hartuko duela iradoki aurretik: «Beti dut itzultzeko gogoa».

Elazzaouik amaitu du bigarren, eta haren atzetik helmugaratu dira Bartlomiej Przedwojewski, Luca del Pero eta Manuel Merillas. Aritz Egea zumarragarra izan da lehen euskal herritarra, hamahirugarren postuan.

Osa, zoragarri

Emakumezkoetan Sylvia Nordskar norvegiarra nagusitasunez gailendu da (4.29.12), baina eguneko izen nagusia Malen Osa oñatiarrarena izan da. Bigarren amaitu du Zegama-Aizkorri korritu duen lehen aldian (4.35.19), eta ikurrina eskuetan zuela egin ditu azken metroak, ikusleen txalo artean.

Sylvia Nordskar, gaur. JUAN HERRERO / FOKU
Sylvia Nordskar, gaur. JUAN HERRERO / EFE

Nordskarri Theres Leboeufek eutsi dio hasieran, baina, behin lasterketa burua hartu duenean, inork ez dio itzalik egin. Lehen txapela du. Osak, etxetik gertu zebilenez, zaleen babes handia izan du, eta esker onez mintzatu da; oso pozik dagoela eta pribilegiatua dela adierazi du. Atzetik aurrerako lasterketa egin du; lan erdietan laugarren zihoan. «Estutu egin dut aurrera egiteko, eta bukaera luze egin zait, baina lortu dut aldeari eustea». Hogei segundo atera dizkio Marta Martinezi, hirugarrenari.

Lide Urrestarazu ordiziarra izan da Osak aurreratu dituenetako bat. Sancti Spiritun bigarren pasatu da, lasterketa burutik bi minutura, baina, azkenean, bosgarren bukatu du. Nordskarrek baino zortzi minutu gehiago behar izan ditu 42 kilometroak egiteko.

Osa, Nordskar eta Martinez, gaur, Zegaman. GOTZON ARANBURU / FOKU
Osa, Nordskar eta Martinez, gaur, Zegaman. GOTZON ARANBURU / FOKU
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.