Errekorren atzean, kolore anitzeko lehia

Max Verstappenen nagusitasunetik harago, bigarren postutik atzera lehia polita izan da amaitu berri den 1 Formulako Munduko Txapelketan. Araudiko aldaketak egonkortu egin dira.

1 Formula
1 Formulako gidariak, azken Sari Nagusiko irteera arrastoan, Abu Dhabin. ALI HAIDER / EFE
Laurentzi Garmendia
2023ko azaroaren 29a
05:10
Entzun

Zer gogoratuko dugu 2023ko 1 Formulako denboraldiaz? Ziurrenik, errekorren urtea izan dela. Errekor horien atzean izen bat eta talde bat daude: Max Verstappen eta Red Bull. Haien inguruan galdera bakarra sortzen da: «Noiz arte?». Eta galdera bera, beste modu batera formulatuta: «Zerk eragin dezake aldaketaren bat?». Izan ere, beti da denbora kontua egoera bat amaitu eta beste bat hastea. Hor daude urte hasierako Aston Martin edo denboraldi erdiko McLaren, bat-bateko jauziak posible direla ikusteko. Aniztasuna behar baitu ikuskizun orok, eta aurtengoan kolore askotako lehia bigarren postutik aurrera egon da. Hor ikusi dena ederra izan da.

Verstappenek ez du inolako erreparorik izan Las Vegasko sari nagusiko muntaketa mediatikoa eta ikuskizuna kritikatzeko. Irabazteak ematen duen botereak asko errazten du diskurtso askatasuna. Baina esandakoa hor dago. Ados egon ala ez, txalotzekoak dira korporatibismoen gainetik tarteka ihes egiten duten ahotsak. Zaku berean sar daiteke Lewis Hamilton, zenbait herrialdetako giza eskubideen falta, sexu askatasuna eta estatu bortxakeria salatuz. Nahiz eta ondoren kaskoa jarri eta betikora itzultzen diren.

Araudiaren bigarren urtea, balekoa

Bigarren urtea izan du iaz hasitako aldaketa aerodinamikoen aroak, eta, hasierako hutsegiteak gaindituta, ondorio sendoagoak atera daitezke. Dagoeneko autoek ez dute azpialdearekin boteka egiten, zoru efektuari neurria hartu dioten seinale. Autoen arteko lehia hobetu egin da, edo, gutxienez, elkarri hobeto jarraitzeko aukera. Bitxia da orain kasik aurreratze gehiago izaten direla lehorrean, euripean baino. Deigarria izan baita euripean batzuek besteen atzetik segitzeko joera erakutsi izana, inor nabarmendu gabe. Ayrton Sennak eta Michael Schumacherrek, esaterako, erakustaldia emateko aprobetxatzen zituzten egoerok, baina auto hauekin eta Pirelliren pneumatikoekin zaila da halako balentria bat.

Aurreraketen aurkari nagusia DRS ezaguna da. Erraztu egiten ditu; modu artifizialean, baina. Horrek gidarien estrategia DRS zuzengunean indartsu izatera behartzen du, beste ahalegin ikusgarriagoak baztertuz. Charles Leclercek Sergio Perezi Las Vegasen egindakoa kenduta, beste edozein aurreraketak balio handiagoa du DRS-ren laguntzarekin egindakoak baino. Zaila dirudi FIAk eta 1 Formulak sistema hori kentzea, batez ere autoek konbergentziarantz egiten baitute araudia bere horretan mantentzen denean. Eta berdinketa hori hausteko asmoz agintariek gustukoen darabilten sistema bilakatu da.

Aston Martinek galdutakoa McLarenek irabazi du

Taldeak ezin izan dio mailari eutsi, eta gabezia erakutsi du horretan, baina ederra izan da Aston Martin puntako taldeen artean agertu izana.Talde guztiek egin bezala, autoan garapenari segida ematen saiatu dira, baina guztiek ez dute aurrerapausoa eragin. Une batean atzeraka zihoazela zirudien, eta ez da hori gertatzen zaien lehen aldia. Ilusio handiarekin hasitako urtea galdera gehiagorekin amaitu dute, galdutako aukeraz penatuta. Bosgarren postuan amaitu dute denboraldia. Iazko zazpigarren postuarekiko hobekuntza da, baina erdibidean gelditu dira. Balio izan du, behintzat, erakusteko Alonsok ez duela galdu bere abiadura eta buru argia.

Interesgarriagoa, eta batez ere, luzeagorako izateko itxurarekin, McLarenen susperraldia izan da. Lando Norrisek behin baino gehiagotan jaso du Best of the rest titulu ez-ofiziala. Oscar Piastri ere gauza ederrak egiteko gai da, eta, taldea aspaldiko mailatik urrun badago ere, azpiegitura eta antolaketa prest ditu berriro aurrean egoteko, denboraldi hasieratik amaiera arte. Ondo bukatu dute, eta, neguan beste pauso bat emanez gero, Mercedesen eta Ferrariren artetik pasa daitezke.

Lehen postutik atzera, aniztasuna

Azkenean, Mercedesek lortu du bigarren postua autogileetan. Gidarietan ere bigarren postua nahi zuten Lewis Hamiltonekin. Baina Perezentzat izan da.  Ahazteko moduko urtea izan da Ferrarirentzat eta, batez ere, Mercedesentzat. Denboraldian zehar autoari egindako eraldaketa historiara pasatuko da. Eta ez emaitzak hobetu zituelako —ez baitzuen askorik hobetu—, baizik eta aurrekontu muga urratu gabe hori nola egin duen ulertzea kosta egiten delako.

Ferrarik ere bere kontzeptuari erdizka eutsi dio, Red Bullen eredura gerturatu baita. Baina Ferrarin aztertu beharreko aldaketa nagusia bestelakoa zen. Mattia Binotto bota eta Fred Vasseur jarri zuten urte hasieran zuzendari. Aldaketak ez du berehalako eraginik izan, baina joera ona erakutsi du: estrategian hobekuntza izan dute, eta behartu gabeko huts gutxiago egin dituzte. Oinarria sendotu egin du, datozen urtebeetarako konfiantza bereganatuz.

Batzuen ete besteen bizipenek, gorabeherek eta istorioek lehia polita sortu dute. Verstappenek gertu izan ditu 600 puntuak, baina ondorengoen artean berrehun puntuen langa pasatu dute sei gidarik. Perez eta Hamilton aurrerago gelditu badira ere, ez dira urrun ibili Alonso, Leclerc, Norris eta Carlos Sainz. Sei punturen aldea baino ez da izan lau horien artean. Guztiek lehia garbia izan dute, baita oso estua izan denean ere.

Gidatzeko orduan maila ona izan da, heldutasuna eta kalitatea sumatu da aurtengo parrillan. Ez da gauza makala, hiru gidari hasiberriak baitziren: Oscar Piastri, Logan Sargeant eta Nuck de Vries. Galtzaileentzat datorren urterako erronka Red Bull izeneko suziriaren abiadura berdintzea izango da. Nork esango luke iaz zigorra jaso zutela, eta aurtengo autoan eragina izatekoa zela? Haien eraginkortasuna izugarria da. Baina aro guztiek dute hasiera bat eta amaiera bat. Datorren urtea izango al da amaiera hori? Ez du ematen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.