Borja Rodrigo. Traineru Kluben Elkarteko presidentea

«Erreferentea Euskotren liga da, baina ETE liga ere indartu beharra dugu»

Rodrigok nabarmendu du TKEk modua eman duela tostako arraunketa udako kirol ekitaldirik nagusietakoa izateko. Orain, babesle indartsu baten bila dabiltza bi liga nagusiren presentzia handitzeko.

AITOR ARRIZABALAGA / TKE.
Mikel O. Iribar.
2021eko ekainaren 27a
00:00
Entzun
Azken xehetasun lanak bukatzen ari da Borja Rodrigo (Bilbo, 1977) Traineruen Kluben Elkarteko presidentea. Astebete falta baita Eusko Label eta Euskotren ligak hasteko, A Coruñan (Galizia). Hirugarren agintaldia du aurtengoa Rodrigok.

Denboraldia hasteko gogoz?

Bi ligei hasiera emateko astebete falta dela kontuan hartuta, pozik eta ilusio handiz gaude, gure momentua iristear baitago. Arrauna kirol oso sakrifikatua denez, udara baldintza onenetan iristeko, neguan lan handia egin behar dute klubek. Dagokien maila emateko presioa sentitzen dute. Bada, guk ere sentipen bera dugu: dena ondo ateratzea nahi dugu, eta alde horretatik, kezka apur bat badugu.

Arraunzale porrokatu batek zer ikus dezake sasoi honetan?

Bi ligetan maila ikaragarria ikustea gustatuko litzaiguke, arrazoiak bai baitaude; gizonezkoetan hogei estropada izango ditugu, iaz baino bi gehiago; eta emakumezkoetan, berriz, hamabi. Gainera, estropada beste eremu batean ere izango da: Rianxon [Galizia]. Funtsean, tosta finkoko maila gorenaz gozatzea nahi dugu.

Orain dela 18 urte sortu zen TKE. Ordutik, zer ekarpen egin dio arraunari?

Elkartea osatzen duten hamabi bazkideek, babesten gaituzten tokiko erakundeek, babesle pribatuek, hedabideek eta abarrek aukera eman dute udan lehiaketa kohesionatzeko eta egonkortzeko. Lehen, beharbada, ez zegoen hain antolatuta. TKEk kirol munduan lekua egitea lortu du, eta esan dezaket udako lehiaketa nagusia dela.

Aurrera begira, zein erronka ditu TKEk?

Udako lehiaketarik onena izatea nahi dugu, kirolarientzat eta zaleentzat. Eta hori nola lortzen da? Txapelketan zenbat eta zorroztasun handiagoa izan, orduan eta interes handiagoa izango dute kirolariek. Hori guztia lortzeko, urtez urte hobetzeko betebeharra dugu, etengabe; besteak beste, formatuan, teknologian eta, batez ere, berdintasunean. Ez gaitu arduratzen gizonezkoen arraunak bakarrik, baita emakumezkoenak ere. Kirolari eta gizarteari produktu osoa eskaini nahi diogu.

Euskotren ligan, hobetzeko tartea ikusten duzu?

Duela hamahiru urte, Euskotren liga aitzindaria izan zen emakumezkoen arraunean, eta, ordutik, bilakaera eta heldutasun handia izan ditu. Urtez urte, indarra hartu ahala, berrikuntza gehiago sartu ditugu; besteak beste, estropaden kopurua zortzitik hamabira igo dugu; diru sariak handitu ditugu; denboraldiko patroi onenari aitortza egiten diogu; araudi baliokidea gehitu dugu, eta dagokion dopinaren aurkako proba dute.

Liga horretan talde gehiago sartzeko asmoa duzue?

Progresiboki, baina pixkanaka, emakumezkoen arraunaren kalitatea handitzen jarraitu nahi dugu. Baina Euskotren liga indartzeaz gain, ETE liga ere indartu beharra dago. Izan ere,ezin dugu ahaztu Euskotren ligak gorengo maila izan behar duela; icebergaren punta da, erreferentea. Beraz, are garrantzitsuagoa da beheko aldea indartsua eta egonkorra izatea. Etxea ez da teilatutik hasi behar, azpitik baizik. Beheko mailan hazkunde handia balego, Euskotren liga handitu beharko genuke. Denbora behar dugu.

Arraun talde batek baino gehiagok iritzi diote txanda batetik besterako trantsizioan behar baino denbora gehiago igarotzen dutela, eta horrek egonezina sortzen duela arraunlarien artean. Nola eman irtenbidea arazo horri?

Aurtengo denboraldirako hobekuntzen artean kontuan hartuko dugu hori. Are, jada ezarri dugu zehaztapen bat, Euskal eta Galiziako telebistekin egindako elkarlanari esker. Txanda batetik besterako denbora mugatuko dugu, eta, modu horretara, dena arautuago eta ordenatuago egongo da, eta arraun talde bakoitzak jakingo du noiz dagokion irtetea.

TKEren historian, dopin kasuak egon dira; azkena 2019an. Zertan geratu dira?

Positibo eman duten kasuetan, tratatu eta espedientea zabaltzen zaie. TKEren zeregina da detekziorako sistema fintzea, kontrolak ahalik eta zorrotzen izan daitezen. Aurrekontuaren zati jakin bat dopinaren aurkako alorrera bideratuta dago. Zorionez, ez dira ohiko kasuak.

TKEk nolako egoera ekonomikoa du?

Izurriari zeharka begiratzen diogu. Orain babesle nagusi baten bila gabiltza bi liga nagusiren presentzia handitzeko eta TKEri bermea emateko. Ez da erraza, pandemiak guztioi eragin baitigu. Dena dela, uste dugu gauzak ondo egiten ari garela, eta emaitza hortxe dugu: jarraitzaileak, babesle publiko eta pribatuak, telebistako ikusle datuak... Eragile guztiei eskerrak eman behar dizkiet, garai gogor hauetan ere erakusten ari diren fideltasunagatik. Haien laguntzarik gabe, ezinezkoa izango litzateke aurrera jarraitzea.

Aurtengo COVID-19aren aurkako kontingentzia plana iazko bera izango da?

Protokoloa iazko bera izango den arren, neurri batzuk malgutu egingo ditugu, egoeraren arabera. Iaz, dena zen berria, eta hainbat alorretan ez ginen hain fin ibili. Egoerak ezustean harrapatu gintuen. Orain, aldiz, metodologia barneratu dugu. Azken batean, arraunlariak zaindu nahi ditugu.

Estropadetan publikoa egongo dela aurreikusi duzue?

Osasun agintariek diotenaren zain gaude, eta ikusi beharko da udal bakoitzak zer-nolako erabakiak hartzen dituen. Denon artean adostutako erabakia izango da, eta, alde horretatik, zuhurrak izan nahi dugu. Oraingoz, ez dugu aurreikusten estropadetan publikorik egotea.

Bi liga irabazteko zein talde ikusten dituzu faborito?

Gizonezkoetan sei talde ikusten ditut lehen postuetarako lehian: Santurtzi, Hondarribia, Orio, Zierbena, Urdaibai eta Donostiarra. Emakumezkoetan, berriz, badirudi aurten Orioren nagusitasuna ez dagoela hain garbi. Donostiarra, Arraun Lagunak eta Hondarribia ere indartsu daude.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.