«Denek bagenekien sasoi zaila izango zela», ohartarazi du Jean Monribot kapitainak. Arrazoi du, Baiona maila galtzeko hautagai izan baita denboraldia hasi zenetik. Oraingoz, beraz, aurreikuspenak betetzen ari dira.
Alta, esperantzarako tartea zabaldu zuen lapurtarren sasoi hastapenak. Toulon handiari irabaziz eta Castres indartsuarekin berdinduz ekin zion Baionak denboraldiari. Erakutsitako gogo eta grinak eta erasoan eraikitako jokaldiek txaloak eta laudorioak sortu zituzten. Hilabete eskas geroago, ordea, errealitatera itzuli da Lapurdiko taldea.
JOKO DESEGOKIA?
Orain arte Baionak jokatutako partidetan joko anitz ikusi ahal izan da. Vincent Etxeto kirol zuzendariaren filosofiari jarraiki, baloi anitz eskuz jokatu dituzte baionarrek. Luzaroan izan dute baloia, eta entsegua egiteko aukera anitz sortu dituzte. Baina uzta txikia izan du joko horrek. Fisikoki neke anitz pilatu du, eta, gainera, aukerak puntu bihurtzen egin du huts Baionak.Estiloa aldatzeko garaia al da? «Horrelakoak gara. Gure 22 metroetatik jokatuko ez bagenu, ez ginateke gu izanen. Filosofia horri eutsiko diogu», dio Monribotek. Jokoari uko egin gabe, gauzak lausotzea ere aukera bat da, aurkariek ongi baitakite Baionak erasorako joera duela. Hala, kontraerasoan min egiteko prestatzen dira. «Agian, tarteka, zigor kolpe batzuk ostikoz jotzen hasi beharko dugu, jokaldia egiten saiatu gabe».
Top14ak exijentzia handia du, eta taldeak oso gogorrak dira. Gogortasun hori ez da beti egokia joko anitz sortzeko. Baionak bere oinarriak berrikusi beharko ditu, mailari eutsi nahi badio.
DIZIPLINA FALTA
Joko anitz egiteak bere ordaina dakar. Hauspoa berotu eta bihotza bizitu ahala, nekea azkar pilatzen da, eta buruak argitasuna galtzen du. Uztartze irekietan, autokontrola eta argitasuna behar dira, faltak saihesteko. Nekearekin, baina, baionarrek falta inozoak egiteko joera erakutsi dute, aurkariei puntu errazak oparituz. «Zehatzagoak izan behar dugu gure zelaian gaudenean. Puntuak oparitzeko joera dugu. Hori zuzendu behar dugu», zehaztu du Guillaume Rouet uztartze erdiak. «Montpellierren aurka hemeretzi falta egin genituen. Horrela ezinezkoa da irabaztea», azpimarratu du Monribotek.Patua krudela izan da Baionarekin azkenaldian. Paueren aurka, lehen zatian txartel gorria atera zioten Jerome Schuster harroinari. Polemika piztu zuen epailearen erabakiak. Montpellierren aurka, berriz, jokalariek ez zituzten ulertu epailearen falta guztiak: «Energia anitz uzten dugu, eta injustizia sentimendu bat ere ukan dugun erabaki batzuekin. Baina horren gainetik pasatu behar dugu», dio kapitainak. Modu batean ala bestean, argi dago Baionak zorrotzago jokatu behar duela zigor kolperik ez jasotzeko.
ALDAKETA ETA LESIO ANITZ
Deigarria da Baionak oraino bere hamabostekoa ez duela atzeman. Castresen aurkako partidaren ondoren, zortzi aldaketa egin zituen Etxetok; aste bat geroago, zazpi; eta, hurrengorako, sei. Jokalarien sartu-irtenek ez dute esperotako emaitzarik eman.Egoera horri funtsezko jokalari batzuen lesioak erantsi behar zaizkie. Harroin postuan, adibidez, Iginiz, Schuster eta Kintxagixvili falta izan ditu. Azken bi partidetan, ezker espezialistarik ez, eta Cittadini eskuineko harroinak jokatu behar izan du. Atzo, berriz, kolpe latza jaso zuen Baionak, Bustos Moyanok hiru hilabeterako hartu baitu min.
Hiru partida garrantzitsu ditu aitzinean Baionak. Gaur, Arroxelari, bigarren sailkatuari, egingo dio bisita (18:30), eta jarraian bi aurkari zuzenen aurka ariko da: Lyon eta Grenoble. Hiru partida horiek pasatuta, argiago ikusiko da zein bide har dezakeen Baionak.