LUIS FERNANDO, 'DADIE'
Realeko jokalari ohia«Aurkariek oso gutxi behar dute irabazteko, eta hori kezkagarria da»
Realaren partida guztiak ikusi eta ondo hausnartu zalea da Luis Fernando Dadie (Pasaia, Gipuzkoa, 1966), eta, «odol hotzarekin» azterketa eginda, uste du Eusebioren jokatzeko era goia jota dagoela. «Gustatzen zait Realaren joko proposamena. Baloia oinetan izatea gustatzen zaio, atzetik jokatzea eta aurrean presioa egitea, hegaletara zabaltzea eta ahal duen guztietan erasoan aritzea. Hori guztia ondo dago, baina, emaitzek laguntzen ez dutenean, beste alternatiba bat bilatu beharra dago». Besteak beste, aurkariek Reala ondo ezagutzen dutela iritzi dio. «Eusebio ez da bere eskemetatik ateratzen, eta bistakoa da bere ideiak ez diola funtzionatzen aspaldian. Haren joko proposamenarekin Reala izugarri bat ere ikusi dugu, baina orain beste zerbait behar da. Aurkariek oso gutxirekin irabazten dituzte partidak, eta hori oso kezkagarria da. Aurrez pentsatutako gidoi berarekin kudeatzen ditu partidak entrenatzaileak. Pentsa: denok buruz dakizkigu zein aldaketa eta noiz egingo dituen».«Taldeak orain beste zerbait behar du». Bada, zein da soluzioa? «Ez zait iruditzen entrenatzaile aldaketa behar denik, oraingoz. Ni neu taldeak arduratzen nau, ez Eusebiok. Realari gol asko sartzen dizkiote, konfiantza erraz galtzen du, eta zalantzak areagotzen ari dira. Emaitza bolada on bat behar da, bestela, mailari eusteko helburuaz hasi beharko dugu hizketan, eta ez da broma».
ROBERTO LOPEZ UFARTE
Realeko jokalari ohia«Realak orain puntuak behar ditu, ez beste ezer. Eusebioren esku dago»
Esperientzia ugari izaki, futbola bolada kontua dela ondo baino hobeto daki Roberto Lopez Ufartek (Fez, Maroko, 1958), eta nabarmendu du oso fina dela garaipen eta porroten arteko muga. «Zorte txarragatik edo, Realak partida gehiegi galdu ditu aspaldian, eta olatu horrek krisi moduko batera eraman du. Eusebioren joko estiloa oso polita zen irauten zuen bitartean, baina bolada zailetan beste zerbait bilatu behar da». Alegia, uste du Eusebiok futbola ulertzeko moduari buelta bat eman behar liokeela. «Iraganari begira jartzen bagara, ohartuko gara Eusebiok ez dituela emaitza onak lortu bigarren edo hirugarren denboraldietan aurrez egon den taldeetan. Horregatik, orain beste zerbait behar du».Eraginkorragoa izango den joko baten alde egin behar luke apustu talde txuri-urdinak, Lopez Ufarteren esanetan. «Bakoitzak bere filosofia dauka, eta ez dira hortik ateratzen. Nire ustez, unean unera egokitu behar du entrenatzaile batek. Jakin behar da bilatzen eraginkorragoa izango den joko bat, sendoagoa. Realak orain puntuak behar ditu, ez beste ezer. Eta puntuak lortzen baditu, bere kasa etorriko da entrenatzaileak nahi duen joko ausart hori».