Errazen artean gaitzena

Athleticek zalantza askorekin ekingo dio gaur Espainiako Kopari; joan den sasoian, kluba eta zaleak esnatu zituen lehiaketa horrek

haritz gallastegi
Bilbo
2009ko urriaren 28a
00:00
Entzun
Athleticek Vallecasen ekingo dio gaur Espainiako Kopari. Rayo Vallecano dauka zain. Zozketa nolakoa izan zen jakin barik, Athleticek ez zuela zorte txarra izan ere pentsatuko luke baten batek, Rayo Vallecano Bigarren Mailako taldea baita. Gainera, itzulikoa etxean jokatzeko aukera izango du Joaquin Caparrosen taldeak. Baina Athleticek ez zuen zorterik izan zozketan. Izan ere, Europan aritzeak badauka abantailarik Kopako final-hamaseirenetako zozketan. Maila apalagoko aurkaria eta itzulikoa etxean jokatzeko aukera bermatuta zituen zozketa egin aurretik. Bada zozketan Bigarren Mailako talde bat, Rayo, eta Bigarren B mailako beste bost zeuden. Beraz, bistan da egokitu ahal zitzaion aurkaririk gaitzena izango duela aurrean.

Futbola apur bat jarraitzen duenak badaki Rayo Vallecano aurkari gogorra izango dela. Maila apalago batean lehiatzen aritu arren, talde osoa eta lehiakorra dauka bere aginduetara Pepe Melek. Lerro guztietan ditu esperientzia handiko eta kalitatezko futbolariak. Gaizka Toquerok ondo ezagutzen du Teresa Rivero estadioa. «Eibarrekin jokatu nuen joan den sasoian. Rayok oso jokalari onak ditu. Oso gogorra izango da neurketa», adierazi zuen atzo aurrelari zuri-gorriak. Berez, Lehen Mailara igotzeko egindako taldea da. Eta, oraingoz, bete-betean dago murgilduta helburu horretan. Hamasei punturekin hirugarren postuan dago, igoera postuetan, beraz.

Rayo, konfiantzaz gainezka

Orain arte eman beharreko pauso guztiak sendo eman ditu Rayok. Gauza onak baino ez dizkio ekartzen horrek taldeari. Batetik, talde guztiek behar-beharrezkoa duten lasaitasun instituzionala. Igotzeko prestatutako talde bat ustez dagokion postuan ez badago arazoak sortzen dira. Rayok, oraingoz, ez du gisa horretako buruhausterik izan. Lasaitasunak eta emaitza onek konfiantza ematen diote edozein taldeari, baita oso arriskutsu bihurtu ere. Moralez gainezka egotea baino gauza hoberik ez dauka talde batek. Are eta garrantzitsuagoa da futbolean ondo jokatzeko gaitasuna duen talde batean. Helburuak betetzen joateak gauza negatibo bakarra izan dezake. Denboraldiko helburua nagusiari lehentasun osoa ematea, hain zuzen ere.

Athleticentzat albiste ona izango litzateke Rayok Kopa alde batera lagatzea. Baina taldeak ez luke asmatuko pentsamendu horrekin zelairatuko balitz. Zaleen aurrean jokatzen duen talde bat sekula ez delako motibazio barik zelairatzen. Rayok lehen minututik presionatuko du. Zelai txikia da, eta, beraz, gehien estutzen duenak abantaila izango du.

Gogor presionatu beharko duAthleticek, aurkaria kontrolpean izateko. Zuri-gorrien helburu nagusia neurketa irabaztea da, baina ez galduta eta gol bat edo beste sartuta ere pozik itzuliko dira Bilbora. Hala ere, ez dirudi lan erraza joko eta emaitza krisian murgilduta dagoen talde batentzat. Athletic ez dago sasoian. Aurkariak ez bezala, konfiantza barik ari da jokatzen. Eta Ligan eskuratutako emaitza txarrekin kezkatuta, garrantzia handiagoa eman diote larunbatean Atletico Madrilen kontra jokatu beharko duten neurketari. Laburbilduz, teknikariek eta jokalariek jakin badakite ezin direla lehiakor izan hiru lehiaketetan. Aukeratu beharra daukate. Eta jakinekoa da Liga dela lehentasuna. Beste bi lehiaketak ederrak dira, baina betiere Ligan aparteko eraginik ez baldin badauka.

Hala ere, Caparrosek jokatzeko moduan dauden jokalari guztiak eraman ditu Madrilera, Markel Susaeta eta Javi Martinez ez beste. Bi jokalarioi atsedena eman die entrenatzaileak. Ez, ordea, David Lopezi eta Oscar de Marcosi. Biak osatu egin dira, eta, deialdian egon arren, ez daude partida osoa jokatzeko moduan. Deialdiari dagokionez, hiru aldaketa daude: Eneko Boveda, Xabi Etxebarria eta Iñigo Perez. Iñigo Perezek debuta egin dezake lehen taldearekin, jokatzeko aukera handia baitu. Iñigo Perez iruindarra da; 21 urte ditu, eta euskarrian eta zelai erdiko ezker hegalean jokatzen du. Iaioa da geldikako jokaldietan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.