UAE taldeko txirrindularia

Igor Arrieta: «Errazago aztoratzen nintzen hasieran; beste heldutasun bat dut orain»

Iaz taldean tokia egin ondoren, UAEren elastikoarekin garaipenen bat lortzen saiatuko da aurten Arrieta. Horrez gain, aurrenekoz ariko da itzuli handi batean: Italiako Giroan lehiatuko da. Taldekide du Tadej Pogacar. «Luxua da harentzat lan egitea».

Igor Arrieta. UAE
Igor Arrieta. UAE
enaut agirrebengoa
2025eko urtarrilaren 24a
05:10
Entzun

Denboraldi berriaren prestaketari azken ukituak ematen ari zaizkio Igor Arrieta (Uharte Arakil, Nafarroa, 2002). Calpen (Herrialde Katalanak) dago urtarril hasieratik, eta, aste hasieran itzultzekoa zen arren, egonaldia luzatzea erabaki du. «Eguraldi ederra dugu hemen, etxean ez bezala. Aprobetxatu beharra dago». Bigarren urtea izango du UAE taldean, eta «beste urrats bat» egiten saiatuko da. Pozik dago azken urteetan izan duen garapenarekin. «Beste gazte batzuei begiratuta, ematen du motel ibili naizela, baina 22 urte ditut oraindik».

Hiru aste barru hasiko duzu denboraldia. Tximeletak nabaritzen dituzu sabelean?

Oraindik pixka bat itxaron beharko dut lehiatzen hasteko, baina bai, dagoeneko gogoz nago. Era berean, presarik ere ez daukat: gero lasterketa asko izango ditut urte osoan. Murtzian izango dut aurrenekoa [otsailaren 15ean], eta gero Andaluziako Itzulian ariko naiz [otsailaren 19tik 23ra]. Aurreko denboraldia nahiko berandu bukatu nuenez, aurten hasiera apur bat atzeratzea erabaki dugu. Dena ondo joan da neguan; ea hemendik aurrera ere berdin gertatzen den.

Zure laugarren urtea izango da profesional gisa, eta bigarrena UAE taldean. Zer asmo izango duzu denboraldi honetan?

Asmoa izango da beste urrats bat egitea. Iaz denboraldi ona osatu nuen. Ondo egokitu nintzen talde berrira, eta txukun aritu nintzen lasterketetan. Bide horri eustea izango da aurtengo helburua. Taldekideei laguntzen ariko naiz lasterketa askotan, eta, beste batzuetan, aurrean egoten saiatuko naiz.

Italiako Giroan ariko zara aurten; debuta izango duzu hiru asteko itzuli batean. Ez da erronka makala izango.

Pauso hori egiteko garaia dela erabaki dugu. Esperientzia ederra izango da itzuli handi batean debuta egitea. Neure burua prest ikusten dut, nahiz eta jakin ardura handia izango dela. Izan ere, taldean ditugun liderrekin, beste txirrindulariok oso ondo aritu behar dugu. Giroaren kasuan, Ayuso izango dugu lider bakar, eta harentzat ahalik eta lanik onena egiten saiatuko naiz. Urteko prestakuntza horretara egongo da bideratuta.

Lanean buru-belarri aritu beharko duzu Giroan. Ordea, esan duzunez, beste lasterketa batzuetan askatasun handiagoa emango dizu taldeak. Zugan konfiantza duten seinale da hori.

Bai, batzuetan utziko didate neure kabuz lehiatzen, eta aukerak baliatzea gustatuko litzaidake. Azkenean, iaz gauzak oso ondo atera zitzaizkidan, eta uste dugu aurten beste koska bat igo dezakedala. Ez erortzea eta ez gaixotzea izango da lehen gauza. Eta hala, emaitza onak eskuratzea espero dut; helburua, garaipenen bat lortzea izango da.

«Ederra izango da itzuli handi batean debuta egitea [Italiako Giroan], eta neure burua prest ikusten dut»

Azpiko mailetan sekulako gaitasuna erakutsi zenuen, eta nahiko azkar iritsi zinen profesionaletara, Kern Pharmaren eskutik. Lehen garaipena lortzeke zaude oraindik, baina garapen sendoa izan duzu azken urteotan.

Bakoitzak bere bidea hartu behar du. Batzuei oso goiz iristen zaie itzuli handi batean lehiatzeko, garaipenak lortzeko edo World Tourrean aritzeko aukera. Soilik halako ziklistei begiratuta, ematen du ni motel ibili naizela. Baina 22 urte ditut oraindik. Nire kasuan, ez dut presiorik sentitu gorenera azkar iristeko. Afizionatuetan asko irabazteak ez du esan nahi profesionaletan ere beste horrenbeste gertatuko denik. Eta are gutxiago, iritsi berritan.

Zertan hobetu duzu gehien profesionaletara jauzi egin zenuenetik? Eta zer alorretan duzu hobetzeko tarterik handiena?

Lasterketa bakoitzak ikasgai bat dakar, eta orain esperientzia handiagoa dut. Horri esker, lasterketetan hobeto ikusten duzu noiz den zure momentua, eta noiz ez. Hasieran urduriago aritzen nintzen, eta errazago aztoratu. Bestelako heldutasuna dut orain. Eta errendimendu aldetik ere, hobetuz joan naiz, noski. Urteen joanean, nire tokia bilatzen ari naiz. Errematatzeko gaitasuna izan da beti nire ahulgune nagusietako bat, eta aurrera begira, alor horretan hobetu dezaket gehien.

Munduko talderik onenetako bat da UAE. Hots, hobetzeko toki aproposean zaude.

Talde honetan baino hobeto ezin naiz beste inon egon. Bikain zaintzen naute, baliabide ugari ditut eskuragarri, eta goi mailako txirrindulariz inguratuta nago. Lan egiteko eta ikasteko toki ezin hobea da.

Horrez gain, maisu ona duzu etxean [Jose Luis Arrieta, Movistar taldeko zuzendari ohia]. Aitaren gomendioei jaramon egiten diezu?

Bai, lasterketak aztertzea gustatzen zaio, eta lehiatu aurretik laguntza ematen saiatzen da. Lehenik eta behin, hori bai, taldeak emandako jarraibideei egin behar zaie kasu. Batzuetan aholku eske joaten natzaio aitari, eta beste batzuetan bera etortzen da nigana. Beti ez dut entzun nahi izaten [barrezka]. Denetariko momentuak daude.

2023an istripu larria izan zenuen, eta hortik gutxira iritsi zitzaizun UAEren eskaintza. Keinu polita izan zen.

Hori da. Urtea sasoiko hasi nuen, eta, istripuaren ostean, UAEk erakutsi zuen interesik handiena nigan. Eskertzekoa da halako momentu batean babesa eta konfiantza eskaintzea. Oso ondo hartu ninduten. Jende oso atsegina dugu taldean.

Halakoa da Pogacar ere? Eta zerk harritu zaitu gehien harengandik?

Oso taldekide ona da. Haren gertutasuna azpimarratuko nuke. Kanpotik ikusita, harrigarria izan daiteke, oso txirrindulari mediatikoa baita. Jende mordoa erakartzen du. Baina pertsona normala eta naturala da. Asko eskertzen da halako lider bat izatea. Gero, egia da entrenamenduetan ondo estutzen gaituela [barrezka]. Beste maila batean dago. Bere erritmoa ez da besteon erritmoa. Nahi izan gabe ere, jendea atzean uzten du.

«Entrenamenduetan ondo estutzen gaitu Pogacarrek. Nahi izan gabe ere, jendea atzean uzten du»

Oso zaila izango da harentzat iaz egindakoa hobetzea.

Bai, oso zaila. Ez dakit halako denboraldi bat berriro ikusiko dugun. Agian bai, baina iazkoa sekulakoa izan zen: Giroa, Tourra, Munduko Txapelketa… Aurten ere ziur gauza asko irabaziko dituela. Ortzadar maillotarekin lehiatuko da, eta gogo handiz ari da sasoia prestatzen.

Berarekin lehiatzeko aukera gutxi izan duzu orain arte. Esperientzia ederra izan behar du.

Egia esan, luxua da harentzat lan egitea, gero gehienetan irabazi egiten baitu. Baina emaitzez harago, haren nortasuna ere goraipatzekoa da. Oso esker onekoa da taldekideokin, eta horrek motibatu egiten gaitu.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.