Asier Riesgo. Eibarreko atezaina

«Erraza dirudi, baina zaila da Lehen Mailan segitzea»

Riesgok laugarren sasoia hasiko du Eibarren, eta, orain ere, taldeko kapitainetako bat da. Lan giro ona dutela dio, eta aurreko sasoiko taldearen antzekoa dela oraingoa ere. Asko jokatu edo gutxi, badaki taldeari laguntzea duela bere lana: «Baloratua nago».

JAIZKI FONTANEDA / FOKU.
Aitor Manterola Garate.
<i>Arrasate</i>
2018ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Aurreko larunbatean eta igandean Alemanian denboraldi-aurreko partida bana jokatu eta gero, asteleheneko lan saioa arina izan zen Eibarreko jokalarientzat. Indarrak zaindu beharrean dira, igandean hasiko duten Ligari ahalik eta ondoena ekiteko. Hain zuzen, ondo hasteari garrantzia eman dio Asier Riesgo atezainak (Deba, Gipuzkoa, 1983).

Zertan aldatu dira oraingo denboraldi-aurreak eta duela urte batzuetakoak?

Eibarren lehen aldia egin nuenean, Blas Ziarreta zen entrenatzailea, eta baloia erabili gabe lantzen genuen arlo fisikoa. Orain, aldatu egin da. Mendirekin [Jose Luis Mendilibar] dena baloiarekin egiten da, espazio txikietan. Fisikoa baloiarekin lantzen du, eta asko eskatzen digu ariketa guztietan.

Oraindik ere bada jendea esaten duena baloirik gabe ondo landu behar dela fisikoa.

Partidetan ikusten da ondo lehiatzen garela. Denboraldi-aurrean, Alemaniako taldeen aurka, fisikoan oso indartsuak izanik, guk aurre egin diegu.

Liga hasierako aste hau beste bizitasun batekin bizi izaten duzue?

Bai. Aurreko asteburuan, denboraldi-aurreko azken bi partidetan, antzematen genuen liga gainean dugula, eta irrikaz gaude lehiaketa ondo hasteko.

Ez aurreko sasoian bezala, hasiera zeharo txarra izan baitzenuten.

Hasierak garrantzitsuak dira konfiantza hartzeko. Ea ondo hasten garen igandean, Huescaren aurka. Igo berria bada ere, badakigu talde horiek ondo hasten direla maila berrian, aurreko denboralditik dakarten dinamikagatik. Ematen du irabazi egin behar dugula, eta erraz, eta saiatuko gara, baina ez pentsa erraza izango denik.

Ondorengo jardunaldietan, Getafe eta Reala izango dituzue aurkari. Azkenean, zuk diozun bezala, aurkari guztiak dira zailak.

Ez dakizu nondik aterako zaizkizun aurkariak hasiera honetan, eta, bestela ere, denak dira zailak. Ea hiru partida hauetan, geldialdiaren aurretik, ahalik eta puntu gehiena ateratzen dugun. Partidaz partida joan behar dugu.

Helburua mailari eustea da?

Dudarik gabe. Gure aurrekontuak hor jartzen gaitu. Zaila da mantentzea, nahiz eta azken denboraldiak onak izan. Badakigu non gauden, zein den gure helburua, eta oso garbi eduki behar dugu.

Ohitu egin daiteke jendea Eibar Lehen Mailan ikusten, eta ez dago arriskua mailari eustea baino zerbait gehiago eskatzen hasteko?

Jendeak oso barneratua dauka zein den gure helburua. Beste gauza bat da lehen itzulian puntu asko ateratzea, eta, helburua ia lortua uztearen ondorioz, beste helburu batzuetan pentsatzen hastea.

Jose Luis Mendilibarrek esaten du 11 edo hamabi talde ibiltzen direla denboraldi guztietan ez jaisteko lehian. Ados zaude horrekin?

Bai. Beti egoten da talde bat ezustean ondo ibiltzen dena, eta alderantziz. Gu hamabi talde horietako bat izango gara, eta kontu txikiek erabakiko dute talde bat hamabigarren izan edo hemezortzigarren. Berdintasun handia dago, eta emaitzak erabakitzen dituzte kontu txiki horiek. Gu oso ondo moldatu gara aurreko denboraldietan kontu txiki horietan, eta konfiantza handia ematen du horrek. Ea hasieratik gai garen berriz ere asmatzeko arlo horretan. Azkenean, buruak lan handia egiten du, onerako eta txarrerako. Dinamikak izaten dira, eta ikusi zen aurreko denboraldian horrela ibili ginela.

Zer ikasi zenuten aurreko denboraldiko bolada txar hartan?

Hau ez dela erraza. Bi denboraldi on eginda gentozen, baina berehala aldatu zen joera. Gol bat sartzen zigutenean, ez ginen gai izanbuelta emateko. Oso zaila da partidak irabaztea Lehen Mailan; batez ere, atzetik jartzen zarenean.

Taldekideei dagokionez, inoiz baino ezagun gehiago aurkituko zenituen lehen egunean, askok kasu egiten diozuelako.

Gutxi aldatu da taldea, eta entrenatzeko orduan lagundu digu, entrenatzaileak zer nahi duen badakigulako, haren ideia barneratua dugulako. Fitxatuentzat ere errazagoa da egokitzea horrelako egoeretan, eginda dagoelako taldea. Beste aukerarik ez dute izaten [barrez].

Dani Garcia falta zaizue orain, eta zulo handia ez al du utziko, zelaian eta zelaitik kanpo?

Antzemango dugu ez dagoela. Bigarren B Mailatik Lehen Mailarako bidea egin zuen hemen, eta,gainera, liderra izatearen lana oso ondo betetzen zuen. Taldearentzat zuloa da, baina ari gara saiatzen ordezkatzen. Partida gehienak jokatzen zituen, baina haren lekuan oso jokalari onak dauzkagu, maila oso onekoak, eta erakutsi dute denboraldi-aurrean.

Joan direnen eta etorri direnen ezaugarriak elkarren alboan jarrita, taldeak, gutxi asko, aurreko denboraldikoaren antz handia dauka, ezta?

Bai. Antzekoak dira ordukoa eta oraingoa. Ea emaitzek laguntzen diguten. Oso ondo ari gara entrenatzen, eta denboraldi-aurreko azkeneko partidaten ere oso txukun egin ditugu egin beharreko guztiak. Orain, baloia aurkariaren sarean sartzea tokatuko zaigu.

Kapitainetako bat zara orain ere, Ivan Ramis eta Gonzalo Escalantarekin batera. Dani Garciaren zuloa betetzea tokatuko zaizue alde horretatik ere.

Bai. Jokalari asko gaude entrenatzailea eta haren jokatzeko modua ondo ezagutzen ditugunak, eta gure lana ere bada jokalari berriei erakustea zein diren ezaugarri horiek guztiak. Bide onean bideratu behar ditugu, eta ondo ari gara, taldearen laneko dinamika eta giroa oso ona delako. Oso sanoa da Eibarreko taldea denboraldi honetan ere. Gogo handiarekin gaude, gauzak egiteko irrikaz, eta, orain, betikoa da, emaitza onak atera beharko ditugu.

Kapitainak Mendilibarrek aukeratzen ditu, ala baduzue beste moduren bat, taldean egindako urteen aldagaia, adibidez?

Ivan eta ni lehen ere baginen kapitainak, eta Gonzalo da taldean denbora gehien daraman beste jokalarietako bat. Azkenean, guk ezagutzen dugu ondoen entrenatzailea, taldearen dinamika, zein den ibili beharreko bidea...

Hiru atezain geratu zarete azkenean: Marko Dmitrovic, Yoel Rodriguez eta zu. Zer iritzi duzu egoeraz?

Hirurok geratuko garela ematen du. Ez da erraza beti batek jokatzea, eta beste biek aukerarik ez izatea, baina aurreko denboraldian ere horrela geunden, eta oso ondo barneratu genuen egoera. Gure arteko harremana oso ona da, gainera. Badakigu taldearen onerako dela hirurok geratzea, eta bakoitzaren asmoen gainetik taldea jarriko dugu, beti bezala. Bakoitzak egotea tokatzen zaion lekutik lagunduko dio taldeari.

Jokatu nahi izaten duzue jokalariok, baina jokatzen ez dutenen lanak ere aparteko garrantzia dauka taldean, eta lan hori egiten duenari ere garrantzi handiagoa ez litzaioke eman beharko?

11k jokatzen dute, eta taldeko erdiek baino gehiagok, ez. Horien lana da ondo entrenatzea, gogoarekin segitzea, eta, urteen joanean, konturatu naiz hori dena zein garrantzitsua den, taldeari asko ematen diotelako giro onari eusten. Gainera, jokatzea tokatzen zaigunerako ere prest egon behar dugu. Begira, aurreko sasoian nolako maila eman zuten gutxi jokatzen zutenek. Entrenatzailearen jarrera ere garrantzitsua da gauza hauei eusteko orduan, eta Mendik lan oso ona egiten du horretan.

Ikusirik aurreko sasoian oso gutxitan jokatu zenuela, izan duzu taldea uzteko tentaziorik azkenaldian?

Ez. Uste genuen bi atezain egongo ginela denboraldi honetan, baina hiru gaude, eta, hala ere, berdin zait hemen geratzea. Oso gustura nago. Ez dakit zenbat jokatuko dudan, baina taldeko giroa eta lana ona da, eta baloratua sentitzen naiz. Ez da bakarrik jokatzea ahalik eta gehien. Bestela ere, lan handia eta ona egin daiteke.

Kontratua bukatuko zaizu denboraldi honen amaieran. Zer duzu buruan etorkizunari begira?

Ez dut ezer baztertzen. Gozatzen ari naiz futbolean, baina agian utzi egingo dut, edo agian jarraitu, hemen edo beste nonbait, beste esperientzia batzuk ezagutze aldera. Aukera guztiak zabalik dauzkat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.