Frantziako Tourra

Erraza balitz bezala

Philipsen hirugarrenez nagusitu da aurtengo Tourrean; aurrea hartu dio Cavendishi esprintean, eta marka gabe utzi du. Vingegaardek lider segitzen du

Erraza balitz bezala.
enaut agirrebengoa
2023ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Azkarren artean azkarrena dela berretsi zuen atzo Jasper Philipsenek (Alpecin). Tour honetako hirugarren esprinta jokatu zen Bordelen (Okzitania), eta hirugarrenez gailendu zen txirrindulari flandriarra. Baionan (Lapurdi) estu hartu zuten aurkariek, araudiaren mugan aritzeraino. Atzo, baina, ez zuen aurkaririk eduki. Mark Cavendish (Astana) izan zen apur bat artegatu zuen bakarra. Esprinta aurretik hasi zuen hark, ustekabea eman eta marka egin nahian. Garaipen bakarra falta zaio Tourrean inoiz izan den ziklistarik irabazleena bilakatzeko. Beste batean izan beharko du, ordea, Philipsenek tximista bezala aurreratu zuen. Cavendishen atzetik, Biniam Girmay (Intermarche) izan zen hirugarren.

Mendiko bi etapa nekagarriren ondoren, atseden hartzeko hautua egin zuten ziklistarik gehienek. Beroak ere lehiarako grina apaldu zien, tenperatura aurreko etapetan baino dezentez beroagoa izan baitzen; 30 gradu ingurukoa. Horiek hala, apenas izan zen lehiarik ihesaldia osatzeko, eta lau txirrindulari oldartu ziren bakarrik: Simon Guglielmi (Arkea), Nelson Oliveira (Movistar), Jonas Abrahamsen (Uno-X) eta Mathieu Burgaudeau (Total). Begira-begira gelditu zitzaizkien tropeleko kideak, nagi. Iheslariek ere elkarri begiratu zioten, eta, halako batean, hanka altxatu zuten Oliveirak, Abrahamsenek eta Burgaudeauk. Hasi orduko eman zuten amore. Guglielmik, berriz, eutsi egin zion abenturarako gogoari. Txirrindularia bere bakardadean.

Frantziarrak dezenteko tartea zabaldu zuen hasierako kilometroetan, atzean aho zabalka zeudela baliatuz. 6.30en errenta hartzen utzi zioten iheslari bakartiari. Haatik, azkarrenen taldeek berehala zapuztu zioten ilusioa, tiraka hasi arau. Aldeak behera egin zuen kilometroen joanean, eta 45 segundo eskasera murriztu zen tarteko helmugan, esprinterren arteko zalapartaren ondorioz. Girmayk aurrea hartu zien Philipseni eta Mads Pederseni (Lidl). Sailera itzuli ziren puntuak bildu ondotik; ekinari lotu zitzaizkion, aldiz, Nans Peters (Ag2r) eta Pierre Latour (Total). Helmugatik 78 kilometrora irten ziren tropeletik, eta berehala egin zuten bat Guglielmirekin.

Bakarlari saiatua elkarlanean aritu zen bi ehiztari sonatuekin; harik eta eguneko mendate bakarrean atzean gelditu zen arte. Kilometro bakarreko koska leun bat zen, baina erregaia amaitu egin zitzaion Guglielmiri. Petersek eta Latourrek abaila bizian jarraitu zuten, haizea lagun. Luzaroan eutsi zioten minutu baten errentari. Alabaina, Petersek nahikoa zela esan zuen sei kilometro falta zirela: Latourren erreleboek gogotik sufriarazi zuten, eta, gainera, tropela gainean zuten ordurako. Beste hiru kilometroan eutsi zion agoniari Latourrek.

Bizkorrenen lehia

Esprinterren txanda iritsi zen etaparen amaieran, eta Mathieu van der Poelek (Alpecin) berriz ere bideratzaile lanak egin zizkion Philipseni. Emaitza aurreko aldietako berbera izan zen, baina flandriarra ez zen berehala abiatu, eta abiada galdu zuen hasieran. Aldi berean, Cavendish bizi irten zen eskuinetik, garaipenaren bila. Alferrik, ordea: esprintak jolas hutsa dira Philipsenentzat. Ezker-eskuin begiratu, eta aurkari guztiak aise aurreratu zituela jabetu zen.

Gaurko etapa ere nahiko laua da, baina bukaera bihurria izango du, azken kilometroetan laugarren mailako bi igoera edukiko baitituzte. Libourne eta Limoges artean lehiatuko dira ziklistak, eta 200 kilometroko lana osatuko dute. Atzo bezala, horiz ariko da gaurkoan ere Jonas Vingegaard (Jumbo).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.