Erpinaren azpian, oinarri sendoa

Haztegia berme da oraindik ere Osasunarentzat. Arrasatek sarri egiten dio so, eta gazteek bikain erantzuten dute. Etxekoen bultzadaz Real Madrili irabazten saiatuko dira gaur gorritxoak.

Diego Moreno eta Nico Melamed, Osasunak eta Espanyolek hilabete honetan jokatutako partidan. ALEJANDRO GARCIA / EFE.
enaut agirrebengoa
2023ko otsailaren 18a
00:00
Entzun
Piramide itxurako egitura du Osasunak. Goialdean lehen taldea dago, eta oinarrian, Taxoareko harrobia. Itzalpean gazteekin egiten den lana da klubaren zimendua. Etxeko jokalaririk ezean, goiko erpinak ez luke sostengurik izango. Halaber, elitean talde bat edukitzeak zentzuz hornitzen du oinarriko jarduna. Piramidearen atal guztiak guztiz lerrokatuta daude gaur egun, eta sasoi honetan, harrobiko beste hiru jokalari iritsi dira gorenera: Pablo Ibañez, Diego Moreno eta Iker Muñoz. Orain arte 26 jokalari erabili ditu txapelketa guztietan Jagoba Arrasatek, eta horietatik 11 Taxoaren zaildu dira.

Osasunako haztegiaren barrunbeak inor gutxik bezala ezagutzen ditu Patxi Puñalek (Uharte, Nafarroa, 1975). Mito gorritxoa Taxoaren egin zen futbolari, eta bertan zuzendari tekniko gisa dihardu gaur egun. «Harrotasuna» eragiten dio etxeko gazteen ekarpenak. «Harrobiaren aldetik bultzada handia ari gara jasotzen sasoi honetan. Debuta egiteko aukera eman zaie bigarren taldeko hiru jokalariri, eta denek ondo erantzun dute. Bestalde, Aimar Orozek aurrerapauso handia eman du. Oinarrian egiten ari garen lanketaren isla da».

Jagoba Arrasatek bosgarren denboraldia du Iruñean, eta tarte horretan, bigarren taldeko hamazazpi jokalariri eman die gorenera jauzi egiteko abagunea. Teknikaria bat dator klubaren filosofiarekin, Puñalek goratu duenez. «Argi du etxeko jokalariz osaturiko nukleo gogor bat behar duela lehen taldeak, eta, beharrezkoa bada, bitan pentsatu gabe ematen die aukera gazteei». Dena den, ontze prozesuak errespetatu nahi izaten ditu Arrasatek. «Funtsezkoa da gazteekin patxada izatea. Ez goaz inora prozesuak azkartu eta jendea ez bada prest iristen. Aimar ez dakit lehenago prest zegokeen; baina orain, badago». Azpiko mailetako partida asko ikusten ditu teknikari gorritxoak. «Klubean gertatzen den guztia kontrolatu nahi du, eta itzela da harekin lan egitea», aitortu du Puñalek.

Oso jokalari fidagarriak irteten dira Taxoaretik. Diego Moreno eta Iker Muñoz adabaki gisa erabili behar izan ditu Arrasatek, lesioen ondorioz, eta biek ere bikain ihardetsi dute. «Gazteak prest iristen dira lehiakortasun eta kontzeptu aldetik», esan du Puñalek. Metodoa da sekretua. «Jokalari bakoitzaren neurrira egindako formakuntza eskaintzen saiatzen ari gara azken urteetan. Taldearen batasunak garrantzi handia du Osasunan, baina gora jokalariak iristen dira, ez taldeak». Saio espezifikoak egiten dira postu bakoitzerako; batzuetan, lehen taldeko jokalariekin. «Gazteentzat gauza handia da azalpenak eta zuzenketak Chimyk, Budimirrek edo dena delakoak egitea. Asko ikasten dute».

Beste gakoetako bat formakuntza prozesua faseka egituratzea da. «Hasieran eredu formatiboan jartzen dugu arreta. Oinarrizko kontzeptuak lantzen ditugu. Hazi ahala, gure jokamolde propioa barnera dezaten saiatzen gara». «Formakuntza integrala» eskaintzen saiatzen dira. «Aintzat hartzen ditugu, besteak beste, dimentsio soziala, psikologikoa, emozionala eta akademikoa, jokalariak oztopoak gainditzeko gai izan daitezen». Eskura jartzen dizkiete psikologoak, orientatzaileak eta errefortzu irakasleak. «Diruz ezin gaitezke beste talde batzuekin lehiatu. Hortaz, jokalariek gure harrobian jokatu nahi izateko, onenak izan behar dugu formakuntzaren esparruan».

Hortaz, tentu handiz ereiten dituzte haziak, eta kimu berriak etenik gabe ernatzen dira. Joan dira Oier Sanjurjo eta Roberto Torres, baina hemen dira David Garcia, Jon Moncayola, Unai Garcia eta Kike Barja, eta haien atzetik badatoz gazteak. «Kapitainek utzitako hutsunea oso handia izaten da, baina etxekoak haiengandik ikasiz joaten dira, eta aurrerapausoa ematen dute beti». Gorputz eta arima ariko dira gaur, Osasunak Real Madril hartuko baitu Sadarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.