Iaz, Iñigo Iglesias Bravo pilotuak (Errenteria, Gipuzkoa, 2002) atzera egitea erabaki zuen, erosotasunetik aldentzea. Supersport 300 mailako Munduko Txapelketan hiru denboraldiz aritua zen, guztiak Italiako talde batean: «Asko ikasi nuen, baina oraindik asko neukan ikasteko». Horregatik, RT Motorsport Alemaniako taldeak IDM Alemaniako Txapelketan parte hartzeko aukera proposatu zionean, baiezkoa esan zuen. «Inguruko jendeak esan zidan hanka sartu nuela, agian ez zela aukera egokiena. Baina taldean jende ona zegoela ikusi nuen, potentzial handia zuela». Erabaki ona izan zela erakutsi du Iglesiasek: Alemaniako Txapelketa irabazi zuen —hamabi podium egin zituen, hamalau lasterketatan— eta Alemaniako taldearekin Munduko Txapelketara «jauzi» egiteko aukera izan du aurten: «Askoz gusturago nago, motorra ere hobea da, eta emaitzetan islatzen ari da hori».
Izan ere, txapelketako sailkapenean lehen postuan da errenteriarra. Hilaren 16an eskuratu zuen lidergoa, Emilia Romagnako lasterketan (Italia). Txapelketako hirugarren proba izan zen Misanoko Marco Simoncelli zirkuituan egindakoa. Aurretik, Bartzelonan eta Assenen (Herbehereak) aritu zen. Proba bakoitzean bi lasterketa egiten dituzte; beraz, sei egin dituzte oraingoz. Horietatik bitan garaipena lortu du, eta beste bi aldiz hirugarren izan da. Horrela, sailkapen nagusiko lehen postuan dago. Atzetik, hamabi puntura du Aldi Satya Mahendra indonesiarra; eta 35era Daniel Mogeda kataluniarra. Bost asteburu eta hamar lasterketa falta zaizkio txapelketa amaitzeko. Uztailaren 20an eta 21ean izango ditu hurrengo lasterketak, Txekiako Errepublikan.
Supersport 300 kategoria SBK Superbike txapelketako hirugarren maila da, zilindrada baxuenekoa: 300 eta 400 zentimetro kubiko arteko motorrekin aritzen dira. MotoGP txapelketarekin alderatuz, Moto3 mailaren antzerakoa litzateke. Superbike eta MotoGPren arteko desberdintasun nagusia da Superbike txapelketako motoak merkatuan edonork eros ditzakeela —lasterketetarako zenbait moldaketa egiten dizkiete—. MotoGPn erabiltzen dituztenak, ostera, beren-beregi lasterketetarako eginak dira.
Iglesiasek badaki MotoGPk «beti» izango duela oihartzun handiagoa Superbike txapelketak baino; «1 Formulak turismoen kopa batek baino oihartzun handiagoa izango duen moduan». Halere, beste herrialde batzuetan Euskal Herrian baino gehiago erreparatzen diotela baieztatu du: «Hemen, gehienek Moto GP baino ez dute ikusten eta soilik maila nagusia; Moto2 edota Moto3 ere ez. Alemanian, Herbehereetan edo Txekiako Errepublikan, ordea, mundu guztiak erreparatzen die Moto GPko eta Superbiketako kategoria denei».
«Bolada zailak iristen direnean desberdintzen dira pilotu azkarrak eta irabazleak. Irabazlea egokitu egingo da; azkarra, aldiz, ez».
IÑIGO IGLESIASSupersport 300 mailako pilotua
Errenteriarra 11 urterekin hasi zen motor gainean: «Kasualitatea izan zen. Nire osabari motor bat tokatu zitzaion tonbola batean, eta harekin hasi nintzen». Gerora ekin zion lasterketetan parte hartzeari, eta 2018an, Valentziara (Herrialde Katalanak) joan zen bizitzera, goi errendimenduko zentro batera. 2020an egin zuen debuta Munduko Txapelketan.
Orain Euskal Herrian badago ere, Valentziara itzultzeko asmoa du. «Iazko denboraldi amaieran lotailua hautsi nuen. Horregatik, Donostiako zentro batean hasi nintzen errehabilitazioa egiten, eta orain hemen bizi naiz. Belauna indartzeko entrenamenduak ari naiz egiten moto gainekoak baino gehiago». Izan ere, Errenteria ingurua ez da motorrean entrenatzeko lekurik egokiena: «Oso harro nago jaio nintzen tokian jaiotzeaz, baina euri asko egiten du, eta entrenatzeko azpiegitura egokirik ere ez dago. Ondo egongo litzateke zirkuituren bat eraikitzea». Halere, Loiolan eta Adunan (Gipuzkoa) entrenamenduak egiten dituen motoziklismo eskola bat dagoela esan du, eta «lan ona» egiten ari direla dio.
Iglesiasen ustez, aurrera egin ahal izateko ezinbestekoa da «konfort eremutik ateratzea»: «Guztia ondo doanean, helburu berriak aurkitzen saiatzen naiz». Horregatik joan zen iaz Alemaniara, eta, orain, helburu argia du: «Munduko txapeldun izaten saiatu nahi dut». Halere, ez du ilusio handirik egin nahi: «Edozer gerta liteke. Esaterako, nire taldekidea hirugarren zihoan txapelketan; bada, aurrekoan erori, eta tibia hautsi zuen». Momentu txarretan indartsu izatea da gakoa, haren ustez: «Bolada zailak iristen direnean desberdintzen dira pilotu azkarrak eta irabazleak. Irabazlea egokitu egingo da; azkarra, aldiz, ez. Horra iritsi nahian nabil, txapeldun baten mentalitatea eduki nahian».