OSASUNA 1-0 ALMERIA

Eroso, baina apaindurarik gabe

Osasunak irabazi egin dio Almeriari urteko lehen partidan, Budimirrek sartutako gol bati esker. Lehen zatian aurrea hartu, eta aldea kudeatzera mugatu da gero; ez du sufritu. Nafarrak 22 punturekin iritsiko dira lanen erdietara.

ANTE BUDIMIR.
Ante Budimir, gola ospatzen. JESUS DIGES / EFE
enaut agirrebengoa
2024ko urtarrilaren 4a
20:50
Entzun

Oker zaharrak zuzenduz ekin dio urte berriari Osasunak. Golak erruz sartu dizkiote orain arte, eta etxean oso tantaka irabazi ditu partidak. Bada, gaur gailendu egin zaio Sadarren Almeriari; nola, eta atea hutsean utzita. Egiazki, zerikusia izan du horretan aurkariaren ezintasunak. Sailkapenean hondoa jota dago Almeria, eta erraztasun handiak eman dizkio Osasunari. Gorritxoak ez dira distiratsu aritu, baina beharrik ere ez dute izan Gaizka Garitanoren taldea mendean hartzeko. Budimirrek sartu du neurketako gol bakarra, lehen zatian. Goserik ez du izan Osasunak aldea handitzeko. Era berean, sufritu gabe eutsi dio markagailuari. Eginbeharrak egin ditu, besterik ez. 

Irabazi beharreko partida zen Nafarroako taldearentzat: batetik, Mallorcan oso irudi kezkagarria eman zuelako; bestetik, jaitsiera postuak hurbilago zekuskielako; eta batez ere, aurrean ligako talderik ahulena zuelako. Almeriak are premia larriagoa zuen, eta bi taldeek bizi ekin diote neurketari. Kanpokoek eraso azkarrak baliatu dituzte Osasunaren areara hurbiltzeko, eta hasi orduko aukera ona izan dute, Sergio Herrerak pasean kale egin ondoren. Berehala iritsi da etxekoen arrapostua, Chimy Avilaren bitartez: erremate akrobatikoa egin du area barruan, eta langa gainetik igaro da. Hortik gutxira zelaia utzi behar izan du argentinarrak, min hartuta. 

Hogeigarren minutua beteta, aukerak kateatzen hasi da Osasuna. Catena aurrelariz mozorrotu da, eta birritan izan da lehen gola sartzear. Aurkariaren area, ordea, Budimirren eremua da. Jokaldi nahasi baten ondotik, kroaziarra bakarrik gelditu da ate aurrean. Begirada bat aski izan zaio baloia non ipini nahi zuen erabakitzeko. Non begia, han jaurtiketa. 28. minutua zen, eta merezitako saria jaso dute gorritxoek. Ez ziren jokoa askorik lantzen ari, baina nahiko erraz sortu dute arriskua. Golak patxada eman die; Almeria, ordea, etsiak jota gelditu da. Ez du altxatzeko ia imintziorik ere egin. 

Arnaizek gertu izan du 2-0koa atsedenaren aurretik. Neurketaren bukaeran ere beste aukera on bat izan du, baina ezin izan du baloia zutoin artera bideratu. Osasunak ez du abagune gehiagorik izan markagailuko aldea handitzeko. Erritmoa moteldu diote partidari, eta ontzat eman dute emaitza. Apustu arriskutsua izan da; Almeriaren bat-bateko oldarraldi batek garaipenik gabe utzi zitzakeen. Alabaina, Garitanorenak ez dira ia saiatu ere egin; erdiraketa bakanen bat, eta gutxi gehiago. Hala, garaipen eroso bezain murritza lortu dute gorritxoek. 22 punturekin finitu dute lehen itzulia. Orain, gogoz dira Kopari eta Superkopari heltzeko.  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.