Erori, zutitu, eta jauzi egin

Min hartuta egotea zaila izaten da kirolarientzat, baina soleoan izandako lesioa atzean utzita, sasoiko itzuli da Teresa Errandonea hamar hilabeteren ostean.

Teresa Errandonea atleta Donostiako belodromoan. Bertan entrenatzen da eguraldi txarra dagoenean. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
Beñat Mujika Telleria.
2023ko otsailaren 1a
00:00
Entzun
Ia urtebete lehiatu gabe egon ostean, bueltan da Teresa Errandonea (Irun, Gipuzkoa, 1994). Maiatzean hartu zuen min muskulu soleoan, eta joan den urteko martxotik zeraman lehiatu gabe. Urte berriaren hasierarekin batera hasi da lehian, eta marka onak lortu ditu. «Pozik» dago orain arte egindakoarekin, baina helburu handiak ditu aurretik.

Hamar hilabete eta hainbat buruhausteren ostean itzuli da irundarra. Tokioko Olinpiar Jokoetan izan zen 2021ean, baina tibian estresak eragindako haustura bat zeukan ordurako. Tokiorako sailkapena itxi baino hilabete lehenago eman zioten lesioaren berri, eta lehiatzen jarraitu zuenez, hainbat arazo eragin zizkion. Gorabehera asko izan zituen gorputzaren ezkerraldean. Haustura eskuineko hankan izan zen, eta konpentsazio txar baten ondorioz, soleoa hautsi zuen azkenean. Alde batetik, adierazi du «espero zitekeen» lesio bat izan zela, baina, bestetik, korrika egitea eragotzi zion gihar bat hautsi zuen, eta horrek penatu zuen. «Lehenengo asteetan makuluekin ibili nintzen, ezer egin ezinik. Ramonek [Cid], nire entrenatzaileak, esaten zidan pistara joateko eta hainbat gauza entrenatzeko ohitura ez genuela galduko, baina ni pistara iristen nintzen, eta ezin nuen ezer egin», aitortu du.

Hainbat txapelketatan parte hartu ezinik gelditu zen lesioaren ondorioz, eta ez nolanahikoak gainera. Galdu zituen txapelketa esanguratsuenak Eugeneko (Ameriketako Estatu Batuak) Munduko Txapelketa eta Municheko (Alemania) Europako Txapelketa izan ziren. «Pena handia» izan zuela onartu du Errandoneak, baina zituen indarrak lesioaren osatze prozesuanjartzeko hautua egin zuen atletak: «Hori zen garrantzitsuena une hartan».

Ohiko denboraldi batean egin ezin dituen gauzak egiteko baliatu zuen denbora hori, batez ere udan lagunekin egoteko. Horrekin asko gozatu zuela azpimarratu du Errandoneak. Baina, hala ere, «luzea eta gogorra» egin zitzaion osatzeko bidea: «Normalean egin ezin dituzun gauzak dira, baina gustuko duzun kirola egin ezin duzula ikusteak eta lagunak txapelketetan ikusteak ez dizu disfrutatzen uzten». Korrika egiten hasi zenean, ordea, uztail aldera, errazagoa egin zitzaion egunerokoa. Irailerako bete-betean hasi zen entrenatzen, eta geroztik bere burua «oso ondo» ikusten duela dio:«Bai fisikoki, eta bai mentalki ere».

Soleoan izandako lesioaren ondorioz, entrenamenduak pixka bat egokitu behar izan zituen. Entrenatzen hasi zenean «lata pixka bat» eman zion lesioak, baina entrenamenduen egokitzapenekin «normaltasunez» aritu ahal izan zen, eta gaur egun ez dio arazorik ematen. Gainera, lesioaren ondorioz, psikologoarenera joaten hasi zen. Ordura arte egiten ez zuen zerbait zen, baina, hilabete gutxi daramatzan arren, lehenengo fruituak jaso dituen sentsazioa dauka: «Argi daukat hobekuntza bat izan dela, eta oso ondo eramaten ari naiz».

Urtarrilaren 7an hasi zuen denboraldia Errandoneak, Zizur Nagusian (Nafarroa). Han 7.48an egin zituen 60 metro lauak. Hala, proba horretan bere inoizko markarik onena berdintzea lortu zuen. Horrekin nahikoa ez, eta handik astebetera, hilaren 14an, Malagan (Espainia), 60 metro hesidunetan lehiatu zen bi lasterketatan, 8.18 eta 8.13 markak egin zituen. Haren esanetan, bere ibilbideko «sasoi hasierarik onena» egitea lortu du: «Gogor entrenatzearen eta neure burua zaintzearen emaitza da, dudarik gabe. Oso marka ona da hasteko, eta uste dut aurten gauzak atera daitezkeela».

Orain arte lortutakoarekin pozik dagoela dioen arren, ez dauka atseden hartzeko betarik, eta, Cidekin batera, hasiak dira egindakoa aztertzen. Lesioaren ondoren, entrenatzaileak «bereziki ondo» ikusten du arlo teknikoan: «Kontuan hartu udan denbora luzez egon naizela hesirik saltatu gabe, eta entrenamendu gutxiago egin ditudala!», esan du barre artean. Hala ere, ikusi dute non egon daitekeen atleta irundarraren hobekuntza: «Entrenamenduak pilatzea eta korrika gehiago egitea falta zait. Onenen arteko aldea tarte lauan dago, hesiaren eta hesiaren arteko tartean, alegia. Lasterketaren zati horretan lagunduko didaten alderdiak entrenatzen jarraitu behar dut», onartu du Errandoneak.

Maleta eta helburuak, prest

Sasoia hasi berri da, baina lehiaketa gehienak eta helburuak finkatuak ditu jada. Iragan asteburuan Sabadellen (Herrialde Katalanak) aritu zen, 60 metro hesidunetan. Espainia kanpoko atleta batzuk ere lehiatu ziren bertan. Onenen ondoan lehiatzeko «gogotsu»zegoen Errandonea, eta, azkenean, bigarren egin zuen. 8.14ko denbora egin zuen,lehen sailkatuarekin berdinduta. Hala ere, Sabadell atzean utzi, eta ez du ia maleta desegiteko astirik ere izango. Etzitik otsailaren 9ra bitarte Frantzian arituko baita; Val de Reuilen lehenengo, etaMondevillen ondoren: «World Indoor Tourreko zilarrezko saioak dira biak, lasterketa garrantzitsuak. Gainera, Budapesten jokatuko den Munduko Kopan egoteko puntuak lortzeko lagunduko didate».

Budapesten egotea du helburu nagusietako bat, baina ez bakarra. Bidean beste zenbait helbururengatik lehian arituko da Irungo atleta. Epe motzera begiratuta, Istanbulen jokatuko den Europako Txapelketarako sailkatu nahi du, eta Espainiako txapeldun ere izan nahi du 60 metro hesidunetan, 2013an, 2020an eta 2021ean egin zuen bezala. Hilabete honetan jokatu da txapelketa Madrilen. Gainera, bere marka pertsonala hobetu nahi du pista estalian; hau da, 8 segundoko markatik jaistea.

Epe luzera ere ametsak egia bihurtu nahi ditu. Budapesten egoteaz gain, ekainean jokatuko den Europako Nazioen Kopan lehiatu nahi du. 100 metro hesidunetan, berriz, Espainiako Txapeldun izatea du helburu. 2019an eta 2021ean lortutakoa berdintzea litzateke hori lortzea, eta, nola ez, marka pertsonala hobetzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.