Aitor Zubietari (Etxarri Aranatz, Nafarroa, 1984) gaur egingo dioteagurra, Labriten, hamahiru urteko ibilbide luzearen ondoren. Urtebete pasa eman du partidarik jokatu gabe. Hala ere, jendeak maitasuna une oro adierazi dio, eta horrek asetzen du etxarriarra.
Omenaldia jasoko duzu gaur, Iruñean; ibilbidea bukatzeko plaza ederra nafar batentzat.
Bai, nire ustez, nafar batentzat egon daitekeen plaza eta egunik onena da, onena. Bikaina. Labriten hasi nintzen, eta Labriten amaituko dut. Gero, bazkaria dugu, gainera, familia eta lagunekin. Ostirala da, eta jendea portatu da: jai hartu dute, eta bazkalostean Iruñean geldituko gara.
Ekainean eman zenuen erretiroaren berri. Nola zaude orain?
Oso ondo. Bakean nago. Karga eta presio handia kendu nuen gainetik. Egia esan, pena handia daukat, oraindik oso gertu dago; partidak ikusten ditut astero, eta pena ikaragarria ematen dit aldiro. Baina, bueno, nire barrua bakean dago behintzat. Oraindik asko ari naiz sentitzen jendearen maitasuna. Prentsaurrekoa eman ondoren jasotako babesa iraultza bat bezalakoa izan zen, eta oraindik jarraitzen du.
Noiz erabaki zenuen erretiroa hartzea?
Azken ebakuntzaren ondoren. Ebakuntza bikoitza egin zidaten. Horren aurretik apurtu nuen belauna Bermeon (Bizkaia). Ez zidaten ebakuntzarik egin nahi, aurretik beste asko nituelako, eta esan zidaten indarberritzeko beste bide batzuekin landuko genuela. Bueltatu nintzen. Irribarriarekin jokatzen hasi nintzen txapelketa, baina, min batek besteari eragin, eta orpazurda, lehendik ere ukitua zegoena, hautsi egin zen, belaunaren eraginez. Orduan bai, bi ebakuntzak egin behar izan zizkidaten. Hor esan zidaten lesioak ez zeukala batere itxura onik.
Hala ere, lau hilabetera berriz hasi nintzen jokatzen. Esan zidaten belaunarekin saiatu behar nuela, mina nabaritu arren. Jokatu nituen hiruzpalau partida, maila txukunean. Baina nik ikusten nuen ezin nuela. Aste barruan ezin nintzen entrenatu nahi nuen bezala, eta ezin nuen bizitza normala egin. San Fermin ondoren, azken probatxo bat egitea erabaki genuen: Ezkurdiarekin jokatu nuen partida bat, Altuna eta Merinoren aurka. Hor segituan konturatu nintzen ezetz, belaunari atseden eman arren ezin nuela. Tratamendu hauek guztiak egiten hasi ginen orduan.
Zenbat ebakuntza dauzkazu, guztira?
Garrantzitsuak, bost; eta txikiak, asko. Belaunetan lau, eta orpazurdakoa.
Eskuetan ere bai?
Ez, eskuetan ez. Baina, tira, lesioak dira, azken finean. Pilotari batek lesio asko izaten ditu. Pilota kirol gogorra da. Ez bada hatz bat, eskua da, belauna, besoa, sorbalda... Ikus dezakezue pilotari denak nola ibiltzen garen.
Nolakoa izan da indarberritze tratamenduen fasea?
Ebakuntza saihesteko tratamenduak ziren, eta hasi aurretik banekien oso zaila zela. Ebakuntzak egin dizkidan medikua egon da beti prozesuaren erdigunean. Dena haren eskuetatik igarotzen zen. Leku guztietan galdetu dugu, txostena leku guztietara bidali... Zer egiten duzu orduan? Bueno: zein da teorian funtzionatu dezakeen tratamendua? Hori aukeratzen duzu. Horrek funtzionatzen ez duenean, gure ustez hain eraginkorra ez zena... Azkenean zer egiten duzu? Aukera guztiak agortzen dituzu, eta bide guztiekin saiatzen zara.
Noiz esan zizun medikuak tratamendu guztiak agortu zirela?
Maiatzaren erdialdera. Agur prentsaurrekoa baino hilabetetxo bat lehenago. Eta azken erabakia hartu, prentsaurrekoa eman baino aste bat lehenago inguru, ekain hasieran. Baina hilabete lehenago inguru arte aurrera egiteko gogoz nengoen.
Hilabete gogorrak izan dira. Nor izan duzu alboan une txarretan?
Etxekoak eta familia. Inguruko guztiek ere laguntzen dute: pilotaren mundu guztiak, prentsako jendeak; eta zaleek, ikaragarri.
Lesioak eragozpen handia izan dira zure ibilbidean. Zenbat denbora egin zenuen lesioen erruz geldirik?
Belaunekin bakarrik, bi urte eta erdi inguru. Eta, eskuekin, beste urtebete pasa. Agian gehiago. Eskuekin denbora asko egon nintzen. Hasieran, batez ere.
Zer irakatsi dizute lesioek?
Erori eta berriz altxatzen. Nire izaera beti izan da oso alaia, eta beti egin izan dut aurrera. Horrelako egoera bat gertatu zaidan bakoitzean egin izan dudana objektiboki ikusten saiatzea izan da. Zer dut? Zer egin nahi dut? Jokatu. Zein da sendabidea? Hori. Neure buruan bide hori ez den beste ezer ez zen sartzen. Beti izan dut argi aurrera egin behar nuela. Ez dut une batez ere amore eman, azken medikuak esan arte tratamenduak agortu zirela. Den-denak. Ordura arte jarraitu dut, jakinda errealitatea zein zen, lanean, egunero %100ean.
Profesional ibilbidearen bukaerara iritsi zaren honetan, zer-nolako balantzea egiten duzu?
Balantze oso ona. Gauza txarrekin ez naiz geratuko. Hor daude, baina niretzat gordeko ditut. Oso pozik nago. Beti egin dudalako ahal izan dudan guztia, eta, alde horretatik, pozik nago.
2004an egin zenuen debuta, zer-nolako oroitzapena duzu?
Debuta urtarrilean izan zen. Bigarren mailako binakako txapelketa. Galarza V.a eta ni, Berraondo eta Eulateren aurka. Debut gogorra izan zen, aurkari zailduekin. Egunaz oroitzen naiz. Goizeko zortzietan azterketa nuen unibertsitatean, eta egun nahiko nahasia izan zen. Gauean, Labritera joan nintzenean... ikaragarria izan zen. Iritsi nintzenean ikusi nuen frontoia lepo beteta zegoela, Etxarriko jende asko zegoen. Oroitzapen oso onak ditut, partida ona jokatu ez nuen arren.
Lesioez gain, une gozoak ere izan dira zure ibilbidean. 2010ean Xalarekin irabazi zenuen txapelketa, esaterako. Orduan al zeunden zure mailarik onenean?
Ez, ez. Nik uste dut une hobeak izan ditudala. Garrantzi handia eman izan diot beti zortzi hilabete edo urtebete ondo egon izan naizenean. Txapel bati baino gehiago. Badakizu zer den egunero lasai-lasai entrenatu ahal izatea? Zure errutina horretan, partidak jokatzen, konfiantzaz, goraka? Tituluak garrantzitsuak dira, baina pilotariaren bizimodu hori da benetan balio duena.
Olaizola II.ak eta Irujok markaturiko garaia izan da zurea. Irujo joan zen, eta, orain, zu; uste duzu belaunaldi horren bukaera gertu dagoela?
Pilotaren aldaketa bizi izan dut.Bi aro bizi izan ditut, eta, egia esan, erabat aldatu da dena. Bi horiek ez baleude, agian beste modu batekoa izango litzateke pilota jokoa: bai buruz buru, bai binaka, dena ezberdina zatekeen. Baina a ze bi pilotarirekin jokatzeko aukera izan dudan urte hauetan guztietan! Aurka gehienetan, baina beti haien inguruan, eta haiei irabazi nahian. Niretzat ohore bat izan da. Olaizolaren kontra ere zenbat partida jokatu ditudan, eta elkarrekin sekula ez. Penatxo hori ere badut, esperientzia hori ez bizi izana, baina, tira, horrela izan da. Garai izugarri bat bizi izan dut, egia esan, eta oso pozik nago horregatik.
Irujo-Zubieta bikote gogorregia zen txapelketarako.
Ez dakit, ez dago ondo hori nik esatea. Ia beti aurka jokatu dugu. Horrela suertatu da. Ni gustura nago izan ditudan bikoteekin. Egia da palmaresera begiratuz gero igartzen dela horiekin jokatzea edo ez. Baina, tira, enpresak beste modu batera ere baloratu nau.
Irujorekin asko hitz egin al duzu azken urte honetan?
Bai, asko hitz egin dut. Urteek konfiantza eman digute, eta lagunak gara. Elkarri gauza asko aipatu eta galdetu dizkiogu.
Belaunaldi handi honek utzi duen zuloa betetzeko moduko gazterik ikusten al duzu?
Bai. Baina ezin alderatu daitezke. Ezberdinak dira. Irujok eta Olaizolak egin dutena ikaragarria izan da. Irujok eragin zuen iraultza... Ez zen haren jokoa bakarrik aldatu, ondoko pilotariengan eta ondorengo belaunaldiengan eragin zuen aldaketa. Ikaragarria izan da. Nahi gabe aldatu du pilotaren mundua. Zaila izango da halakorik errepikatzea. Pilotariak, aldiz? Ikaragarri onak badaude. Altuna fenomeno bat da; Irribarriak ere ahal handia du, ikaragarria; Ezkurdia, Urruti, Artola... Zailduz doazen heinean hobera egingoduten arren, zaila izango da bi horien erregulartasuna eta maila berdintzea.
Zer asmo duzu etorkizunari begira, pilotaren munduan jarraituko duzu? Ikasketak ere badituzu...
Bai. Inguruko pilotariei lagunduko diet. Etxarriko eskolara ere bueltatuko naiz laguntzera; gustuko dudan zerbait da, dohainik egin arren, betetzen nauena. Enpresan ez dut jarraituko, eta ez nuke nahi, gainera. Dudan denboraren arabera lagunduko dut. Beste gauza batzuk ere egingo ditut. Baina ingurukoei, Josebari, Joseri, Adurri... beti egongo naiz laguntzeko prest.
Lanari dagokionez, Ingeniaritza ikasketak egin nituen, eta Matematikako eta Informatikako irakasle izan naiteke bigarren hezkuntzan. Robotika masterra bukatzen ari naiz; gaur goizean buru-belarri aritu naiz proiektuarekin.
Aitor Zubieta. Pilotari ohia
«Erori ondoren altxatzen ikasi dut»
Lesioek oztopatu dute Zubietaren ibilbidea, baina gustura dago hamahiru urtean eginiko lanarekin. Zaleek oraindik asko maite dute, eta, gaur, Labrit beteko dute agur esateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu