Ernesto Valverde: «Titulu honek ez du parekorik»

Athleticeko jokalariak hunkituta eta pozarren azaldu dira Espainiako Kopa irabazi ostean. Sufrituta irabazi dutela onartu dute, eta ospatzeko irrikaz azaldu dira.

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea, Koparekin. jULIO MUÑOZ / EFE
ainara arratibel gascon
Sevilla
2024ko apirilaren 7a
10:25
Entzun

Ernesto Valverde Athleticeko entrenatzailea oso pozik azaldu zen Espainiako Kopa irabazi osteko prentsaurrekoan: «Hau izugarria da. Titulu honek ez du parekorik. Zelaia nola dagoen ikustea besterik ez dago, eta zenbat urte generamatzan titulu honen bila. Azkenean penaltietan izan da, sufrituta, baina merezi izan du. Gauzak bere tokian dauden sentipena daukat».

Hain zuzen ere, lehen zatian sufritu egin zutela onartu zuen teknikariak. «Lehen zatiko erdialdera arte min egin digute baloi luzeekin, jokalari trebeak baitituzte buruz buruko jokaldietan. Baina pixkanaka jokoari neurria hartuz joan gara. Bigarren zatian aurrera egin dugu, eta berdindu ostean aukera izan dugu beste golen bat sartzeko. Baina ez da posible izan, eta, esan bezala, penaltietan izan da. Uste osoa genuen Julenengan, eta jokalariekin hitz eginda genuen penaltiak egonez gero ziurtasunez jaurti behar zituztela. Hala egin dute». 

Julen Agirrezabalak onartu zuen «sufritutako garaipena» izan zela.«Bagenekien ez zela partida erraza izango. Talde gogorra da, eta golak min egin digu. Baina taldeak ondo erantzun du, eta berrogei urteren ostean Kopa Bilbora eramatea gauza handia da guretzat. Ospatzeko momentua da, egun politak ditugu aurretik». Garaipena «etxekoei, familiari eta zaleei» eskaini zien. 

Dani Vivianentzat «zoragarria» izan zen lortutakoa. «Taldeak izugarrizko lana egin du hau lortzeko, eta, azkenean, iritsi da», eta batez ere pozik azaldu zen Julen Agirrezabalak penaltietako bat geratu zuelako. «Sekulako taldekidea da, eta oso harreman ona dut harekin. Merezi du». Osteguneko ospakizunari begira gogotsu azaldu zen. «Ez dut imajinatzen zer izango den Bilbo. Baina ordura arteko une bakoitza ere gozatu nahi dut, handia izan baita lortu duguna».

Titulua jasotzeko ohorea Iker Muniainek eduki zuen. Hunkituta, eta Kopa eskuetan, kapitainak onartu zuen «zama handi bat» kendu zutela gainetik. «Nire kasuan, hainbeste final galdu eta gero handia da hau bizitzea. Amestutako zerbait zen, eta iritsi da». Galdutako final horietan taldekide izan zituenak eduki zituen gogoan. «Haiekin futbolaren alderik gogorrena bizitzea egokitu zitzaidan, eta, zorionez, gaur alde ona bizitzea egokitu zaigu. Haiena ere bada hau». Ospatzeko gogoz zegoen. «Batez ere seme-alabekin. Haiek dira nire indarra».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.