Euskal Herriko Itzulia

Erlojupekoaren ideologoa

Txirrindularitzazale amorratua da Pablo Azkona Lodosako alkatea, eta hark iradoki zien antolatzaileei gaurko etaparen ibilbidea. Haizeak gogor jo dezakeela ohartarazi du.

Imanol Magro Eizmendi.
2018ko apirilaren 5a
00:00
Entzun
Itzuliko berritasun handiena da gaur Lodosan (Nafarroa) jokatuko den erlojupekoa. Azken urteetako joera aldatu duen etapa da. Hemeretzi kilometroko erlojupeko laua da, espezialistentzat egokia. Baina laua izateak ez du esan nahi zailtasunik ez duenik. «Apirilean Ebro ibarrean beti jotzen du haizeak. Lodosan bi haize mota ditugu: iparraldetik jotzen duenean, ziertzoa, eta hegoaldetik jotzen duenean. Lanak asko zaildu ditzake haizeak». Luxuzko azalpena Pablo Azkona Lodosako alkatearena da (Lodosa, Nafarroa, 1980), Aralar alderdikoa, eta txirrindularitzazale amorratua.

Erlojupekoaren ideia iaz jaio zen, Itzulia Sarrigurenera (Nafarroa) iritsi zenean. «Antolatzaileek eta guk han egin genuen topo. Lehen unetik hitz egin genuen erlojupeko bat antolatzeaz. Guk hori nahi genuen: etapa ia osorik Lodosan jokatzea». Alkatearen eragina, baina, haratago joan zen. «Niri bizikletan irtetea gustatzen zait, eta nik egin nuen ibilbidea. GPSko datuak bidali nizkien, antolatzaileei, profil eta luzerarekin. Asko gustatu zitzaien, eta horrela egitea erabaki genuen». Sartagudako Udalarekin harreman ona du Lodosakoak, eta haraino joatea adostu zuten. «Herri erditik pasatzea nahi zuten, Memoriaren Parkea gurutzatzeko. Harako bidean soroak ikus daitezke, ureztatzeko ubideak... Lodosako paisaiako ezaugarri nagusiak dira».

Erlojupekoa Ebroko ibarretik doa Sartagudara, eta bestetik itzultzen da. «Lodosak 5.000 biztanle ditu, eta horrelako proba bat bertan jokatzea gauza handia da gurea bezalako herri batentzat. Jendeak futbola hobeto ezagutzen du txirrindularitza baino, eta guk esaten diegu hau Txapeldunen Ligako partida bat hartzea bezala dela».

World Tour mailako proba baten etapa bat erakartzea, baina, ez da merkea. Azkonak ez du prezioa ezkutatu: «60.000 euro dira». Baina finantzaketa ez du bere osotasunean hartu udalak. «%90 baino gehiago Nafarroako Gobernuaren eta inguruko enpresarien laguntzarekin ordaindu dugu».

Urteak ziren Itzuliko etapa bat ez zela hain hegoaldean jokatzen. Erriberarekin zor historikoa zeukan. «Antolatzaileei eskatzen zutena eskaini diegu. Kontrapuntu bat gara, ibilbide gorabeheratsu klasikoen aurkakoa. Aberasgarria da hona jaistea». Hurrengo urteko ibilbidea zehazteke dago, baina bi urtez jarraian Itzulia indarrez sartu da Nafarroan. Hurrengo pausoak Ipar Euskal Herrira iristea izan beharko luke. Erakundeak hasi dira pauso hori emateko iradokitzen antolatzaileei.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.