Garai bateko txirrindulariekin indarrak neurtzea da orduko marka ontzen saiatzearen gauzarik erakargarriena». Lehen eta orain, 60 minutu zeuzkalako eta dauzkalako ordu batek; 3.600 segundo denera. Epaile bakarra erlojua denean, geratu egiten da denbora. «Gustatuko zitzaidakeen Eddy Merckxekin klasikoetan edo erlojupekoetan lehiatzea, baina ezinezkoa da hori». Pena horrekin etsi beharko du Fabian Cancellarak (Trek), lau aldiz erlojupeko munduko txapeldun izan den txirrindulariak.
Baina erronka batek jar dezake suitzarra Merckx handiaren parean. Belodromoa eta erlojua epaile bakar direla, iragana eta oraina parez pare. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) zehaztutako arau zorrotzekin, hori bai. UCIk utzi du Cancellara —eta beste asko—, oraingoz, orduko markaren erronkatik kanpo, baina, ondo bidean, denbora kontua izango da dena. Laster izango dira aurrez aurre Merckx eta Cancellara; Moser eta Cancellara; Boardman eta Cancellara... Garaiak garai, ordulari berberari begira den-denak.
Henri Desgrange frantziarrak 1893ko maiatzaren 11n Parisko belodromoan ordubetean 35,325 kilometro egin zituenetik, minutuari segundoak jateko erronka izan dute txirrindulari askok. Ez da Tourra, ez da Giroa, ezta Vuelta edo harbideetako klasiko handi bat ere. Baina, urte askoan, Euskal Herrian ere izan zen erronka horri bete-betean heldu zion txirrindulari handi bat: Miguel Indurain. Graeme Obree eskoziarrak 52,713 kilometro egin eta lau hilabete eskasera, Bordeleko belodromoan jarri zuen hitzordua nafarrak. 1994ko irailaren 2a zen. Ezpata izeneko bizikleta moderno-modernoarekin, atarrabiarrak 53,040 kilometroraino igo zuen orduko marka. Hilabete askoko laborategiko lana egon zen ondutako segundo bakoitzaren atzean. Prestaketa fisikoa, teknologikoa, psikologikoa...
Nafarra ez da atzera begiratu zalea, eta ezezkoa eman dio orain hogei urteko balentria biziberritzeko proposamenari. «Iraganeko kontuak dira horiek». Baina erronka gisa hartu zituen atarrabiarrak orain hogei urteko ahaleginak. «Ez da Tourraren edo beste lasterketa batzuen parekoa; proba horiek hor daude, zain, eta joan egin beharra daukazu bertara. Nahi dudalako saiatuko naiz orain orduko marka ontzen». Bere garaian UCIren arau aldaketek urrundu zituzten puntako txirrindulariak orduko marka ontzeko erronkatik, baina, aurten bertan arautegia ondo zehaztuta, indartzeko joera har dezake, berriz ere, diziplina horrek. Bere momentuaren zain dago Cancellara, 2015a aipatu du Bradley Wigginsek... Berezkoa eta teknologia beti parez pare.
Boardmanek, 56 kilometro
Coppi, Anquetil, Merckx, Moser, Boardman, Indurain, Rominger... Baina zein da, egun, orduko markaren jabea? Inor gutxik emango du izena zuzen: Ondrej Sosenka. 2005eko uztailaren 19an, Moskun, ordubetean 49 kilometro eta 700 metro egin zituen txekiarrak. UCIk, ordurako, baliorik gabe utzita zeuzkan 1984az geroztik lortutako marka guztiak; hasi Francesco Moserrek 1984ko urtarrilaren 19an Mexikon lortu zuenarekin (50,808 km), eta amaitu Chris Boardmanek 1996ko irailaren 7an Manchesterren lortu zuenarekin (56,375 km).
Berezkoa eta teknologia parez pare, eta erlojua epaile. Orratzik gabe. Hogei urte joan dira Indurainek Ezpata-rekin balentria egin zuenetik. Azken urteotan ia erabat baretu dira orduko marka ontzeko erronkak, baina, erdi ezkutuan, izkina batetik keinuka, iragana orainarekin lotzeko aukera eskaintzen jarraituko du belodromoko orratz jokoak.
Erlojuari orratzak kenduta
Gaur 20 urte bete dira Miguel Indurainek Bordeleko belodromoan orduko marka ondu zuenetik: 53,040 kilometro. Txirrindularitzaren Nazioarteko Batasunak (UCI) muga jarri zion, ordea, teknologiari, eta Ondrej Sosenkarena da, egun, baleko markarik onena: 49,700 kilometro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu