Iñaki Osa Goikoetxeak txapela jantzi gabe esan dio agur bere kirol ibilbideari. Winter Series txapelketako finala jokatu dute gaur Gernikan (Bizkaia), eta Aritz Erkiagak eta Ion Ibarluzeak mendean hartu dituzte Goikoetxea eta Unai Lekerika bi setetan (11-15 eta 6-15). 43 urteko zumaiarraren kirol ibilbide loriatsuko azken partida izan da, eta beste behin pilotalekua bete duten zaleen aitortza jaso du.
Partidari dagokionez, lehen seta oso lehiatua izan da, eta Erkiaga-Ibarluzeak ezin izan dute hautsi lehen etenaldira arte (7-8). Hurrengo tantoetan asko asmatu du Erkiagak; bost tantoren aldea ere izan dute.
Bestelakoa izan da bigarren seta: hasieratik hartu dute aurrea irabazleek, eta huts ugari egin dituzte Goikoetxea-Lekerikak. Berehala hartu dute abantaila (2-8), eta ezin izan dute joera apurtu.
Ikusi gehiago