Aritz Erkiagak mirari itxurako garaipena lortu zuen atzo, Munduko Pilota Batzordeak antolaturiko buruz buruko zesta-punta txapelketako finalean. 30-27 irabazi zion Mikel Egigureni Bilboko Club Deportivo pilotalekuan, eta aurrenekoz lortu zuen txapela. Galtzailea, berriz, hirugarrenez izan zen txapeldunorde. Galtzailea bai, aurkariak irabazi bainoago, berak galdu zuelako partida. 26-14 irabazten joan arren, ez zuen lanak bukatzen amaitu.
Finalak hiru zati oso ezberdin izan zituen. Aurrenekoa, orekatua. Bi aurrelariek ondo ekin zioten partidari eta ikuskizun polita egon zen. Egiguren zen aurretik, baina alde txikiarekin (12-11). Donostiarrak, baina, sakeari esker ireki zuen tartea. Ondo sakatu zuen, eta piloteoan lorturiko abantaila dejadekin min egiteko baliatu zuen. 26-14 aurreratu zen, eta txapelak jabea zuela zirudien.
Erkiagak, baina, ez zuen amore eman. Pilotak berotu eta bizitu egin ziren, eta Egigureni kalte egin zion horrek. Erkiaga, trebeago errebotean, tartea murrizten hasi zen (27-19). Egigurenek bolada moztea eta sake bat lortu zuen, baina ez zuen baliatu. Erkiagak, berriz, bai, eta jarraian egin zituen finaleko azken 11 tantoak. Txapeldunak 16-1eko partzialarekin bukatu zuen partida.
Bilboko finala, gaur
Olaizola II.a-Barriolak eta Xala-Beroiz esku-huskako Bilboko torneoko finala jokatuko dute gaur, Bizkaia pilotalekuan (18:00, Nitro). Bi bikoteak euren finalerdietan nagusitasun irudia emanda sailkatu ziren. Beroizentzat udako laugarren finala da, eta irabazten badu, hirugarren trofeoa.
Bestalde, Asegarcek atzoko jaialdiko hiru partidetatik bi irabazi zituen, eta ardoaren desafioa-n nagusitu zen berriz. Aurrenekoa Aspek irabazi arren, Jaunarenak 22-15 irabazi zion Arretxe II.ari lau t'erdian, Bilboko enpresak buelta eman zion lehiari. Elezkano II.a-Albisuk 22-16 irabazi zieten Titin-Laskuraini, eta Urrutikoetxeak 22-13 irabazi zion Zubietari buruz buru. Nabarmentzekoa, Elezkanok hamabi tanto egin zituela jokoan.
Erkiagak aurkako 26-14koari buelta emanez jantzi du txapela
Aurrenekoz irabazi du buruz burukoa (30-27); Egiguren II.a, berriz, hirugarrenez izan da txapeldunorde
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu