Eritreak ikur berria du

Girmayk garaipen handia lortu du Giroan. Podiumetik ospitalera joan da zuzenean, xanpainaren kortxoak begian jota. Lopez lider da oraindik ere

Eritreak ikur berria du.
enaut agirrebengoa
2022ko maiatzaren 18a
00:00
Entzun
Eritrea txirrindularitzaren mapan ari da kokatzen Biniam Girmay (Intermarche). Martxoan Gent-Wevelgem klasiko entzutetsua irabazi zuen, eta atzo, besoak altxatu zituen Italiako Giroko 10. etapan. Lehen afrikar beltza da itzuli handi batean garaipena lortzen. Oso garaipen baliotsua da bere horretan, eta zer esanik ez, nola eta nori irabazi zion aintzat hartzen bada: Mathieu van der Poel (Alpecin) azpiratu zuen, indar hutsezko esprint estu batean. Herbeheretarra zen etapa irabazteko faborito nagusia, eta, azken estutuan Girmayren parera iritsi izanagatik, amore eman behar izan zuen. Kirol legez onartu zuen aurkariaren nagusitasuna. Alabaina, ospakizuna mikaztu egin zitzaion Girmayri: podiumean xanpain botilaren kortxoak begian jo, eta ospitalera joan behar izan zuen.

Erabat lauak ziren lehen ehun kilometroak, eta hiru laguneko ihesaldia sortu zen hasieran: Alessandro De Marchik (Israel), Lawrence Naesenek (Ag2r) eta Mattia Baisek (Drone Hoper) egin zuten hanka tropeletik. Sei minuturen aldea izan zuten gehienez, eta aldea galduz joan ziren muinoetara hurbildu ahala. Gorabeheratsua zen etaparen bigarren zatia, klasiko itxurakoa, eta tropelaren agintea hartu zuten Intermarche eta Alpecin taldeek. Ihesaldikoei hegoak ebakitzea eta esprinterrak moztuta uztea zuten helburu. Caleb Ewan (Lotto Soudal) berehala gelditu zen atzean, helmuga artean 80 kilometrora zegoela. Aldi berean, eroriko arina izan zuen Richard Carapazek (Ineos). Fite itzuli zen tropelera.

Ihesaldia ez zihoan inora. Behintzat, buruan igaro zen Filottranotik, Michlele Scarponi zenaren herritik. 2017an istripuz hil zen txirrindulariaren argazkiz beteta zeuden eraikinak, eta jendez lepo kaleak. Frankie, Scarponiren loroa ere batu zen omenaldira. Horiek hala, aurreko hirukoteak minutu baten aldea besterik ez zeukan 30 kilometroren faltan. Azken bala erre zuen De Marchik, bakarrik abiatuta. Berandu gabe harrapatu zuen tropelak. Multzo nagusia elkartuta iritsi zen azken koskara, eta han, Ineos arduratu zen erritmoari beste estutu bat emateaz. Alessandro Covik (UAE) egin zuen eraso bakarra. Van der Poel ez zen mugitu. Hautagai guztiak batera iritsi ziren gora.

Maldan behera piztu zen eraso festa, azken zortzi kilometroetan. Vincenzo Nibali (Astana) izan zen soka tenkatzen lehena, baina berehala harrapatu zuten. Oso adi zebilen Intermarche taldea. Girmay, ordea, erratu egin zen bihurgune bat hartzerakoan, eta ia aldi berean, eraso egin zuten Simon Yatesek (Bike Exchange), Davide Formolok (UAE), Giulio Cicconek (Trek) eta Van der Poelek berak. Haatik, taldekideek sua itzaltzen lagundu zioten eritrearrari. Deigarria izan zen Domenico Pozzovivo bizkartzain lanak egiten ikustea, Blockhausen onenen pare aritu ondoren. Van der Poelek soka apurtzeko beste saiakera bat egin zuen hortik gutxira,baina alferrikorduan ere.

Aukera bakarra gelditzen zitzaion, esprinta, eta azkarragoa izan zen Girmay. Bigarren izan zen estreinako etapan, herbeheretarraren atzetik; atzo, berriz, arantza atera zuen. Hirugarren Vincenzo Albanese (Eolo) izan zen. Juanpe Lopezek lider segitzen du (Trek).

Bestalde, atzo jokatu zen ere Durango-Durango klasikoa Bertan, Pauliena Rooijakkers (Canyon) nagusi izan zen, zortzi kilometroren faltan erasoa jo ostean. Demi Vollering (SD Worx) Itzuliko irabazleak erorikoa izan zuen, eta erietxera eraman zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.