Erika Vazquezek (Iruñea, 1983) erretiroa hartuko du aurtengo denboraldia amaitzean. Igandean esango dio agur futbol profesionalari, Athleticek Lezaman Sevillaren aurka jokatu behar duen neurketan. Nafarrak hamazazpi denboraldi eman ditu Lezaman, eta talde zuri-gorriarekin neurketa gehien jokatu dituen jokalaria da. Azken norgehiagokaren faltan 422 daramatza. Denboraldi honetan, otsailaren 9an, ordura arte Eli Ibarrak zuen marka gainditu zuen. 413 neurketa zituen hark jokatuta talde zuri-gorriarekin. Emakumezkoen taldearen goleatzaile nagusia ere bada, 263 golekin. Telmo Zarra baino ez du aurretik talde zuri-gorriaren historian.
Lagunak taldearekin egin zuen debuta Lehen Mailan, 2002-0203 denboraldian. Bi denboraldi geroago iritsi zen Athleticera. Talde zuri-gorria liga txapeldun izan berria zen, eta Iñigo Juaristi entrenatzaileak haren aldeko apustua egin zuen. Txapeldunen Ligako partida batean egin zuen debuta, Newtownabbey Strikers talde irlandarraren aurka. Norgehiagoka horretan jada gola egin zuen Liga irabazi zuen lehen urtean, (2004-2005) baita 2006-2007 denboraldian ere. 2015-2017 denboraldian, bere hirugarren liga titulua eskuratu zuen.
2010-2011 sasoian eten bat egin zuen, eta Bartzelonarako bidea hartu zuen denboraldi batez Espanyolen elastikoa defendatzeko. Urtebete geroago itzuli zen, eta harrezkero erreferentea izan da zuri-gorrien aldagelan. Azken denboraldietan hainbeste jokatu ez duen arren, futbolerako talentu berezia duten jokalari horietakoa izan da, gutxik duten gol senarekin, Elitean hogei denboraldi eman ostean esango du agur. Harekin batera agurtuko da taldeko beste erreferenteetako bat: Vanesa Gimbert.