Erika Vazquez: «Pribilegiatu bat izan naiz»

Aurrelari zuri-gorria «pozik, harro eta asebeteta» utzi du futbola. Lehen egunetik Athletic bere lekua zela sentitu du

Erika Vazquez Athleticeko jokalaria, atzo, Lezaman, agur prentsaurrekoan. MONIKA DEL VALLE / FOKU.
ainara arratibel gascon
Lezama
2022ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Debuteko Athleticen elastikoa alboan, taldekideez inguratuta eta txalo zaparradarekin. Hamazazpi denboraldiren ondoren, halaxe agurtu da Erika Vazquez, Athleticeko ikurretako bat. Emakumezkoen taldean partida gehien jokatu dituen jokalaria—423—, eta Telmo Zarraren atzetik gol gehien sartu dituena talde zuri-gorrian—264—. «Pribilegiatu baten agurra da hau. Urte zoragarriak izan dira».

Agurrak «gogorrak eta zailak» izan arren, «pozik, harro eta asebeteta» doa. «Pozik noa, nahi nuen moduan noalako: elitean, jokatzen, nire taldekide eta zaleen maitasunarekin, une egokian eta ikasten segitzeko eta erronka berriei heltzeko ilusioarekin. Asebeteta ere, beti eman dudalako nire onena; eta, harro, lortuta zenbakiengatik». Futbola «garaipenak eta tituluak baino gehiago» direla nabarmendu zuen. «Pertsonekin, bizi izandako uneekin eta orain arteko ibilbidearekin geratzen naiz».

Iritsi bezain laster Athletic talde «bakarra eta berezia» zela ikusi zuen. «Ez bakarrik duen filosofiarengatik, baita transmititzen dituen balioengatik. Hemen ulertu dut zer diren futbol zelai batean pasioa, ilusioa, poza eta talde izaera izatea; baita ere klub txapeldun batean jokatzeak eskatzen duen exijentzia zer den. Balio horiek nire egin ditut, eta pertsona, futbolari eta profesional moduan hazi naiz».

Hasieratik sentitu zuen Athletic bere lekua zela. «Zaleen babesari, klubaren aldetik jaso dudan tratuari eta izan ditudan taldekide bikainei esker beti izan dut sentipen hori. Badira diruarekin erosten ez diren gauzak. Batzuetan, galtzea irabaztea ere bada. Ez dago maitatua, baloratua eta errespetatua sentitzea bezain gauza ederragorik».

Eskerrak eman zizkien «une erabakigarrietan» beraren alde apustu egin zuten hiru entrenatzaileei. Taldekideentzat hitz hunkigarriak izan zituen. «Eskerrik asko bizi izandako une bakoitzarengatik eta jokalari hobea egitegatik. Elkarrekin menderaezinak ginela sentitu dugu, eta, onenak ez izanda ere, txapeldun izatea lortu dugu».Etxekoentzat eta lagunentzat hauxe mezua: «Batez ere, gurasoak eta amona izan nahi ditut gogoan, maite nauten moduan maitatzeagatik, eta entzuteagatik, aholkatzeagatik eta babesteagatik. Espero dut harro egotea». Zaleen babesa «egunero aktibo eta ilusioz» egoteko «erregaia» izan dira harentzat. «Zaleak eta klubean lan egiten duten jendea dira Athletic handiago egiten dutenak».

Azken hitzak Athleticera iritsi zenetik elastikoan eraman duen zenbakiarentzat izan ziren: hemeretziarentzat. «Banaezinak izan gara, gauza zoragarriak bizi izan ditugu, une zailetan indarra eman dit, eta zailetan oinak lurrean izaten lagundu dit».

Futbola «bizitzeko modu bat» izan da beretzat. «Baloiari eta botei agur esateko eguna da gaur. Baina sekula ez diet agur esangoez Athletici, ezta futbolari ere». Orain atseden hartuko du. «Udaz gozatu nahi dut. Gero ikusiko dut.Baina, esan bezala, erronka berriei heltzeko ilusioz nago».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.