Erdizka geratu da Evenepoel

Flandriarrak ez du irabazi erlojupekoa, ez die alde handirik atera aurkariei, eta ez du maillot gorria berreskuratu. Gannak erakustaldia egin du, eta Kussek lidergoari eutsi dio

Erdizka geratu da Evenepoel.
Julen Etxeberria.
2023ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Igandeko etapa bukatu bezain laster eman zuen bere asmoen berri Remco Evenepoelek: «Orain, nire txanda da», esan zuen SoudalQuick-Step taldeko txirrindulari flandriarrak. Bi egun geroago Valladoliden (Espainia) jokatuko zen 25,8 kilometroko banakako erlojupekoaren inguruan ari zen. Mehatxu itxura zuen. Jumbo Visma taldea Vueltan erakusten ari zen nagusitasuna bukatzeko amorratzen zegoen. Nola? Haren kirol ibilbidean famatu egin diren kolpe horietako bat emanez.

Uste osoa zuen bere buruarengan. Bazuen baikor egoteko arrazoirik, inon ikusgarri moldatzen baldin bada, erlojuaren aurka moldatzen baita. Duela gutxikoa zuen azken erakustaldia: duela hilabete eskas munduko txapeldun izan zenekoa. Hori zuen beste akuilu bat: «Oraingoan, ez dut jantziko gazte onenaren maillota, ezta mendikoa ere; munduko txapeldunaren nire maillota jantziko dut». Motibazioz gainezka zegoen.

Baina erdizka geratu zen atzo. Ez zuen irabazi, ez zien nahi bezainbesteko aldea atera aurkariei, eta ezin izan zuen liderraren maillot gorria berreskuratu. Erlojupekoa amaitu berritan utzitako irudiak ezin hobeto islatzen du Evenepoelen aldartea: ezetz zioen buruarekin behin eta berriro. Etsipenaren eta ezinaren irudia zen.

Filippo Gannak (Ineos) utzi zion garaipena gabe. Italiarra ziztu bizian joan zen bizikleta gainean: batez beste 56 kilometro orduko abiaduran. Evenepoelek urrerik gabe utzi zuen Ganna Munduko Txapelketan, baina atzo, hark zapuztu zituen flandriarraren asmo guztiak. Hamasei segundorengatik hartu zion aurre. Hasi eta buka nagusitu zen italiarra, eta erakustaldia egin zuen.

Irabazi gabe ere, Evenepoel pozik legoke aurkariei aldea aterata, baina hori ere ez zuen lortu. Atzean utzi zituen denak, baina ez hark nahiko lukeen bezain urruti: Primoz Roglic (Jumbo Visma) gerturatu zitzaion gehien, hogei segundora besterik ez. Joao Almeidari (UAE), berriz, 34 segundo atera zizkion; Aleksandr Vlasovi (Bora), 36; Juan Ayusori (UAE), 55; Marc Solerri (UAE), 56; Jonas Vingegaardi (Jumbo Visma), 1.02; Sepp Kussi (Jumbo Visma), 1.13; eta Enric Masi (Movistar), 1.30, besteak beste.

Alde txiki horiek beste ondorio bat izan zuten: Evenepoelek ezin izan zuen lidergoa berreskuratu. Lan zaila zen, baina, erlojupekorako dituen dohain bikainak kontuan hartuta, eskuragarria zirudien. Baina alferrik. Evenepoel ez zen nahi bezain ondo aritu, eta, hori gutxi ez, eta Kussek sekulako lana egin zuen, baita Solerrek ere. Aurretik ditu biak Evenepoelek.

Beraz, Kuss, gutxienez, beste egun batez izango da lider. Oharkabean, Jumbo Vismak beste aukera bat du Vuelta irabazten saiatzeko, estatubatuarra oso ondo moldatzen baita maldan gora. 26 segundo ateratzen dizkio Solerri; 1.09 Evenepoeli; 1.36 Roglici; 2.02 Lenny Martinezi (Groupama); 2.16Almeidari; 2.22 Vingegaardi; 2.25 Ayusori; 2.50 Masi; eta 3.14 Vlasovi. Mikel Landa (Bahrain) dator jarraian, 3.21era.

Gaur, berriro goian

Gaur, goian amaituko da etapa, 11.a, Lerma eta Laguna Negra artekoa (Espainia). Etapak 163,5 kilometro ditu: lehen 145ak lauak dira, eta azkeneko 18,5ak maldan gora. Azken horietan igoko dute Laguna Negra Lehen Mailako gaina. 6,5 kilometro ditu, eta %6,8ko batez besteko pendiza. Azken bi kilometroak dira gogorrenak, %14ko aldapak baitaude. Aukera aproposa dirudi ihesaldiren batek arrakasta izan dezan, edo faboritoren batek erasoa jo dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.