Erdiko epeko inbertsioa

Juan Martinez de Irujok lau t'erdikoa prestatzeko nekea gehitu dio uda bukaera gogorrari. Halere, sinetsita dago sailkatzen bada bere jokoak goraka egingo duela finalerdietako ligaxkan.

Imanol Magro Eizmendi.
2010eko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Nekatuta sumatzen du bere burua. Freskotasunaren bila dabil azken egunetan Juan Martinez de Irujo (Ibero, Nafarroa, 1981), eta ez du aurkitu. Lan saioak, entrenamenduak, gimnasioa... eta ez da inondik ageri. «Agian, beste batzuetan baino nekatuago nago. Prestatzaileak normala dela esaten dit, lan karga handia izan dugula azken egunetan, baina ez dugu probarik egin... Ea nola irteten den». Bi egun ditu lau t'erdikoari ekin aurretik, eta badaki hain epe laburrean ez duela aurkituko. Halere, urrunago begiratuta baikor ageri da. «Sailkatuz gero, finalerdietako ligaxkan hobeto ibiliko naiz, ziur nago». Erdiko epeko inbertsioa da harena: bi aste barru hasiko da lanaren fruituak ematen. Arriskutsua da, Ruiz duelako lehen oztopo, baina azken bi aldietako txapeldunordeak finala begiz jota.

Udak, eta urriak bereziki, ahitu egin dute. Partidek higatu diote indarra. Azken hilabetean zazpi partida jokatu ditu, eta igandero zuriz jantzita zaila da txapelketa bat prestatzeko lan berezia egitea. Entrenamenduak partida ugariekin uztartu ditu, baina ez du dramatizatu nahi. «Egia esan, behetik hasten diren gehienek prestatzeko denbora gutxiago izaten dute. Normalean, egun batzuk gustura hartzen ditut kanpora irten eta prestatzeko, baina aurten ezin izan ditut hartu».

Nekearen iturburua ez dira bakarrik partidak. Azken bi asteetan partiden ondoren bakarrik hartu du atseden. Entrenamenduetako lan karga ere astuna da, baina udazkenean behar-beharrezkoak dira. «Udan ez duzu oinarri fisikoa lantzeko aukerarik, eta orain egin behar da. Oinarria oso garrantzitsua, nekagarria izan arren. Gauzak hala, orain sasoiari eustea da helburua, eta ahal den moduan freskotasunari eustea. Lehen kanporaketa igarotzen badut, hobeto egongo naiz». Lan horretan Aritz Altadillek gidatzen du Irujo, eta palistak ezarritako diziplina jarraitu du azken bi asteotan. «Partida osteko egunetan hartu dut atseden bakarrik. Beste guztietan lan karga handiak izan ditugu. Azken aste honetan, berriz, arinago jardun dut; atzo, korrika saioa egin nuen; gaur, Lizarran, sasoi motz eta bizia, eta bihar, partidaren bezperan, atsedena».

Nekeak zalantzak azaleratzen dizkio; logikoa da. «Nik ere ez dakit zer-nolako sasoian nagoen. Egun batzuetan beste batzuetan baino nekatuagoa nago, eta hastea beti da zaila. Txapelketa luzatu ahala hobera egingo dut; ligaxkan sartuz gero, gainera, arnasa hartzen duzu». Erdiko epean pentsatzeak txapeldunordearen ilusioa hauspotzen du. Beste zantzu on bat: ez du arazo fisikorik. Udan eskuek buruhauste asko eman zizkioten arren, kaiolan arazorik gabe sartuko da. «Are gehiago, takoa jaitsi eta guzti egin dut [udan lau geruza ere erabili zituen]. Ez naiz kexatzen».

Azken bi urteetan kaiolako finalera iritsi da Irujo, eta iragan uztailean nagusitasun handiz irabazi zuen Nafarroako lau t'erdikoa. Nekeak neke, ezinbestekoa da bera faboritoen elkartean sartzea, 2006az geroztik txapela jantzi ez badu ere. Kaiolan deseroso sentitzen dela esan du beti; Iberokoa libre jokatzeko jaioa da, eta lau t'erdikoaren hogei metro eskasak motz gelditzen zaizkio. «Manomanista errazagoa da; lau t'erdia muga handia da jokatzeko garaian. Lau t'erdian ez dago zulorik, eta hemen denek korrika egiten dutenez, askoz zailagoa da zulo horiek aurkitzea. Buruz buru, berriz, pilotakada pare batekin hauts dezakezu, eta tantoak ez dira hain gogorrak. Gainera, orain sakea ere oztopatu digute; nik bortitz eta luze sakatzen nuen, eta pasa falta izateak ez dit inolako mesederik egiten».

Finaletan pentsatu aurretik, baina, Irujok Ruiz du langa, eta sasoiko ikusten du. Lizarrakoa pilotari ona da, eta bi partida irabazita erritmo onean iritsiko da. «Asko jokatzen du, eta presiorik gabe edozeini irabaz diezaioke». Partida Lizarrako Remontivalen jokatuko da, eta, Ruiz bertakoa den arren, Irujok gustura hartu zuen albistea, eta ondo arrazoitu du. «Herri oso pilotazalea da: han jokatzen denean, jendea beti gelditzen da zain pilotalekuan. Gehiago jokatu beharko genuke han».



Berasaluze VIII.ak eta Titin III.ak Iruñean jokatuko dute azkenean

Enpresen Ligak aldatu egin du lau t'erdiko txapelketako final-laurdenetan Titin III.ak eta Berasaluze VIII.ak partida jokatuko duten pilotalekua. Herenegun Zornotzan jokatuko zela zabaldu arren, atzo Iruñeko Labritera aldatu zuten. Eguna bera da, larunbata, eta kantxako sarrerek 30 euro balioko dute. Bi aurrelariek gaur aukeratuko dituzte pilotak (14:00), baita Irujok eta Ruizek ere, Lizarran (11:00); eta Gonzalezek eta Urrutikoetxeak Larraintzarren (17:00).

Bestalde, Albisu eta Cabrerizoren arteko 2. Mailakoaren partidan hilaren 11n jokatuko da, Ataunen, eta ez bihar, herenegun BERRIAn hala zioen arren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.