«Erdibitua dut bihotza»

Realeko harrobian hazi, lehen taldearekin debuta egin, Athleticera joan, eta Mirandesen erretiratu ondoren, derbiak beste begi batzuekin ikusten ditu orain Iñigo Diaz de Zeriok. «Etxean jokatzen duenak» abantaila duela dio

jon eskudero
2016ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Athleticeko zein Realeko zaleentzat ez ezik, Iñigo Diaz De Zerio (Donostia, 1985) bi taldeotako jokalari ohiarentzat ere «berezi» joan da astea. «Derbiaren atarian, beti sentitzen da zerbait ezberdina». Realeko harrobian hazi, 2006an lehen taldearekin debuta egin, gero Athleticetik igaro eta futbol ibilbidea Mirandesen amaitu ondoren, futbola alde batera utzita dauka duela ia bi urte. «Aholkulari enpresa bat sortu genuen, eta lana nahi adina dugu». Hori bai, futbola ere gertutik jarraitzen du. «Realeko bazkidea txikitatik naiz, eta Athleticekoa ere egin nintzen, klubak eman zidan maitasuna eskertzeko asmoz». Dena den, derbia telebistan ikusiko du. «Lagun batzuk joango dira San Mamesera nire bazkide txartelarekin, eta nik familiarekin lasai ederrean ikusiko dut partida».

Partida ikusteko gogotsu dago. Besteak beste, «lehia polita eta interesgarria» izango dela uste baitu. «Denboraldiko momenturik onenean dago Reala. Hori ez dago ukatzerik. Baina San Mamesen puntuak lortzea beti da zaila, eta Athletic ondo dago sasoia hasi zenez geroztik. Beraz, norgehiagoka gogorra izango da». Faborito, hori bai, talde zuri-gorria jotzen du. «Pentsatzen dut etxean jokatzen duenak abantaila duela beti derbietan. Baliteke Athletici faktura pasatzea Europa Ligako partidak, baina dena emango du, eta ikuskizuna eskainiko dute bi taldeek», euskal futbola «aspaldiko osasun onenean» dago.

Osasun onena, hori bai, hiru puntuak irabazten dituenak lortuko duela uste du. «Europaren atarian daude bi taldeak. Athleticentzat oso partida garrantzitsua da, irabaziz gero tarte handia zabalduko lukeelako». Baina Realean ere ez daude amore emateko. «Eusebiorekin bilakaera ona izan du taldeak. Ikusten da beste futbol mota bat egiten duela, lehen baino mesedegarriagoa, eta oraindik ere Europan sartzeko moduan dago». David Moyesen proiektua atzerapausoa izan zela iritzi dio: «Hura iragana da, eta Eusebio taldeari zukua ateratzen ari da. Jokalari bikainak daude Realean zein Athleticen, eta bi entrenatzaileak ere bikainak dira; asko dakite, eta umilak dira».

Zelaian gertutik jarraitu beharreko jokalariak Iñaki Williams zuri-gorria eta Mikel Oiartzabal txuri-urdina izango direla uste du. «Beti ari gara izarrei begira. Badakigu Aduriz zer-nolako jokalari puska den. Izugarri miresten dut. Ni ere aurrelaria nintzen, eta hark egiten duena egitea ia ezinezkoa da. Eta Realean ere Velaren zain gaude beti». Baina uste du gazteak indartsu datozela. «Oiartzabalek harritu egin nau. Oso ona da, eta erne gaztearekin. Zer esanik ez Williamsekin. Zeresan handia emango du».

Ezeren gainetik, ikuskizuna ikusi nahi du donostiarrak zelaian, eta «onenak irabaz dezala. Nik, behintzat, bihotza erdibitua izango dut. Berdinketa sinatuko nuke». Zaleen artean sortuko den giroak emango dio poz handien. «Athleticeko eta Realeko jokalarien arteko harremana bikaina da. Eta hala izaten jarraitu behar du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.